Joan den mendeko 80ko eta 90eko hamarkadatan, haur euskaldunen erreferenteak ziren Arturo erregea, Heidi, Dotakon eta Dragoi bola. ETB1ean ikusten zituzten. Azken zortzi urteotan haurren ohiko telebista kontsumoa %40 jaitsi da. Orain marrazki bizidunak ordainpeko plataforma digitaletan ikusten dituzte. Disney Plus da zerbitzu emaile nagusia eta euskaraz ez dauka alerik. Horregatik, guraso talde batek Disney Plusen filmak euskaraz egotea eskatu du, haurrek aisialdia euskaraz gozatzeko aukera izan dezaten.
Donostiako euskaltzale eta guraso batzuek joan den azaroan eman zuten pausoa Disney Plus euskaraz ekimena bultzatzeko. Euskaraldi betean zeuden eta garai berean jakin zuten marrazki bizidunen multinazional estatubatuarrak eta Kataluniako Gobernuak 2013ko hitzarmena osatu zutela: jada katalanez zeuden filmak katalogoan jarri, plataforman egingo ziren estreinaldiak katalanez egin eta plataformaren funtzionamendua katalanez ere egongo zen.
Disney Plusek marrazki bizidunak euskarara bikoiztuta izatea eskatu dute. Artikulu hau idazterakoan 5.777 sinadura bilduak zituzten. Pozik daude eragileak, Eusko Legebiltzarrean agerraldia egin dute eta hedabideetan oihartzuna izan du ekimenak. Ondoren, Netflix plataformak edukiak euskaraz emititzeko ekimenak ere indarra hartu du eta 6.800 sinadura inguru jasoak ditu. Kezka orokorra da, kontsumo ohiturak aldatu dira, gero eta telebista tradizional gutxiago ikusten dugu eta gero eta gutxiago goaz zine aretoetara. Plataformek hartu dute gain eta horietan euskara hutsaren hurrengoa da.
Donostiako euskaltzale taldearen eskaera bikoitza da. Batetik, The Walt Disney Company multinazionalari eskatu dio euskaldunak diskriminatzeari uzteko. Enpresa horrek, besteak beste, Pixar, Marvel eta Starwars ekoiztetxeen edukiak ere zerbitzatzen ditu. Bestetik, euskararen lurraldeko erakundeei, eta batez ere Eusko Jaurlaritzari, eskatu diete Disneyrekin harremanetan jartzeko, haur euskaldunen eskubideak bermatzeko.
Ekimenaren bultzatzaileek egoera desiratua irudikatu dute eta horra iristeko urratsak ondokoak lirateke: plataformaren funtzionamendua (adibidez nabigazio menua) euskaraz egotea; orain arte euskaratuta dauden filmak katalogoan jasotzea (UP eta Zipi eta Zape, besterik ez dago); zine aretoetako estreinaldi guztiak euskaraz egitea; eta plataforman estreinatzen dituztenak ere euskaraz bikoiztuta egotea. Azken eskaera horri berebiziko garrantzia eman diote, izan ere halako plataforma digitalek gero eta joera handiagoa dute zine aretoetan estreinatu beharrean plataforman emateko lehen aldiz.
80ko eta 90eko hamarkadatan, haurrak internetik, Youtuberik eta plataforma digitalik gabe bizi ziren eta ikus-entzunezkoari lotutako plataforma bakarra telebista pantaila zen. Hego Euskal Herrian lau kate baino ez zeuden: TVE1, TVE2, ETB1 eta ETB2. Geroago azaldu ziren kate pribatuak. Haur euskaldunek ETB1eko marrazki bizidunak ikusten zituzten. 1990eko CIES ikerketa zentroaren datuek diotenez, EAEko haurren %70ak.
Ohiturak nabarmen aldatu dira, ordea. 2020an, umeentzako ETB3 katea haur-gaztetxoen %5ak aukeratu zuen. Beste datu bat: azken zortzi urteotan, Espainiako Estatuan, haurren ohiko telebista kontsumoa %40 jaitsi da.
