“Villavesan nire ondoko eserlekua beti hutsik egoten da”

  • 16 urte zituela bere herria eta familia utzi eta patera batean sartu zen Europako ametsaren bila. Iruñera iritsi aurretik ere, argi zeukan bere adinkide askok baino gehiago ikasi eta lan egin beharko zuela. Hizkuntza eta lanbideaz gain, hemengo jendearen komunikazio kodea azkar ikasi du berbere gazteak. 2019an Nafarroako Gazteriaren Saria eman zioten, bakarrik etortzen diren gazte etorkinei aitortza gisa.

Argazkia: Dani Blanco
Argazkia: Dani Blanco
Mohammed Ounasser 'Moha'. Todra, Maroko, 2002

Goizez Elektrizitatea eta elektronikako lanbide heziketako bigarren maila ikasten ari da Etxabakoitz Eskola Tailerrean. Arratsaldez enpresa batean lan egiten du matxuratzen diren makinak konpontzen. 16 urterekin iritsi zen Iruñera, bere herria –Todra– eta familia utzi eta Gibraltargo itsasartea patera batean gurutzatu ondoren. SEI Elkarteko kidea da (Kulturarteko Giza eta Hezkuntzarako Zerbitzua), eta boluntario gisa aritu da. 2019an Nafarroako Gazteriaren Saria jaso zuen.

Nolakoa da zure sorterria?
Todra 4.000 biztanleko herria da. Eskualdeko iparraldea ezaguna da neguan jende asko joaten delako eskalatzera. Oso euri gutxi egiten du, baina oso paisaia politak daude.

Zergatik erabaki zenuen handik ateratzea?
Ikasten ari nintzen eta bizimodu normala neraman, baina ikusten nuen han jende askok ez duela lanik aurkitzen ikasketak bukatutakoan. Horregatik esan nion aitari Espainiara joan behar nuela, nire lagun askok egin duten bezala. Nire herritik jende piloa etorri da, 90 gazte gutxienez bai.
Hasieran ez aitak ez amak ere ez zuten ni joaterik nahi. Hilabete asko aritu nintzaien argudioak ematen eta DBH laugarren maila bukatutakoan, aitak esan zidan berriro ez zidala ezetz esango. Ez zidan joateko esan, baina ez zidan debekatu. Azkenean utzi zidaten.

Bost arreba dituzu. Haiek ez dute etortzeko asmorik?
Ez. Hori pentsaezina da. Marokoko iparraldean badaude etortzeko erabakia hartzen duten neskak, baina nire herrian ez. Ikasketak bukatzen dituztenean ezkontzen dira eta kito.

Zer kontatzen zizuten zu baino lehen etorritako lagunek?
Hasieran pixka bat kostatzen dela hizkuntza ikastea, ikasketak egiteko tokia bilatzea, bizitokia aurkitzea… baina poliki-poliki ikasten baduzu eta ohiturak ere ikasten badituzu aurrera ateratzen zarela. Nire lagun onenak bi hilabete lehenago egin zuen Bartzelonara eta azaldu zidan dena.

Aurkitu duzu espero zenuena?
Ez. Dena ez. Espero nuen hona iristean ikasteko toki bat aurkitzea eta ikasi nahi nuena aukeratu ahal izatea. Baina ez zen horrela izan. Elektrizitatea ikastera eraman ninduten eta nik mekanika nahi nuen. Egia esan orain asko gustatzen zait, baina hasieran gaizki pasa nuen.

Nolakoa izan zen bidaia?
Herritik atera eta Tangerrera joan nintzen autobusez. Han hiru egunez egon nintzen zain, kalean lo egiten eta bidaia prest zegoela esan zidatenean dirua eman nion trafikatzaileari. 4.000 euro ordaindu nion dirhametan. Nire aitak lan handia egin behar izan du dirutza hau lortzeko. Azken denboraldi honetan enpresa batean ari zen lanean, baina orain itxi dute COVIDarengatik, beraz orain ez du lanik egiten eta bizitza osoko aurrezkiak trafikatzaile bati eman behar izan genizkion. Bost metroko patera batean 35 pertsona sartu ginen.Tangerretik goizeko lauetan atera ginen. Arratsaldeko bostak aldera erreskatatu gintuzten eta La Líneara eraman. Gauean hotz izugarria egiten zuen eta ez genuen ez janik ez urik ere. Oso gogorra izan zen. Zure bizia arriskuan jartzeaz gain, dirutza handia ordaindu behar duzu. Zorionez, gure paterako guztiak bizirik iritsi ginen.

