argia.eus
INPRIMATU
Klimaren alde zuhaitzak landatu behar dira... baina Sitkako pinu hutsezko baso berriek ito dezakete Irlandako landa eremua
  • Irlandak hogei urtetan 440 milioi zuhaitz landatu nahi ditu klimaren kontrako borrokan, 2050erako "karbono neutral" izatera iristeko. Urtean 22 milioi zuhaitz landare berri, laurden bat hostozabalak eta beste hiru laurdenak koniferoak. Hori teorian. Praktikan, Sitkako izeia deitu koniferoak ikusten dira lur-estali eskualde askotan. Leitrim konderri pobretuan herritarrak ari zaizkio aurre egiten basogintza industrialari.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2021eko otsailaren 25a
Hiroshima bezala. Euskaldunok ongi ezagutzen dugu pinudiak 'matarrasan' eraitsitakoan geratzen den suntsiketa. Sitkako izeien inbasioa gelditzeko eskatzen dute Leitrim eskualdean. (Argazkia: Save Leitrim)
Hiroshima bezala. Euskaldunok ongi ezagutzen dugu pinudiak 'matarrasan' eraitsitakoan geratzen den suntsiketa. Sitkako izeien inbasioa gelditzeko eskatzen dute Leitrim eskualdean. (Argazkia: Save Leitrim)

Jim McCaffrey 64 urteko baserritar erretretaduna Irlandako Leitrim konderrian bizi da, hiru alditan borrokatu du auzitegietan bere etxea eta inguru guztiak itotzen dituzten pinu –zehazki Sitkako izei– plantazioen kontra; hiruretan galtzaile. "Dirurik banu –esan dio Irish Times egunkariari irailean– Goi Auzitegira eramanen nuke apelazioa, baita Europako Auzitegiraino ere. Gure etxea hiru aldetatik inguratzen dute izei ilunok, osorik inguratuko zuten tartean aintzira bat izan ez balitz. Zuhaitzok argia kentzen dizute eta inguruarekiko lotura ebasten. Dagoeneko ezin ditut ikusi auzoa soroan lanean, ez inguruko mendiak, ez hiritik datorren errepidea. Okerrago izango da hamar urte barru, izeiok altuera osora iritsitakoan. Landaketa basation aurka ari naiz ondorengo belaunaldien alde, gure semeak eta honen haurrek baserritan bizitzen jarraitu ahal izan dezaten".

Kazetariak McCaffreyri esan dio Irlandako Gobernuak landaketok sustatzen dituela klimaren beroketaren aurkako borrokan CO2 emisioak konpentsatzeko mekanismoaren barruan, baina baserritarrak uste du ez duela zerikusirik, hau dena dela "money, money, money". Landaketok bizi guztia suntsitzen dute, baita lurzorua ere. Eta zuhaitzak denak batera eraisten hasten direnean, Armagedon heldu dela dirudi. Bestalde, Sitkako izeientzako dirulaguntzek kanpoko inbertsiogileak erakarri dituzte eta bertako baserritarrak lurrik gabe ari dira geratzen.

Bisitariak Sitkako izei plantazio batean, egurzaleek antolatutako promozio ekitaldian. (Argazkia: ProSilva Ireland)

Irlandak datozen hogei urteetan 440 milioi zuhaitz landatu nahi ditu, klimaren kontrako borrokan 2050erako "karbono neutral" izatera iristeko. Europar Batasunean klimaren aferan emaitzarik kaxkarrenak herrialdeak, zuhaitzak ero moduan landatuz konpentsatu nahi du nekazaritza industrialak, klase guztietako trafikoek, zentral termikoek eta baita industria digitalak ere gero eta gehiago isurtzen duten C02 kopurua. Milioika zuhaitz berri era industrialean landatuak, ahalik eta azkarren haziko direnak, koniferoak ia beti, 30 urteren buruan eraitsita beste hainbestez ordezkatuko direnak, CO2 kalkuluak hobetuz.

Lur azaleraz Gipuzkoa baino zerbait txikiagoa izan arren, 32.000 biztanle baizik ez dauzkan Leitrim konderria bilakatu da plantazio estrategia berriaren laborategi, Save Leitrim elkartekoek ironia mikatzez bataiatu dutena "a national sacrifice zone", herrialdearen onerako sakrifikatu beharreko eremua.

Orain arte heskaiz ingurutako belardi zirenak Sitkako izeiz landatuak. (Argazkia: Rosita Sweetman)

Irlandak 1900an bere lurrazalaren %1 baizik ez zeukan basoz hornitua. Europa osoak bezala Irlandak ere mendez mende bere oihanak galduak zituen, baina hemen soilketak abiadarik handiena hartu zuen XVIII eta XIX. mendeetan, ingelesen kolonialismo betean. XX. mendearen erdi aldean ezarritako sustapen politiken eraginez, gaur Irlandak lurrazalaren %11 dauka zuhaiztiz osatua, 770.000 hektarea inguru. Klimaren kontrako estrategiarekin, urtero 8.000 hektarea gehiago landatuz lurrazalaren %18ra iristea da asmoa.

