argia.eus
INPRIMATU
Plikak zekarrena
Igor Estankona 2021eko otsailaren 18a
Bidaia (h)ariketak | Oihane Zuberoa Garmendia Glaria | Denonartean, 2020.

lruña Hiria Poesia Sariketaren epaimahaia Nafar Ateneoaren Iruñeko egoitzan batzartu da. Ines Castiella Imaz andreak, Unai Pascual Loyarte jaunak eta Nafar Ateneoko euskara eleduna eta idazkari Josu Jimenez Maiak aho batez erabaki dute sariketara aurkeztu diren 18 idazlanetatik Bidaia (h)ariketak izenekoari lehen sari bakarra ematea. Plika irekita, honakoa da egilea: Oihane Zuberoa Garmendia Glaria. Epaimahaia osatzen dugunon iritziz, hizkuntza maila jasoko olerki-bilduma da, freskotasuna dariona eta kultur klasikoz jantzia; bidaia iniziatiko baten barna garamatza, hausnarketa anitzak sortzeko egina eta sentimendu paradoxikoak ongi uztartuak agertzen dituena”.

Atzokotutako modu zaharmindu horretan aurkezturik, bat ere xarmarik gabeko titulua daroan Bidaia (h)ariketak hau izan zitekeen literatur lehiaketa baten enegarren paperezko obramendua, baina hara non, Oihane Zuberoa Garmendia Glaria (Erronkarin jaioa, non bestela, 1993an) begitandu zaigu aurreikusi zitekeena eta ustebakoa, guria eta sendoa. Berak ere badio: “Mendia da desberdin oso;/ noiz begiratzen zaion./ Batzuetan maluta errime,/ besteetan sapa den haize”.

Bidaia (h)ariketak errealista da, alegiazkoa da, zer da? Egunerokoa bihurtzen du poema errimatu, eta grekolatindarrak dakartza hitz lauz. Gauza da irakurlearen gogoan gezia bezala sartzen dela, eta ez dioela ezer berezirik, esan ez denik behintzat. Eite aski sinpleekin sakontasun itzelak erakusten ditu, eta horretan datza bere meritua: entretenigarria da irakasgarria beste, eta delikatuki indartsua. “Musa da/ ohetik altxa,/ kafea prestatu eta/ idazten hasteko eskusa”.

Aforismoetan entretenitzen da uneka, eta errimetan eta hitzen hoskidetasunetan trabatu, eta badu joera eskapista bat –batez ere Grezia idealizatu batera– ez diona sarri poemari mesede egiten, baina liburuaren ahogozoarekin ari naiz idazten oraindik, eta hori seinale ona da. Gora-behera handirik gabeko poemario atsegin hau, Bidaia (h)ariketak, horixe dira, hariz lotutako ariketa zenbait. Modu hanpatuan ari da gauza txikien gainean, eta modu xumean heriotzaz, Egeoko irla txiki batean bilatuz kontinente guztien azalpena.