Argazkia: Dani Blanco

Eta penintsulara iritsitakoan?
Adingabeentzako zentro batera eraman ninduten. Jende piloa zegoen. Lurrean lo egiten genuen. Latzak izan ziren han egon nintzen hiru egunak. Gero Tuteran bizi den nire osaba bati deitu nion eta bila etorri zitzaidan. Astebete egon nintzen haiekin eta gero Iruñera ekarri ninduen. Foruzaingoaren polizia-etxe batera eraman ninduen eta esan genien adingabea nintzela eta ez nuela ezer. Orduan Ilundaingo harrera zentrora eraman ninduten eta hiru egun beranduago Argarai adingabeentzako zentrora. Han bi hilabete eman ondoren Barañaingo pisu batera bidali ninduten beste hiru mutilekin, apirilean 18 urte bete nituen arte. Orduan babes guztia bukatu zen eta nire kabuz bilatu behar izan nuen bizitokia. Orain pisu partekatu bateko gela batean nago.

Orain erakundeen babesik ez duzu?
Hala da. Programatik kanpo gelditzen zara 18 urte beteta. Orain nire kasa bizi naiz. Harremanak ditut zerbitzu sozialekin eta Sei elkartearekin. Asteburuko ekintzetan eta ateraldietan hartzen dut parte eta lanean hasi aurretik boluntario gisa aritzen nintzen beste gazteei laguntzeko, baina orain ez dut denborarik. Hezitzaileekin oso harreman ona dut eta deitzen ahal diet. Paperak berritzeko, adibidez, laguntzen didate. Hezitzaileek mesede egiten didate nahi dutelako, haiek ez baitute batere obligaziorik ni laguntzeko.

Aldaketa oso latza da, egun batetik besterakoa, eta diru aurrezkirik ez baduzu oso gaizki pasatzen duzu. Bermatutako errenta eska dezakezu, baina hilabete asko kostatzen zaio iristea.

Eta dokumentazioa?
Ni ezer gabe etorri nintzen eta izugarri kosta zitzaien nire pasaportea Marokotik bidaltzea. Urte bat eta hilabetea. Hogei aldiz joan naiz Bilboko Marokoko kontsulatura. Pasaportea lortutakoan, atzerriko aferen bulegora joan nintzen Atzerritarren Nortasun Zenbakia (AIZ) eskatzera eta sei hilabete beranduago eman zidaten. Urtero berritu behar dut. Zorionez niri hau eman zidaten erresidentzia eta baita lanerako baimenarekin ere, baina ez da ohikoa. Horregatik aurkitu ahal izan dut lana.

Eta hori zer dela eta?
Martxoan koronabirusarengatik aldatu zuten legea eta orduz geroztik ematen dute horrela. Mugak ixtean nekazaritza alorrean, batez ere, behar omen ziren langileak eta horregatik ordurako hemen geunden adingabeei edozein sektoretan lan egiteko baimena ematen hasi zitzaizkigun. Salbuespenezko neurri bat omen da.

Dena den, gaizki antolatuta dago sistema. Enpresa batera lan eske joaten zarenean lanerako baimena eskatzen dizute, baina baimen hori lortzeko, edo berritzeko, enpresa batean urte baterako eta jardunaldi osoko kontratu bat behar duzu. Nola egiten duzu hori? Baimenik gabe ez dago kontraturik eta kontraturik gabe ez dago baimenik. Gurpil zoro bat da.

Ni orain ongi nago. Goizean Lanbide Heziketako bigarren maila egiten ari naiz eta arratsaldez jardunaldi erdiko lana daukat enpresa batean, matxuratzen diren makinak konpontzen.