Plataforma digitalak berriz, gora eta gora ari dira. Netflixek bost urtean %40ko igoera izan du harpidetzatan. Enpresa horrek, Amazonen Prime Videok eta HBOk 150 milioi harpidedunetik gora dituzte mundu zabalean. CIESen 2020ko urriko datuaren arabera, Hego Euskal Herrian euskal hiztunen %47k plataforma digitalen bat erabiltzen du. Disney Plusek sortu eta urtebetean 90 milioi harpidedun lortu ditu. 2020ko martxoan, 200.000 harpidedun gehiago egin zituen Espainiako Estatuan.
Eta zer ikusi daiteke euskaraz gune digital horietan? Ia ezer ere ez. Netflixen Handia eta Errementari filmak baino ez daude; Prime Videon %0,005; HBOn batere ez; filmin.es plataforman 40 film. Marrazki bizidunen gune nagusiak, Disneyk, 500 pelikula eta 3.000 serie-atal baino gehiago ditu eta bakar bat ere ez dago euskaraz.
Alex Aginagalde ekimeneko kidea da eta otsailean Eusko Legebiltzarrean izan zen haien eskaerak azaltzen. Helburuak lortzeko balio dezaketen hiru bide proposatu zizkien talde parlamentarioei.
Baga, Disney multinazionalari eskaera sozialaren berri eman eta akordio batera iristea. Kataluniako Gobernuak hala egina du. Hitzarmenari esker, 2013tik zine aretoetan marrazki bizidunak katalanez eskaini dira. 21 film estreinatu dituzte eta denak katalogoan daude gaur egun.
Biga, agintariei legez arautzea eskatu diete. Haurren hizkuntza eskubideak bermatu beharra dagoela diote bultzatzaileek eta EAEko ekoiztetxeei exijitzen zaien bezala haurrentzako filmak euskaraz ere estreinatzea, kanpoko enpresei gauza bera eskatzea eraginkorra litzatekeela uste dute.
Higa, Espainiako Estatuan Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko Lege Orokorra tramitazioan dago eta ekimenaren bultzatzaileen ustez momentu aproposa da hizkuntza gutxituei kuotak jartzeko. Europako zuzentarauk dio plataforma digitaletan edukien %30ak Europan ekoitzitakoa izan behar duela. Espainiako lege aurreproiektuak berriz, proposatzen du %15 estatukoak izatea. Eskaera litzateke %15 horretatik erdia euskarazko, katalanezko eta galegozko ekoizpenentzat gordetzea.
Lehentasuna eman diote eskaera zehatzari, baina Donostiako euskaltzale eta guraso taldeak badaki ikus-entzunezkoen euskarazko kontsumoaren gaiak adar asko dituela eta erronka zabalagoari erantzun behar zaiola: euskara zine aretoetan ia ez dago, bikoizketa sektorea egoera kaskarrean dago, ETBren inguruko gogoeta falta da.
Euskarak tokirik ez duen eremu amaigabea begien aurrean zabaldu zaigu. Donostiako euskaltzale taldeak gogotsu jarraituko du eskakizunei oihartzuna ematen, baina argi dute agintari politikoek esku hartu behar dutela, euskal hiztunen hizkuntza eskubideak jokoan baitira.
Barakaldoko Udalak euskararen erabilera “umiliagarria” egin duela salatu du Sasiburu euskara elkarteak. Salaketa argitaratu ostean kanpainaren euskarazko bertsioa ezabatu du udalak. Halakorik berriz gerta ez dadin arduradunen barkamen publikoa eta behar diren... [+]
Zenbat komunikazio egoeratan ateratzen da galtzaile euskara? Arduradunak ez duelako aurrez pentsatu hizkuntzak nola kudeatu, erresistentziak egoten direlako eta haiei erantzuteko argudioak prest ez daudelako… Soziolinguistika Klusterrak jendaurrean.eus gida ipini du... [+]
“Ez da posible hiri guztia zeharkatu behar izatea seme-alabak hemengo jatorriko hizkuntzan murgiltzeko” salatu dute guraso askok. Euskarazko plazak ere “oso urriak direla” salatu dute familia askoren artean eginiko bideoan.
Durangoko Azokako berrikuntzetako bat izango da ZirHika taldeak sortu duen hikalarien bilgunea. Hika hitz egitea eta ongi pasatzea izango da helburua, abenduaren 7an Landako ikastetxean.
Askotan gertatu izan zait etxetik lanbroari so egon ostean, blai bukatuko dudala jakin arren, aterkirik ez hartzea. Zergatik ote? Beharbada, aterkia hartzeko gogorik eza? Beharbada, bustiko ez naizen itxaropena? Kontuak kontu, ondorioa beti berbera izan da. Esaerak dio, euri... [+]
Gogoan daukat, 16 urterekin, Bergarako epaitegi aurrean egindako euskararen aldeko elkarretaratze batean identifikatu ninduela Ertzaintzak lehen aldiz. Euskal Herrian epaitegiak euskalduntzeko aldarria zilegi zela pentsatzen genuen, baina, orduan ere, faltako zen baimenen bat,... [+]
Azaroaren 26an eta 27an, Langune Euskal Herriko Hizkuntza Industrien Elkarteak eta FUEN Federal Union of European Nationalities erakundeak antolatuta, ‘Hizkuntzen irabazia. Benefits of language industry in the economy’ kongresua egingo da Donostiako Kursaalean. Han... [+]
Lup izeneko gailuak testuak ahots bihurtzen ditu adimen artifizialari esker. Hainbat hizkuntza bihurtzeko gaitasuna dauka. Teknologia gutxiko gailua da, hain zuzen aurrerapen teknologikoetatik urrun dagoen jendeari balio diezaion. Ikusmen arazoak dituztenentzat sortu eta... [+]
Bi irakasle eta ikerlarik inkesta jarri dute sarean, euskarazko esamolde batzuen inguruko datuak biltzeko. Bost minutu hartuko dizu betetzeak baina adi, bi galdetegi daude, egun bakoitian jaio bazara 1A betetzeko eskatzen dizute, eta egun bikoitian jaioa bazara 1B delakoa.
Euskarari Puzka azken kanpainan 16.000 saski saldu dituzte, eta euskararen alde lan egiten duten elkarteentzat bideratuko zaie lortutako etekina.
Andoni Urrestarazu Landazabal Araiako herrian 1902ko uztailaren 16an jaio zen eta 1993ko azaroaren 21ean hil zen Gasteizen. 31 urte bete dira jadanik eta bere izena eta izana aitortzeko une aproposa dela deritzot, ez baita ongi ezagutzen utzitako ondarea. Umandi, bere herriko... [+]
Lehenengo aldiz “euskararen aldarriak hedatzeko” azoka antolatu dute euskararen biziberritzean lan egiten duten zortzi elkartek. Euskararen egunean irekiko da azoka eta abenduko beste hiru egunetan ere egongo da zabalik.
“Ibiliz ikasten da ibiltzen, eta kantuan kantatzen”. Horixe izan da aste honetako ikasgaietako bat C2ko taldeetan. Helburua ez zen abesten edo oinez ikastea, gerundioa behar bezala erabiltzea baizik. Zer pentsatua eman dit jarduerak, eta irakasten nola ikasten dugun... [+]
Euskararen biziraupena ez da euskaldunok politikaren partidan jokatzen dugun arazo bakarra, baina bai, euskalduntasunaren elementu bereizgarriena den neurrian, gure egoera gehien islatzen duena. Beste esparru batzuetan hainbeste ageri ez dena oso ongi erakusten du. Hasteko,... [+]
Aldarrikapen historikoa da euskara doan ikasteko eskubidea. Gaur egun, gori-gori dago gaia. Bi urrats esanguratsu eman berri ditu HABE Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeak C1 maila gainditu nahi duten gazteentzat eta A1 mailakoentzat. Hala, diru kopuru... [+]