Aditz-taulak mugikorraz ikas daitezke

  • Itzultzaileak, hiztegiak eta orain aditz-taulak. Adizkinator mugikorrerako aplikazioa sarean eskuragarri jarri dute; tresna sinplea, erraza eta azkarra. Euskara ikasketa prozesua “lagungarriago” egin dezakeen “tresna osagarria” da egilearen iritziz.

Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Nork ez ditu gogoan euskarazko aditz-taula luze eta zenbaitetan korapilatsu eta nahasgarriak. Aski ezagunak dira. Silabaz silaba, azkenean aditza osatu eta, praktika ordu askoren ondoren, aditz konplexu horiek barneratzen dira, apurka-apurka. Bada, hainbat lagunen borondatezko lanari esker, taula horiek badute alternatiba sare digitalean. Horiekin, era sinple eta azkarragoan, baita ziurragoan ere, instant batean jaso daiteke bilatzen den aditza. Aski da mugikorrari datuak ematea segundo erdian emaitza eskuratzeko: zein aditz, zein modu eta zein alditan bilatzen den galdetzen du eta, ondoren, nork-nori-nor formula gehitu behar zaio. Aditzak jokatzea ez da inoiz hain erraza eta sinplea izan.

“Ez nuke esango aditz-taulen alternatiba denik; gehiago da ordezkoa, edo gehiagarria”, adierazi du Ander Herranzek, Adizkinator aplikazio berriaren sortzaileak. Taula ezagunen “tresna osagarri” gisa erabiltzeko sortu du mugikorrerako aplikazioa, batik bat euskara ikasleei zuzenduta. Dena den, erabiltzaile potentzial nagusia euskara eskoletako ikaslea izan arren, euskal aditzaren gainean zalantzarik edo jakin-minik izan dezakeen edonor bultzatzen du erabiltzera.

Uribe Kostako AEKn da irakasle Herranz. Gaztea da, laugarren ikasturtea du aurtengoa, eta urteotan ikasgelan ikusitako gabezia bati erantzunez ondu du Adizkinator aplikazioa. Izan ere, gaur egun, mugikorrek tokitxoa hartua dute ikasleen mahaian: tresna bat gehiago dira ikasketa prozesuan, batik bat hiztegia kontsultatzeko. Oro har zalantzak argitzeko egokia dela uste du Herranzek, eta erabileraren alde dago, baina aditzak jokatzerakoan, mugikorra alboratu eta aurrez aipaturiko aditz-taula aski ezagun horietara jotzen zuten ikasleek. “Bazen garaia aditzen bilaketa eta ulertze lana errazteko”.

Ikasmolde zaharra, ordea, ez dute alboratzeko asmorik. Horregatik dio ez duela alternatiba sortu, baizik eta tresna gehigarria, egunero eta une oro erabili ordez, momentu zehatzetan soilik bertara jotzeko. Kezka puntu bat ere baduela adierazi du, izan ere, “tresna batek dena esan behar badigu, momentu oro, azkenean ez dugu ezer ikasiko”. Taulekin alderatuz, baina, sinpletasunean, erraztasunean eta azkartasunean gailentzen da aplikazioa; baita eraginkortasunean ere, datuak ondo ematen bazaizkio.

Aurrekari bi

Esker ona adierazi eta meriturik ez die kendu oinarritzat hartu dituen aurreko antzerako bi lanei. Izan ere, duela hamar urte sortu zen euskarazko aditzak jokatzeko lehen tresna digitala: Aditzak.com webgunerako bertsioa eta aplikazioa. Beste bat ere bada, Euskal Herriko Unibertsitateko Euskara Institutuak sortua, Adizkitegi Automatikoa deritzona. Hiruak elkarren “osagarri” direla uste du Herranzek.

“Aditzak.com erabiltzen eta gomendatzen nuen klasean, baita EHUren Adizkitegia ere, baina nire nahiak ez ziren guztiz asetzen”, aitortu du Herranzek. Lehena, Garikoitz Knörrek egindakoa, oso erabilterraza eta aproposa dela dio, baina berangotarraren ustez baditu hutsune bi: ez du ez alokutiboa ez aditz trinkoak jokatzeko aukera ematen. Azken hau behar zuen kasuan EHUk landutakora jotzen zuela dio, baina uste du ezagutza tekniko handia eskatzen zuelako ez dela hain aproposa ikasleentzat. Horregatik, bere aletxoa jarri eta aplikazio bakarrean biak uztartu ditu.