"Orain bi lagun eta hirurok ari gara pisu bila elkarrekin bizitzeko eta inork ez digu alokatu nahi. Bizitokiaren gaia oso konplikatua da”

Errenta bermatua eskatzea da gazte batzuentzat irtenbide bakarra?
Bai, hala ere orokorrean pentsatzen dugu hori ez dela guretzat. Hori da lanik egin ezin duen familia batentzat, adibidez. Guk lana nahi dugu. Jainkoari esker guk indarra eta lanerako gogoa dugu.

Nire lagun asko egoera zailean daude: erresidentzia baimena badute bai, baina lanekoa ez eta oso gaizki ari dira pasatzen. Jarraitzen dute ikasten, baina askok utzi nahi diote ikasteari. Lana nahi dute eta dirua lortu.

Zer izan da zuretzat Nafarroako Gazteriaren Saria hartzea?
Hasieran ez nuen oso ongi ulertzen. Oso momentu berezia izan zen niretzat eta nire familiarentzat ere bai. Berehala bidali nizkien argazki eta bideo guztiak. Kontent eta harro zeuden. Ni hautatu ninduten baina asko dira eta ni baino hobeak ere bai. Badira aurreiritzi asko etorkin adingabeen inguruan eta horiek ezabatzeko balio dezake sariak.

Baztertua sentitzen zara?
Bai, askotan. Etxeko atarian jendea agurtzen duzunean eta ez dizutenean erantzuten edo villavesan [autobusean] nire ondoko eserlekua beti hutsik egoten denean, adibidez. Jendeak nahiago du zutik egon, zure ondoan eseri baino eta horrek min ematen du. Orain koronabirusarekin baikorrago begira dezakezu eta pentsatu denok kutsatzearen beldur garelako dela.

MENA edo etorkin adingabearen etiketa latza da?
Ikaragarri. Ematen du lapurtzera, hiltzera eta gauza txar guztiak egitera gatozela, baina gu gure etorkizuna hobetzeko eta gure familiak laguntzeko asmoz etortzen gara.

Desberdina izateak, beste hizkuntza, kolore eta erlijioa edukitzeak susmagarri bihurtzen zaitu eta jendeak baztertu egiten zaitu. Hori nabari da gehiago adin bateko jendearen artean. Gazteak irekiagoak izaten dira.

Batzuek diote lana kentzera gatozela, baina argi esan behar da guk hartzen ditugula haiek nahi ez dituzten lanak. Guk soilik lana nahi dugu, edozein izanda ere. Dena den, hemen bazaude betidanik eta duela bi hilabete kanpotik etorri den batek lana kentzen badizu, erruduna nor den ez daukat nik oso garbi. Hori ez da normala. Egia da, bestalde, batzuek edozein lan onartzen dutela edozein preziotan. Ni ez nago horren alde, baina ulertzen dut batzuek hala jokatzea, behar handia dutelako.

Honen aurrean zer egin daiteke?
Nik uste dut oso garrantzitsua dela guretzat hemengo ohiturak eta kodeak ikastea, esaterako. Afrika iparraldetik etortzen diren gazte askori, adibidez, hori izugarri kostatzen zaie. Oso serioak dira ezezagunekin. Guri, orokorrean, etxean beti esan izan digute zu baino adinez nagusiagoa den pertsona batekin hizketan ari bazara, besoak gurutzatu behar dituzula bular gainean errespetua adierazteko eta serio begiratu. Horregatik hemengo jendeak askotan pentsatzen du gazte horiek haserre daudela eta ez da hori. Entzuten ari dira, besterik ez. Batzuetan haserre planta horien atzean tristezia edo beste emozio batzuk egoten dira.

Gai hauetaz hitz egiten duzue zuen artean?
Ez. Ikasketez, lanaz… bai, baina gai hauetaz ez gehiegi, eta garrantzitsua da. Honetaz denborarekin konturatzen zara.

