argia.eus
INPRIMATU
Bigarren hanka
Eneko Gorri Gantier 2021eko martxoaren 08a

Azken hilabeteetako giroak distantzia hartzera eta gure buruak galdekatzera garamatza. Ariketa sanoa, funtsean. Azken 50 urteetan, euskararen biziberritze prozesuak bide egin du Euskal Herrian. Lapurdi, Baxe Nafarro eta Xiberuan mende laurden batez euskal hiztun proportzioa etengabe apalduz joan da. Eta ez dut 5 urtero egiten den inkesta larriki spoilatuko, azken urteetako joera demografikoek 2021eko argazki soziolinguistikoa okertuko dutela erratean. Aitzindarien belaunaldiak sortu behar izan zituen duela 5 hamarkada, odol hustea gelditzeko tresnak. Familiak ez duela gehiago segurtatzen euskararen transmisioa? Ikastolak sortuko dira. Sakrifikatutako helduen belaunaldiak euskara ez duela etxean jaso? Gau eskolak hedatuko dira. Informazioa gure hizkuntzan ez dela existitzen? Euskal irrati, telebista parte hartzaile eta kazetak sortuko dira.

"Ez gaitezen mugatu aitzinekoek sortu dutena kudeatzera. Tokian tokiko euskalgintza ameslari, libre, horizontal, kritiko eta kapazitatua jalgiaraziko duen mugimendua sor dezagun"

30-50 urte inguru dituzte Seaska, irrati, AEK, Uda Leku eta abarrek. Pittaka-pittaka, aitzindarien belaunaldiak oinordekoen belaunaldiari transmititu dizkio tresna hauen kudeaketa ardurak. Deseuskalduntze masiboaren aitzinean, euskararen transmisioaren apustu azkarra egin dugu. Tresna hauek garatuz, masifikatuz eta hedatuz joan dira. Eta behar berriei erantzuteko dirua biltzeko bide berriak jorratu behar izan ditugu. Borroka politak eramanak izan dira, eta batailak irabazten ditugu ere.

Baina nago ea, erreproduzitzeko ordez, ez ote den frente berri bat irekitzeko garaia. Euskararen aldeko borroka berri eta osagarri bat. Orain arte egin den guziari segipena, indarra eta koherentzia emango diona. Ez gaitezen mugatu aitzinekoek sortu dutena kudeatzera. Tokian tokiko euskalgintza ameslari, libre, horizontal, kritiko eta kapazitatua jalgiaraziko duen mugimendua sor dezagun. “Transmisioa – Garapena – Makroa – Bateratzea – Kontsentsu sozio-politikoa” zutabeari, pareko simetria emango liokeen “Erabilera – Trinkotzea – Mikroa – Boteretzea – Urratzailea”.   

Ipar Euskal Herrian, euskara elkarte gutti dago. Edo hobeki erran, gordeak dira Ikastoletako euskaraz bizi batzorde batzuetan, euskaltegi baten kafetegian, Euskaraldiaren antolaketa batzordetxo batean edo herriko kultur elkarte baten baitan. Behar bada, abia daiteke lehen saretze bat, bakoitzak zer egiten duen jakiteko. Eta ondotik Euskal Herri mailako ikuspegia landu, egingarria litzatekeen katalogo bat osatzeko. Eta aitzinatu arau, ikusi norat eramango gaituen bide horrek. Ez da garai errexena eta etorkizuna beltz dator. Baina aitzinagokoek ezinezkoa zirudiena egitea lortu badute, zergatik ez genuke guk zailena dena gaindituko?