Ander Herranz Adizkinator-en sortzaileak esker ona adierazi eta meriturik ez die kendu oinarritzat hartu dituen aurreko antzerako bi lanei: aditzak.com eta Adizkitegi Automatikoa

Knörr jakitun da bere aplikazioan aditz trinkoen gabeziaz eta denbora zeraman Aditzak.com aplikazioa berritu nahian. Eguneratzeak egin ditu 2011tik hona, eta baditu asmo eta erronkak aurrerago heltzeko. Baina sorburura ere jo behar da: bi aplikazioen abiapuntua ez zen izan, noski, gaur egungoa, eta Knörrek ez zuen Herranzek bezala espresuki ikasleentzat sortu. Itzulpengintzan murgilduta zebilen Knörr aplikazioa egitea otu zitzaionean, batik bat, berak faltan botatzen zuen tresna edo baliabide bat zelako: “Nagusiki sortu nuen neronek behar nuelako, baina banekien ziur jende gehiagori ere ondo etorriko zitzaiola”. Zalantzak argitzeko eta ziurrak eta praktikoak izateko helburu jakina zuen: “Guztioi sortzen zaigu zalantzaren bat edo beste; nire kasuan, aditzak egiaztatzeko eta ziur egoteko oso praktikoa iruditzen zitzaidan”.

Euskara ikasketa prozesuan, sare digitalak eskaini ditzakeen teknika berrietan, izan du bere mugarria Aditzak.com tresnak. Huts-hutsetik sortu zuen Knörrek, oinarri-eredurik gabe, informatika ezagutza duten bere anai-arreben laguntzarekin. Valentziako Hizkuntza Eskolan 2015ean eskaini zuten lehenengoz euskara ikasteko aukera, eta hasiera batean aplikazioa ikasleekin erabiltzen ez bazuen ere, urteen poderioz ikasketa maila altuagoak txertatzen joan ahala Knörren ustez, ikasleek asko estimatzen dituzte halako tresnak.

Aurrerapen edo primizia moduko bat ere bota du. Bertsio garatuago bat prestatzen ari da: Aditzak.eus –dagoeneko ikusgai dago zirriborroa–. Funtzio berriak izango ditu: aditz trinkoak eta hitano estandarra jasoko ditu, eta intentzioa du Euskaltzaindiak jasotako euskalkiak ere sartzeko. “Berritasun handia zatekeen, baina aitortu behar dut Adizkinator aurreratu zaigula”, azaldu du irribarre batez.

Irakasleen elkarlana

Antza, kasualitatez, Herranz aurreratu zaio Knörri eta batak eramango du besteak eramango ez duen ospea. Umorez eta graziaz diote biek, nahiz eta azpimarratzen duten sortu dituzten tresnak elkarren osagarri eta lagungarriak direla. “Proiektu honetatik ez du inork dirurik ateratzen, izan ere, helburua bakarra da: euskararen irakaskuntzarako lagungarri izatea. Beraz, ongi etorriak halako proiektuak; benetan pozgarria da”, adierazi du Knörrek.

Bi irakaslek euren borondatez sortutako ikasketa-tresnen berri eman du artikulu honek, izan ere, hala ikusita, ez dirudi kasualitatea irakasleak aritzea horretan buru-belarri. Knörren ustez, beste hainbat esparrutan bezala, benetan gabezia barnetik sumatu eta bizi arte, halako proiektuak ez dira sortzen. Azkenerako, biek ala biek irizten diote laguntza handia dela halako tresnez baliatzea, irakaskuntzarako zein ikaskuntzarako. Hargatik guztien eskura jartzen dituzte baliabideok, nahi duenak erabil ditzan. Dagoeneko, dakigunez, Adizkinator aplikazioa behintzat hainbat euskara eskolatan erabiltzen hasi dira.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskara
2024an Euskal Herrian estreinatutako 900 filmetatik bi baino ez dira euskaraz izan

Pantailak Euskarazek eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak aurkeztu dituzte datu "kezkagarriak". Euskaraz eskaini diren estreinaldi kopurua ez dela %1,6ra iritsi ondorioztatu dute. Erakunde publikoei eskatu diete "herritar guztien hizkuntza eskubideak" zinemetan ere... [+]