"Baina okerreko basoak ari dira landatzen", diote Save Leitrimetik: "Zuhaizti ilun hotzak, basa bizitza hil, egun argia estali eta jendeak isolatzen dituztenak". The Guardian egunkariari esan dio Edwina Guckian taldeko kideak: "Itotzekoa da zure inguruan eraikitzen duten hesi hil eta iluna". Elkartea saiatzen da inguruko herritarrak berotu eta landaketa berrien baimenak blokeatzen. Zenbait alditan zuzeneko ekintzara ere jo dute, landaketan hasiak ziren makinak geldiaraziz.

Edwina Guckian Save Leitrim elkarteko kidea kazetariari erakusten izeirik gabe geratzen diren txoko bakarrak. (Argazkia: Brian Farrell)

CO2 VERSUS BIODIBERTSITATEA

Picea sitchensis deitzen da erruduna, Sitkako izeia, Ipar Amerikatik ekarritako koniferoa, sekuoia gorria eta Douglas izeiaren ondoren koniferoetan altuena, oso azkar hazten dena 50-70 metro –tarteka 100 ere bai– harrapatu arte. Laketzen da, antza, Irlandako klima heze eta ez hotzegian. Gipuzkoa eta Bizkaiko jendeoi ezaguna egiten zaigu kontua, AEBetako San Frantzisko badiatik ekarrita XX. mendean zehar gurean nagusitu zen intsinis pinuaren (Pinus radiata) inbasioa beltza oroitarazten digu, eta bide batez baita eukaliptoa ere (Eucapyptus globulus), azken urteotan –pinuak lehenik harrez eta gero onddoz gaixotu ostean– horien ordez bazter guztietan nagusitzen ari direnak.

Dagoeneko Irlandako zuhaitz guztien erdiak Sitkako izeiak dira, ilara zuzen bezain estuetan pilatuta bete dituzte lehen larre ziren muinoak, behi eta ardien belardiak, ihesi joandako nekazariek abandonatu zituzten soroak… eta baita legez horrelako landaketarik egitea debekatuta daukaten eremu babestuak ere, padura eta beste.

Industriak maite ditu izei monolaboreak. (Argazkia: Irish Examiner)

Industriak maite ditu izei-monolaboreak hainbat erabileratarako: paperetarako pasta, ohol aglomeratu, palet, eraikuntzarako zur… Eta, gainera –horra negozio lerro berria– atmosferari karbonoa jaten diote. Balia ditzake Dublingo Gobernuak CO2 isuriak ez gutxitzeaz gain energia berriztagarrietan atzeratuegi joateagatik Europatik eroriko litzaizkiokeen isunak arintzeko.

Leitrimeko herritarrak izeien kontrako protestan Dublingo parlamentuaren atarian 2019ko urtarrilean. (Argazkia: Shanonside)

"We’re not anti-trees, we’re anti-this" diote Save Leitrimekoek, zuhaitzen kontra ez, honen kontra daudela. Eta hau zuhaitz exotikoetan oinarritutako monolabore industrial oso bat da, herritarren egunerokotasuna hondatu, ekologia kaltetu eta landa eremuko gizartea hondoratzen ari dena. Nekazaritzatik bizitzen ahalegintzen diren azken laborariez aparte, beste askok beren lurrak Sitkako izeiz landatzen dituzte… ondoren prezio hobean saltzeko. Eroslerik ez da falta: urrutiko baserri industrialen jabeak beren CO2 emaitzak berdindu behar dituztenak, paper eta zur industriako konpainiak lur merke gosez dabiltzanak, espekulatzen dabiltzan inbertsiogileak, eta abar. Sitkako izeiaren inguruko polemikan, estrategiaren bultzatzaile nagusia den gobernuaren ikerketa batek zioen koniferoen jabe gehienak bertako herritarrak zirela. Save Leitrimek egin behar izan zuen bere ikerketa propioa estatistikak zuzentzeko eta erakusteko, zuhaitzen jabe guztiak behar bezala kontabilizatuz gero, ororen buru pinu ilunen laurdena bakarrik dagoela bertako biztanleen jabegoan, gainerako hiru laurdenak direla edo estatuarenak, edo Irlandako konpainia eta beste lurjabe handienak, edo atzerriko inbertsiogileenak.

"Izeiok sortzen duten baso estu bizigabe eta isila heriotza-kondena dira gure herrientzako", dio McCaffrey laborari jubilatuak. "Eta makinek gero baso horiek eraistean dena suntsituta uzten dute. Hiroshima dirudi".