argia.eus
INPRIMATU
Zergatik den Chill Mafia azken aldiko lanik interesgarrienetako bat
Xalba Ramirez @xalbaram 2021eko martxoaren 11
Ezorregatik X berpizkundea | Chill mafia | Chill mafia records.
Ezorregatik X berpizkundea | Chill mafia | Chill mafia records.

Chill Mafiakoek jokoa pasa dute eta ez duzue ezer ulertu” gisako sententziak ibili dira Twitterren Zure Kebapa eta Gazte Arruntaren Kopla kantak kaleratu ostean. Ezer ulertu aurretik etorri da hika-mika eta zalaparta, EiTBn playback kontzertua eta guzti, Eskorbutokoen antzera.

Ezorregatik X berpizkundea da Chill Mafia Records-en laugarren mixtapea. Lehenago kaleratu zituzten Tabako, Pepa Stepa eta Young, Gifted & Basque (Nina Simone oroituz). Aurrekoak trapetik gertu dauden arren, azken lan honek ez du ezer trapetik (Aitor Bizkarrak planteatutako metamusika ez bada). Harrigarria hedabide guztiek hala deitzea egin duten lanari. Ulertzen hasi naiz “ez duzue ezer ulertu” leloa.

Formalki da garrantzitsua Ezorregatik lana. Kanten egitura erdi arbitrarioak, estiloen hibridazioa, sampleak eta etxean kozinatutako efektu sorta. Apurtzailea da, ez duelako erreferentzia estetiko zuzenik ez Euskal Herrian ezta inguru hurbilean ere. Eta hori gutxi balitz, apurtzailea da euskalduntasun ez hegemonikotik egin delako, langile auzoetako errealitatearen ispilu.

Nork kantatzen du gazte baten ikuspuntuaz eta eguneroko urgentziez? Erromantizatuta ditugu erabat 80ko hamarkadako sexua, drogak eta rock-and-rolla, baina asaldatu egiten gara sexu oralaz, MDMAz, kale borrokaz eta instagrameko ligoteoaz entzuten badugu (euskaraz behintzat). Nihilista deitzen diegu gazteoi, eta bitartean belaunaldi zaharragokoak cross fit, yoga eta mendi lasterketak egiten eta “egonkortasuna” bilatzen ari gara. Baina, tamalez, denok No Future aroan gaude, eta gazte langilearen ahotan ez daude aurreko belaunaldiaren interes eta problematikak.

Kontua ez da politikoki zuzena den ala ez, baizik eta orain arte beto izugarriak jarri dizkiogula gure buruei (eta auzokoei), moral kristauaren itzalean beti. Banksyren murala oroituz, arteak eroso daudenak asaldatu beharko lituzke eta asaldatuak kontsolatu. Hor dago Arrotxapeako gazte hauen ekarpena.

Erabilitako erreferentzia aberatsen bilduma da aipatzeko hirugarren puntua. Sortu berri den Klak.eus hedabidean eginiko elkarrizketan, taldekideek zalantza egin dute Gabriel Aresti edo Jon Mirande, bietatik zein nahiago duten. Zalantza egin dute. Barkatuko didazue, baina zein euskal artista da gai bi euskal poeta zutarri horien artean zalantza egiteko? Zein, gainera, euskara baldarrez, homologatu gabeko euskalduntasun periferikotik? Hori gutxi ez eta Ez dok Amairukoek egin bezala, Ipar Euskal Herritik hartzen dituzte erreferentziak gazteok: Zuberoako kantak, Erramun Martikorena eta Maddi Oihenart ari dira sampleatzen gutxienez 2016tik hona.

J Martina taldeko Kattalinek Giorgio Agamben filosofoaren Zer da garaikidea testua pasa zigun, “norbere mendeari nork kantatzen dion” galderaren inguruan gogoeta eginez: “Garaikidea izateak esan nahi du, inoiz egon ez garen orainaldi horretara itzultzea”. Gazteak arrotzak dira beti euren herrian. Eurena den garaia pentsatu eta moldatu behar dute. Eta zorionekoak gu, belaunaldi berrien airea arnastu dezakegulako. “Geroa begiratuz ilun baitago dena”.