C2ko ikasleei eskerrak

Administrazioko hainbat gai, LGTBI+ kolektiboko kideen beharrizanak, segurtasun subjektiboa, klima aldaketa, gentrifikazioa, ikus-entzunezkoak erabiltzeko modu berriak, audientzia-datuak jasotzeko moduak, dislexia, ikuspegi pedagogiko aktibo eta irisgarriak, literatur... [+]


Elebitasunaren tranpa

Auzitan jar ez daitekeen baieztapen orokor eta eztabaidaezinaren gisan saldu digute hizkuntzak jakitea printzipioz ona dela, baina baditu bere "ñabardurak", edo esanahi ezkutuagokoak. Hemengo ustezko elebitasun kontzeptuaren azpian dagoen baina kamuflatzen den... [+]


2025-03-04 | ARGIA
Euskaraz egiteko eskatzeagatik Tolosan EHEko kide bati eraso egin diotela salatu dute

Euskal Herrian Euskarazen arabera, Tolosako tren geltokiko segurtasun agente batek eraso egin zion militante bati, agenteari euskaraz hitz egiteko eskatu ziolako. Tolosako alkateak "kezka" adierazi du eta azalpenak eskatuko dituela jakinarazi.


5.000 ‘erlezain’ lortzeko kanpaina nazionala abiatu du Herri Urratsek

Otsailaren 28an Hendaian eman dio hasiera kanpainari Herri Urratsek. Euskararen transmisioa bermatzen duen Seaska babestea da helburua.


Erabat doan izango da Hondarribian euskara ikastea

EH Bilduk sustatuta, Hondarribiako udalak euskara sustatzeko diru-laguntzetan aldaketak egin eta laguntza-lerro berri bat sortu du. Horri esker, erabat doakoak izango dira euskalduntze ikastaroak, besteak beste.


2025-02-28 | ARGIA
“Erdalduntzeko makina” salatzeko kanpaina abian jarri du Bilboko Guka mugimenduak

Gukak “Bilbo erdalduntzen duen makina” ikusaraziko du kanpainaren bidez. 24 orduz martxan dagoen makina salatuko dute, eta berori “elikatu eta olioztatzen dutenek” ardurak hartzea eskatuko dute. Euskararen aldeko mekanismoak aktibatzea aldarrikatuko dute.


Famili'on egonaldi ibiltaria aurkeztu dute lehendabizikoz Baionan

Plazara, AEK, Uda Leku, Dindaia eta Ebete antolakundeak Baionan elkartu dira Famili'on egonaldi ibiltariaren lehen edizioa aurkezteko. Hizkuntza mailaren arabera eskaintza bat edo beste egongo da eta haur zein gurasoentzat izango da udaberrian.


Euskaraldian hitanoa lantzera deitu dute

Hamahiru ZirHika kide batu dira hitanoaren erabilera aldarrikatzeko eta antolakundearen ekintzen berri emateko. Azalpenak Badihardugu elkarteko Idoia Etxeberria eta Galtzaundiko Uxoa Elustondok egin dituzte. Horiei, Andoni Egaña eta Amaia Agirre bertsolariak eta... [+]


Lizarrako kultur teknikari izateko nahitaezkoa da euskara Administrazio Auzitegiaren arabera

Administrazio Epaitegiak arrazoia eman dio EH Bilduk Lizarrako plantilla organikoaren hizkutnz profilen aurka jarritako helegiteari.


Lorpen baten berri: Nafarroako Museoan Irulegiko Eskua euskaraz bisitatu daiteke

Hizkuntz Eskubideen Behatokiak jaso ditu kexak: bisita gidatuak gaztelania hutsean, eta sarrerako zerbitzuetan ere bai. Bitxia da kontua: baskoien mintzairaren hitzak dituela uste den brontzezko objektua ikustera joan... eta azalpenak gaztelaniaz. Kexek eragina izan dute, eta... [+]


2025-02-19 | Estitxu Eizagirre
“Kartzelara bidaltzen bagaituzte ere, hemen egongo da herri bat erasoen kontra defendatzeko prest”

Ilbeltzeko igande goiz batez jo dugu Baztanera. Eguzkiak oraindik ez du Lekarozko plaza argitu; bertan elkartu gara Garbiñe Elizegi Narbarte, Itziar Torres Letona eta Ernesto Prat Urzainkirekin. Itzaletan hotz egiten du eta umorez goxatu dugu lehen agurra, hogei urtean... [+]


Eguneraketa berriak daude