El Salvadorreko 2019ko hauteskunde presidentzialak Nayib Bukele-k irabazi zituen lehenengo itzulian botoen %53,1arekin. Presidente berriak 37 urte zituen enpresaria zen, bere publizitate agentzia hamabi urtez aritu zen FMLNren komunikazio eta propaganda kudeatzen eta alderdi horrekin alkate izan zen, 2012tik 2015era Nuevo Cuscatlán herrian eta 2015tik 2018ra San Salvadorren. Ezker erradikaleko politikari gisa aurkezten zen gaztea, hiriburuko alkatetzaren agintaldi amaieran bere proiektu politiko pertsonala eskuinetik bultzatu zuen, eta FMLNtik kanpo.
Bukelek etiketa ideologikoak arbuiatzen dituen arren, kontserbadurismo sozial populistan kokatu genezake. Proiektuak bi ardatz ditu, alde batetik establishment-aren aurkako borroka difusoa; eta bestalde, krimenaren eta ustelkeriaren kontrako borroka zehatzagoa. Horrez gain, business friendly gisa aurkezten da, abortuaren kontrakoa eta Amerikako Estatu Batuekin harreman ekonomikoak estutzearen aldekoa. Halere, Bukelek nagusiki zentro-ezkerreko FMLN alderdia hustu du bototan, horregatik, hautesleri horri begira, oraindik tradizio ezkertiar subiranistaren elementuren bat edo beste gordetzen du interbentzio militarren kontrako jarrera irmoa adieraziz eta El Salvadorren interes nazionala edozeren gainetik jartzeko prest dagoela esanez.
"Proiektuak bi ardatz ditu, alde batetik ‘establishment’-aren aurkako borroka difusoa; eta bestalde, krimenaren eta ustelkeriaren kontrako borroka zehatzagoa"
Bukelek bere karisma handiagatik boto asko erakartzen du, baina presidentearen lehentasuna segurtasuna izateak funtzionatzen du El Salvador bezalako herrialde arriskutsu batean. Horrez gain, garapen bidean dauden beste herrialde batzuetako agintari gazte-autoritario batzuek egin duten bezala, adibidez XXI. mende hasieran Mikhail Saakashvili-k Georgian, Bukelek herrialdearen inertziak hautsi eta estatu eraginkor, moderno eta funtzional bat sortu nahi du herritarrei ziurtasunak emateko. Baina inertzia horiek hausteko lidergo autoritarioak ohikoak izaten dira. Bukele presidente denetik kriminalitate-tasa asko jaitsi da, baina giza eskubideak eta zuzenbide estatua urratu ditu bidean, adibidez, militarrekin parlamentuan sartuz.
Boto-emaileek ez dute Bukele zigortu bere jarrera autoritarioengatik, nolabait ulertzen dutelako sakoneko aldaketak egiteko jarrera autoritarioak behar direla eta hauek barkatuak izango dira emaitzak onak badira. Geroz eta herrialde gehiagotan hautesleek politikak baloratzerakoan emaitzei begiratzen diete soilik. Horrek indartu egiten ditu gobernuak eta lidergoak botere legegileen aurrean.
Ezin uka daiteke Bukelek inertziak hautsi dituela eta emaitza onak lortu dituela talde kriminalen kontrako borrokan, administrazioaren jardunean eta COVID-19ak sorturiko krisiari aurre egiteko neurriekin –Aberatsei errieta diskurtsoa barne–. Guzti horiek bere saria jaso dute 2021eko otsailaren 28ko hauteskunde parlamentarioetan. 1992ko bake akordioen ostean, lehenengo aldiz alderdi batek gehiengo osoa izango du parlamentuan. Nuevas Ideas, Bukeleren alderdiak, 89 eserlekuetatik 56 lortu ditu, eta horiei bere aliatu den GANAk ateratako bostak eransten badizkiogu bi heren luzeko gehiengoa osatzen dute.
Bukelek El Salvadorreko presidente batek aspaldian izan duen botere kontzentrazio handiena izango du. Ikusteko dago jarrera autoritarioak ugaldu eta sistema autoritario bat eraikitzen duen. Izan ere, 2024ko hauteskunde presidentzialetara ezingo litzateke aurkeztu konstituzioaren arabera eta une honetan duen botere eta prestigioarekin zaila egiten da pentsatzea besterik gabe presidentetza utziko duela.