argia.eus
INPRIMATU
Palindromoak, mihi zirikatzaileak
  • Ibaiek isurtzen duten urari esker itsasoan urak handi dira. Kantauri isurialdea emari anitzen bidez elikatzen da; Deba, Oria, Bidasoa, Lea, Oka… Itsaso zabaleko ur gazia bezala irudikatu nahi izan dute euskara, eta, euskara den itsaso zabal eta anitza asetzen duten hiru erreka izango dira gaurko gure ur-emari nagusiak.

Marta Sendiu Zulaika @martasendiu 2021eko martxoaren 02a
Argazkia: Eider Iturriaga

Hiruerreketa izenburupean euskararen arte-urak erakusketa antolatu du Gasteizko Oihaneder euskararen etxeak. Zaloa Ipiña, Alfredo Hernandez Zirika eta Bigara dira gure gaurko Urola, Artibai eta Errobi, eta haien bidez euskaraz egiten den eta euskararen inguruan hitz egiten duen arte garaikidea izango da hizpide.

Naturan jatorria duten artelanek Oihaneder etxeko horma zuriak letraz josi dituzte. Salgaien garraioan erabilitako paletekin sorturiko letrak dira Zirika artista gasteiztarraren tresnak. Hitz birziklatuak erabiltzen ditu artelanetan eta hizkien arteko jolasen bidez hausnarketa eta istorioak kontatzen ditu.

Egurrezko letren arteko hamarnaka jolas aurkezten dizkigu eta horretarako egurraren askotariko lanketak baliatzen ditu: zuloak, sokak, ebakiak… Euskara beste modu batean ikusteko, kontsumitzeko eta dastatzeko aukera ematen digu Zirikak, euskararekiko duen amodioa partekatuz eta kutsatuz.

Gasteiztarraren ondotik, Bigara bikotearen Abere ba, palindromo ilustratuen piztegia dugu. Oraingoan hizkiak beltzak dira eta animalien ilustrazio koloretsu eta minimalisten bidez lagunduta doaz. Animalia bakoitzaren izenaren atzean beste hitz bat erakusten digu bikote gipuzkoarrak: orro zomorro mozorro, ele bele, airez azeria, eta abar.

Palindromo idatziekin batera anagramak, atsotitzak, kantak eta ilustrazioak ere badira. Testu, hitz eta letren bilgune honetan etxekotua izan nahi ez duten piztia batzuk topatuko ditugu, eta erakusketaren erdian ispilu borobil bat. Izan ere, palindromoak hori dira, ispiluaren bidez ikusi daitezkeen testu aldrebestuak.

Itsaso bezala irudikatzen dugun hizkuntzaren azkenengo ibaiak Zaloa Ipiña du izena. Bizkaitarraren Gorreri bisuala artelan bildumaren atzean, hizkuntza baten ezintasun, muga eta jazarpenen inguruko ikerketa sakona dago. Historian euskarak jasandako zapalkuntzak ekartzen ditu gogora Ipiñak, eta eskoletan zigorrerako erabiltzen ziren eraztun eta txanponei egindako argazkiak aurkituko ditugu bere zatian.

Mahai baten gainean borobilean jarrita, eskuz egindako mihi zurien bidez, 2000. urtetik aurrera hil diren munduko hizkuntzen izenak ageri dira. Haiekin jolastuz erakusketaren amaierara helduko gara, eta bertan sabaitik eskegitako mihi luze eta gorrien arteko jolasa topatuko dugu, eta hurbiltzen garen heinean, sorgin ahots batek kontatuko digu galegoz kondaira misteriotsu bat.

Eider Iturriagaren argazkiak: