argia.eus
INPRIMATU
Gurasotasun baimenak
June Fernández @marikazetari 2021eko martxoaren 04a

2021eko urtarriletik hasita, Espainiar Estatuan haur bat jaiotzen denean, guraso bakoitzak hamasei asteko lan baimena du, luzera berdinekoa eta besterenezina. Haatik, Eusko Jaurlaritzak 2019ko azarotik diru laguntza baten bidez berdindu zituen baimenak. Genero berdintasunaren aldeko neurri bat bezala aurkeztu da eta albiste ona dirudi. Baina PETRA Amatasun Feministak plataformaren diskurtso kritikoak konbentzitu nauela esan behar dut.

Hasteko, esango nuke amatasun baimenak luzatzea eta besteragarriak izatea defendatzen duen talde honen bi kritikek adostasun feminista sortu beharko luketela. Alde batetik, prestazioa unibertsala izan beharko lukeela, lan kontratuaren menpe egotea ez baita neurri birbanatzailea. Hau da, estatuak 3.000 euroko soldata mantentzen dio langile pribilegituari, eta hutsaren hurrengoa ematen dio langabeari, lan kontraturik gabe dabilenari edota lan erreproduktiboan dabiltzan milaka emakumeri. Bestetik, neurriak guraso bakardun haurrak diskriminatzen dituela (Eusko Jaurlaritzaren diru laguntzak, ordea, bai hartu dituela kontuan).

"Estatuak 3.000 euroko soldata mantentzen dio langile pribilegituari, eta hutsaren hurrengoa ematen dio langabeari, lan kontraturik gabe dabilenari edota lan erreproduktiboan dabiltzan milaka emakumeri"

Baimenak besterenezinak izatea neurri feminista bezala iragarri da, aiten erantzunkidetasuna bultzatuko omen duelako eta lan merkatuan genero diskriminazioa konponduko duelako. PETRAk, ordea, bi premisa horiei erantzun die. Batetik, guraso baimenak eskasak diren bitartean, ama askok eta askok jarraituko dugu eszedentziak eta lanaldi murrizketak hartzen, eta enplegatzaileek hori badakite. Bestetik, baimenak hartzea derrigorrezkoa ez denez, horrek paradoxa bat dakar: zaintzan inplikatzeko asmorik ez duten gizonek uko egin diezaiokete, eta zaintzarekiko konpromiso handia duten aitek, ordea, hamasei asteko mugarekin egingo dute topo. Horrez gain, Espainiar Estatuko amatasun baimenak Europako laburrenak zirelarik, aitena luzatzearen apustua feminista ez dela argudiatzen du PETRAk: zaintzeko borondaterik agertu ez duten gizonei (hor ditugu eszedentzia portzentai anekdotikoak) diru publikoa bideratzeak haien pribilegioak gotortzea dakarrela.

Dena den, ni ama lesbiana naizen aldetik, gaineratu nahi dut gogaitzen nauela bikote heterosexualetan erantzukidetasuna behartzeko neurri bat familia ez heteronormatiboei ere inposatzea. Generoa ez da arrakala bakarra: bikotekide batek soldata duina duenean eta bestea langabe edo prekario dagoenean, transferitzeko aukera estrategikoa da.

Beste puntu gatazkatsu bat da PETRAk haurdunaldia, erditzea, puerperioa eta edoskitzeari babesa emango dioten politika publikoak aldarrikatzen dituela, eta feminista askori diskurtso hori esentzialista eta biologizista iruditzen zaio. Nik uste dut gehienontzat hamasei aste ez direla nahikoa osatze fisiko, psikologiko eta emozionala bermatzeko. Eta, gainera, luzera hori osasun publikoan biziki gomendatzen den edoskitze ereduarekin (bularra eskaeraren arabera ematea) kontraesankorra dela. Berriro ere, eszedentzia da askorentzat irtenbidea eta hautu horretan klaseak baldintzatzen du.
Ez pentsa, bollera kuirra izanda arraroa eta deserosoa egiten zait diferentziaren feminismoarekin lerratu izana. Argi dago baimenak luzatzea eta aita/ama baimenen logika heterosexistarekin apurtu izana aurrera pausoa dela. Ba jarrai dezagun aurrera egiten. Polarizazioa gaindituz, adostasunak identifikatuz eta amatasun feminista ulertzeko, sentitzeko eta gorpuzteko bide desberdinak onartuz.