Nolakoa da zure bizimodua? Baduzu lagunik?
Bai, mordoa. Baditut kanpotik etorritako lagunak eta hemengoak ere bai. Oso zaila da hemengoak aurkitzea, baina SEI familia bat bezalakoa da eta haiei esker hemengo jendea ere ezagutzeko aukera dugu. Eta klaseko lagunak ere baditut. Asteburuan batzuetan gelditzen gara zerbait hartzeko edo buelta bat emateko. Lagun batekin askotan joaten naiz bizikletaz ibiltzera, mendira eta tokiak ezagutzera. Oso paisaia politak daude hemen Nafarroan. SEIrekin bizpahiru aldiz mendira joan ginen pandemia aurretik. Oso baliogarria da guri sentiarazteko jendearen kariñoa eta maitasuna. Ez naiz askotan ibiltzen gauez eta nahiago dut egunez ibiltzea.

Niri kirola ere asko gustatzen zait. Hesietako lasterketan aritu naiz Hiru Herri taldean eta han ere jende asko ezagutu dut.

Erlijio zalea zara?
Bai. Ez dut alkoholik edaten, ez dut erretzen, ez drogarik hartzen ezta txerri haragirik ere. Alkohola ez zait gustatzen, ez da soilik erlijioarengatik.

Egunean bost aldiz egiten dut otoitz eta ostiraletan Sanduzelaiko meskitara joaten naiz, denbora dudanean. Aldi bakoitzean 5-10 minutuz aritzen naiz. Egiten dudana da Korana irakurri, keinu batzuk egin, gogoeta eta Alari gauzak eskatu. Dena ongi joan dadin eta nire familia laster ikustea eskatzen diot. Bi urte dira ikusten ez ditudala. Orain pandemiarekin oso zaila da, baina hobera eginez gero udan joatea gustatuko litzaidake.

Bitartean nolako harremanak dituzu familiarekin?
Bideo deiak, telefonoz… hiruzpalau aldiz astean.

Gauza txarrak ere kontatzen dizkiezue?
Kontatzen ditugu batez ere gauza onak. Txarrei buruz ere hitz egiten dugu, baina garrantzia kenduz, pasako direla esanez.
Hala , hango lagun gazteei gaizki gaudela esaten badiegu, batzuek pentsatzen dute hori esaten duzula ez duzulako nahi haiek etortzea.

Nolakoak zarete berbereak?
Oso harro gaude berbereak izateagatik. Kultura oso desberdina da. Baditugu gure bandera eta hizkuntza propioa. Eskolan arabieraz ikasten nuen eta frantsesa. Amak ez daki arabiera. Inork ez daki irakurtzen edo idazten amazigez. Inoiz ez dugu ikasi. Berbereak gehiengoa gara baina gobernua arabiarra da eta ez gaituzte errespetatzen. Urtarrilaren 13an berbereen urte berria izan zen, baina gobernuak debekatu zituen ospakizun guztiak.

Argazkia: Dani Blanco

"Lan eske joaten zarenean lanerako baimena eskatzen dizute, baina baimen hori lortzeko, edo berritzeko, enpresa batean urte baterako eta jardunaldi osoko kontratu bat behar duzu. Nola egiten duzu hori?”

Nolako etorkizuna nahi duzu?
Momentuz hemen nahi nuke, Iruñean. Ikasten jarraitu eta aldi berean lan egin.  Orain Transpirenaica Social Solidaria elkartearekin proiektu bat egiten ari gara gazte etorkinak eta adineko pertsonak elkarrekin bizitzeko.

Hiru mutilek eta hezitzaile batek Etorkizunerako Erronka izeneko programan parte hartu genuen estatu mailan eta 25 talderen artean gure proiektuak irabazi zuen. Orain berriki egitasmoa Nafarroako Gobernuan aurkeztu dugu eta haien erantzunaren zain gaude. Niri asko gustatuko litzaidake adineko pertsona batekin bizitzea eta laguntzea.

Gainera bada jende asko pisua edo logela alokatu nahi ez diguna. Orain bi lagun eta hirurok ari gara pisu bila elkarrekin bizitzeko eta inork ez digu alokatu nahi. Bizitokiaren gaia oso konplikatua da.

Nola ikusten dituzu hemengo gazteak?
Pena ematen dit ikustea batzuek ez dutela gaztaroa aprobetxatzen ikasketak egiteko eta etorkizun hobe bat lortzeko. Gurasoek uzten badiete nahi dutena egiten eta dirua ematen badiete horrela bizitzeko, normala da halako gauzak gertatzea. Etorkizunari aurre egin behar zaio. Nire ustez ez da ezkutatu behar gurasoen edo familiaren atzean. Atera behar da eta aurpegia eman. Pentsatu behar da zure gurasoak ez direla zurekin egongo beti eta iritsiko dela bakarrik moldatu beharko duzun eguna. Dirua irabazi, lan egin eta bizi beharko duzu zure kabuz, inoren laguntzarik gabe. Horregatik eskarmentua hartzen joan behar da.

Eta euskara ikasteko asmorik bai?
Bai! Amazig, arabiera eta frantsesa badakizkit eta orain euskara ikastea gustatuko litzaidake. Izugarri gustatzen zait soinua eta nola hitz egiten duzuen. Hona etorri aurretik ez nekien euskara existitzen zenik ere. Nire lehen harremana hizkuntzarekin izan zen Lorea nire hezitzailearen bidez, bera ere ikasten ari delako.

 

GOSEA, BESTE BIRUS HORI
“Pandemia arreta handia jasotzen ari da guztioi eragiten ari zaigulako, baina bada beste birus bat jende gehiago hiltzen ari dena. Gosea du izena eta bere txertoa janaria da, baina jendeak gosez hiltzen jarraitzen du. Afrikako gosea eta gaixotasunak Mendebaldeko gizarteetara iristen ez direnez, ezikusiarena egiten da eta hori latza da”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Migrazioa
Atxilotu egin dituzte migratzaileak laguntzeagatik Hendaiako komisaldegira deitutako zazpi herritarrak

Hendaiako komisarian deklaratu dute asteazken goiz honetan, eta segidan atxilotu dituzte, “talde antolatuan migratzaileak Frantziako Estatuan sartzen laguntzea” leporatuta. Zazpi herritarren aldeko mobilizazioa egin dute lagun ugarik polizia-etxe aurrean, elkartasuna... [+]


2024-09-27 | Euskal Irratiak
Amaia Fontang
“Hau da etorkinen geroa gobernu berriarekin: kontrola, kanporaketak eta kriminalizazioa”

"Segurtasun gehiago, inmigrazio gutxiago". Bruno Retailleau barne ministro frantsesa argi mintzatu da, kargua hartu berritan. Etorkinen gaineko kontrola azkartu nahi du Michel Barnier lehen ministro eskuindar-kontserbadorearen gobernuak, eta jada Retailleauk aitzinatu... [+]


Materialismo histerikoa
Ezin dute euskara ikasi

Ama da, Perukoa, eta ezingo luke euskara zerotik ikasten doan hasi, egunkarietan irakurri dugun moduan (gezurra zen): hemen agian bai, gurean udalak bermatzen duelako eskubide hori (Hernani). Etortzen bazait ikasturtea amaitutakoan (etorri zaizkidan moduan), alabarekin udan zer... [+]


Manteroekin Bat
“Ez dirudi agintariek benetako interesa dutenik manteroen egoera konpontzeko”

Manteroek azken hilabeteetan Bilbon bizi duten egoeraz aritu gara Manteroekin Bat plataformaren barruan dauden hiru elkartetako kideekin: Boubacar Diouf (Mbolo Moye Doole), Luisa Menéndez (Ongi Etorri Errefuxiatuak) eta Elena Bezanilla (Bizkaiko SOS Arrazakeria). Salatu... [+]


2024-09-19 | Gedar
Gomazko beste milaka bala erosiko dituzte Guardia Zibilak eta indar militarrek

Guardia Zibilak 18.000 euro baino gehiago bideratu ditu aurten kautxuzko bolak erostera, "istiluen kontrako" materialaren barruan. Itsas Armadak, berriz, gomazko 1.500 pilota erosiko ditu. Poliziak erabiltzen dituen bitartekoak erregulatzen dituen araudia ez da... [+]


