argia.eus
INPRIMATU
Separatistak
Itxaro Borda 2021eko martxoaren 08a

Frantses Gobernua tematu da, parlamentuaren baliabideak erabiliz, separatismoa deitzen duen klase baztertu eta apaletsien kontrako legea finkatzen. Momentuan separatistak banlieux delakoetako islamista salafistak dira (ala arabiarrak, musulmanak direlako aitzakian?) baina pentsatzekoa da etorkizunean, Errepublikaren Printzipioen aurka altxatzen den oro izan litekeela, ekologistak adibidez, ezkerreko militante politikoak, raperoak, zinegileak, sistema neoliberalarekiko edozein ahots kritiko hots.

1970eko hamarkadan iparraldera errefuxiatzera zetozen ETA kideak eta hauen inguruko abertzaleak separatistak izendatzen zituzten hemengo eskuineko politikariek, halako gorroto aire batekin. Gorriak ere hala ziren, separatistak. Funtsean, betierekoa dela sinesten duen boterearen parean bermatzen diren guztiak zaku berean sartzeko eta gaztigatzeko baliatu da hitz hori, menderen mendeetan. Macron eta Darmanin, halatan, kiratsa darien putzuetako urak nahasten dabiltza, bake sozial bortitz lehian: zer egingo dute orain arte muturretakoekin mututu herritarrek, kraxturuak edo bridak utziko dituztenean?