argia.eus
INPRIMATU
Basamortuko ekaitzerako aterki mediatikoa
  • Persiako Golkoa, 1991ko otsailaren 28a. Golkoko Lehen Gerra amaitu zen, AEBak buru zuen koalizioaren garaipenarekin. Gerra hartan komunikabideak arma estrategiko bihurtu ziren, "gerra garbiaren" kontzeptu berria indartzeko eta iritzi publikoak erasoei zilegitasuna eman ziezaien lortzeko.

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2021eko otsailaren 17a

Persiako Golkoa, 1991ko otsailaren 28a. Golkoko Lehen Gerra amaitu zen, AEBak buru zuen koalizioaren garaipenarekin. Gatazka hilabete batzuk lehenago hasi zen, abuztuaren 2an irakiarrek Kuwait inbaditu zutenean. Koalizioaren bonbaketak airetik eta uretik hasi ziren 1991ko urtarrilaren 17an eta, azkenik, Basamortuko Ekaitza operazioa amaitzeko, otsailaren 24an ekin zioten lehorreko erasoari.

Han eta hemen irakurri eta entzuten da oraindik Golkoko Lehen Gerra izan zela telebistaz eman zen lehen gatazka, frontetik albisteak zuzenean transmititu ziren lehen aldia. Alejandro Pizarroso historialari eta kazetariaren ustez, aldiz, “ez zen gerra telebisatua izan, agian telebista asmatu zenetik izan diren gerra guztien artean telebistaz gutxien emandakoa izango da, munduko telebista kate guztietako programazioan orduak eta orduak bete zituen arren”.

Zaila da informazioa frontetik zuzenean iristen zela sinesten, gerraren transmisioaren esklusiba ia erabat CNN kate estatubatuarraren esku zegoela eta Irakeko medioei informazioa kanpora ateratzeko aukerak eten zizkietela jakinda. AEBek ez zuten nahi Vietnamen gertatutakoa berriz gertatzea. Han, nazioarteko medio akreditatu guztiek aukera zuten informazioa zuenean Vietcongetik nahiz AEBetako armadatik jasotzeko. Vietnamgo porrotaren kontakizun iluna saihestu eta garaipen garbi eta azkarraren istorioa muntatu behar zuten.

Bideo-jokoetakoak diruditen irudiz eta datu teknologiko eta zenbaki hotzez bonbardatu zuten iritzi publikoa: koalizioak 959.600 militar zituen, 2.000 tanke, F-117A Nighthawk edota F-4G Wild Weasel hegazkinak, AH-64 Apache eta AH-1 Cobra helikopteroak,  Hellfire y TOW misilak… eta, horiekin guztiekin, jakina, eraso zehatz eta eraginkorrak egin zituzten soilik funtsezko helburu militarren kontra. CNNk ez zuen kontatzen eraso indiskriminatuak egin zituztela biztanle zibilen kontra, otsailaren 14an bi misilek 400dik gora zibil hil zituztela Bagdaden, biharamunean dozenaka hildako eragin zituztela Faluyako merkatu batean… edo bonbardaketek hondamen ekologiko izugarria eragin zutela: petroliozko 300 aintziratik gora sortu ziren, 40 milioi tona lur kontaminatu zituztenak.

Golkoko Lehen Gerran komunikabideak arma estrategiko bihurtu ziren, gerra garbiaren kontzeptu berria indartzeko eta iritzi publikoak erasoei zilegitasuna eman ziezaien lortzeko. Juan Goytisolo (1931-2017) idazleak zera esan zuen 2003an, Golkoko Bigarren Gerraren atarian: 1991n bezala, ez da benetan gertatzen denaren irudirik izango, estudioan filmatutako eta efektu bereziak erantsitako bideo-gerra bat baizik”