argia.eus
INPRIMATU
HUMANITATEAREN UNE GORENAK
Eisnerin
Aritz Galarraga 2021eko martxoaren 16a

Dokumental –ez bereziki gomendagarri– bat estreinatu dutelako, Dear Werner, jakin dut izen bereko Herzog zinemagileak bidaia bat egin zuela 1974ko neguan, Munichetik Parisera, oinez. Eta bidaia horren joan-etorriak jaso zituela Vom Gehen im Eis liburuan (Izotz gainean ibiltzeaz). Werner Herzogi beste liburu bat ezagutzen nion bakarrik, Eroberung des Nutzlosen (Alferrikakoaren konkista), Koldo Almandozek gomendatuta, Fitzcarraldo pelikularen filmaketa gorabeheratsuaren eguneroko moduko bat dena. Gera gaitezen, ordea, aipatu dokumental –ez bereziki gomendagarri– hori motibatu duenarekin.

Neguan, Munichetik Parisera, oinez. Zergatik, baina? Bada, lagun bat, Lotte Eisner, Eisnerin, hilzorian zegoelako. Eta bera zegoen lekutik hura zetzan lekura oinez joanda, lagunak bizirik segiko lukeela fermuki sinesten zuelako. Berokia, iparrorratza, zakuto minimo bat hartu, eta hogeita bi egunez ibili, euri, kazkabar, elurpean; sarri maparik gabe ere, esnea eta mandarinak oinarrizko elikagai, lo egiteko leiho bat hautsi eta, ale, barrura. Ibiltariaren atzetik goaz gu, Pello Lizarralderen liburuetan barrena bezala, deskribapen puntillistak, detaile bakarreko esaldiak, esaldi bakarreko pasarteak, bataren atzetik hurrengoak. “Inoiz sekula aurretik ez nuen hainbesteko bakardaderik sentitu”. Eta zalantza konstante bat: Eisnerin, nola egongo da? Bizirik jarraituko al du? Aski azkar ari ote naiz aurrera egiten?

Azkenerako, bidaiaren kontakizuna baino, ez ote zaidan interesgarriago egin bidaia martxan jarri duen zioa: hiltzear dagoen laguna bisitatzea. Eta nik norengatik egingo nukeen baino, otu zait nork egingo lukeen nigatik bidaia hori –ez dezala inork inoiz egin, otoi, oso umore txarrez jartzen bainaiz gaixotzean, gizakiaren zaurgarritasuna onartu nahiko ez banu bezala–. Asko lasaitu naiz gaur egunean halakoak bideo-dei baten bitartez konpontzen direla pentsatu dudanean.