“Migratzaileak autoan hartu eta Polizia egon zitekeen errepideak saihestuta eramaten nituen”

Pertsona migratzaile asko eraman ditu Aritzek bere autoan, Poliziak ez ditzan harrapatu, gaueko iluntasunean ez daitezen galdu eta batetik bestera seguru ibili daitezen. Bereziki gogoan ditu Irundik Hendaiara muga gurutzatzen lagundu eta etxean lotan izan zituen emakumea eta... [+]


Gose eta gerlatik ihes, oraingo afrikarrak bezala lehengo euskaldunak

Andoni Gabantxo arrantzale bermeotarrak Mastodon sare sozialean argitaratu zuen haria artikulu formatuan ekartzen dizuegu, bere oniritziarekin. Gaurko errefuxiatuei buruzko eztabaidetan ez dezagun ahantz atzoko hainbat errefuxiatu gure arbasoak zirela, hemengo portuetatik ihes... [+]


2024-09-16 | ARGIA
Gutxienez bederatzi migratzaile hil dira Mantxako kanalean eta Ceutako kostaldean

Gutxienez zortzi migratzaile hil dira Manchako kanalean, Frantziako Ambleteunse hiritik Erresuma Batura zeramatzan ontzia hondoratuta. Aurten, 45 lagun hil dira jada Erresuma Batura iritsi nahian. Bestetik, Espainiako Ceutara igerian heldu nahi zuen pertsona bat ito da igandean... [+]


Ez deitu deportazio masibo, deitu marketin kanpaina arrazista

Mendebaldeko herrialde aberats gehienetan ultraeskuina etengabe eztenka ari da migratzaileekiko gorrotoa eta arrazismoa akuilatzen. Deportazio planei ekitea izan da gobernu askoren erantzuna, izan afganiarrak talibandarren eskutan uzteko, Alemania pentsatzen ari den moduan, edo... [+]


Ultraeskuinaren diskurtsoari eutsi eta Alemaniak polizia-kontrolak ipiniko ditu muga guztietan

Gobernuak argudiatu du "migrazioaren karga handia"  eta "terrorismo islamistaren arriskua" areagotu direla.


Moussa bizilagunaren kanporatzea ekiditeko herri bazkaria egin dute asteburuan Txantrean

Kanporatze agindu mehatxua gainean du Moussa txantrearrak. Bizilagunak bildu dira prozesuari aurre egiten laguntzeko.


Ibaiak

Mugak Zabalduz karabanarekin, Bosnia Herzegovinako Bihac hirian, Nihad Suljic aktibistak Drina ibaia Balkanetako hilobi handiena dela azaldu zigun. Ahantzi ez daitezen, topatzen diren hilotzak identifikatzeaz eta ehorzketa emateaz arduratzen da, merezi duten duintasuna aitortu... [+]


2024-09-03 | ARGIA
Eusko Jaurlaritzak “gogoeta serioa” eskatu dio Espainiako Gobernuari, migrazio olde betean

Nerea Melgosa sailburuak esan du "ezinbestekoa" dela Espainiako Gobernuak bere migrazio-politiken berri ematea, autonomia-erkidegoek ez baitute "inongo ezagutzarik".


2024-08-30 | Gedar
Pertsona migratuen deportazioaren alde agertu da Pedro Sanchez

"Migrazio zirkularra" sustatu nahi du PSOEren gobernuak, langile batzuek behin-behineko hainbat lan egiteko migra dezaten Espainiako Estatura, eta gero euren jatorrizko herrialdeetara itzul daitezen.


230.000 migratzaile iritsi dira Kanarietara azken 30 urteetan, eta beste milaka hil dira itsasoan

Caminando Fronteras gobernuz kanpoko erakundearen arabera, iaz 6.007 pertsona hil ziren Kanarietako Bidean itota. 2023an 39.910 migratzaile iritsi dira Kanariar Uharteetara. Espainiako Estatuko presidente Pedro Sánchez hurrengo egunetan Gambia, Senegal eta Mauritaniako... [+]


Eguneraketa berriak daude