argia.eus
INPRIMATU
HUMANITATEAREN UNE GORENAK
Bigarren mailako errepideak
Aritz Galarraga @aritzgalarraga 2021eko otsailaren 17a

Kotxe-kideak nazkatuta dauzkat, baina, leku beretik maiz pasatzeak erabat aspertzen bainau, atsegin dut autoarekin errepide berriak probatzea, bigarren mailakoak, gida-bideetatik kanpo doazenak. Merezi du: gehienetan ez dira hamar, hogei, hogeita hamar minutu baino gehiago izaten; galera oso da txikia, irabazien aldean. Villanueva de Sigenan sartu ginen azken bidaian, kotxe-kide batek gosaria kanporatu baino lehen –desbideratzeko edozein aitzakia da ona–. Miguel Servet zenaren jaioterrian.

Izena ezaguna nuen, Alfonso Sastrek idatzi zionetik Flores rojas para Miguel Servet, eleberri bat, fikziorik gabekoa –pixka bat Jon Etxaidek Etxahun Barkoxekoarekin egin zuena–. Eleberri bat, pentsatuko duzue, ez da pertsonaia historiko baten biografia ezagutzeko modurik egokiena. Ez dezagun ahantzi, ordea, nobela batek historia libururik zurrunenak baino hobeki lagun diezagukeela ulertzen giza-esperientzia. Mediku eta teologo izan zen Servet, batez ere, pertsonaia eztabaidatu, sineste sendoko, akaso ausartegia. Batzuek aitortzen diote nafar herritartasuna, Tuterako sinatu baitzuen inoiz, baina gehiago dirudi jazarleengandik ihes egiteko amarrua. Odol zirkulazioaren zirkuitua deskribatu zuen lehena; Elizaren antolaketan, erreformatzaile baino irauli aldekoa, katoliko zein protestanteentzat nahasgarri. Jaso zuen akusazioa: Hirutasun Santua ukatzea, Kristoren jainkotasuna, eta panteista zela. 42 urte zituen 1553an, sutan hil zutenean Genevan. Kalbinoren aginduz. “Pertsona bat hiltzea ez da doktrina bat defendatzea; pertsona bat hiltzea da”, idatzi zuen Castellionek.

Hondarribia-Bartzelona korridorean, maizegi ikusi izan dut Aragoi tramite bat bezala, are gauza gogaikarri bat; existituko ez balitz hobeto. Bigarren mailako errepideekin ausartzegatik, aldiz, ezagutu ditugu hobeki Serveti buruzkoak. Autopistatik joan izan bagina sekula ezagutuko ez genituzkeen txikikeriak.