Gure pagadiak mozteko bidea ireki diote instituzioek italiar multinazional bati

  • Italiako Florian enpresak zerrategi erraldoi bat kokatu nahi luke Okzitaniako Lannemezan  hirian. Makroproiektu hau gauzatuko balitz, ahantzi Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdiko oihanpe ederrak eta pagadi zabalak. Hain zuzen, Pirinio osoko pagoak liratezke ustiaturik segeria hornitzeko. Instituzio nagusiek eta oihangintzako egitura potoloenek oniritzia eman zioten 2019ko abenduan izenpeturiko gutun baten bidez. Horrela deskubritu zuten egitasmoa hautetsi eta herritarrek. Orduz geroztik, aurkako mobilizazioa indartuz doa. 

Zuhaitz mozte masiboa: SOS Forêt Pyrenées taldeak egin konparaketari segi, urtero 1.200 futbol-zelairen heina luke moztuko Florian enpresak.Dani Blanco
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Florian italiar multinazionala Pirinioetako pagadiei begira dugu, neurriz-kanpoko gosearekin; eta bidea irekiz gero, erabat itxuraldaturik eta suntsiturik genituzke gure mendi eta oihanak. Hain zuzen, Lannemezan (Okzitania) hirian zerrategi industrial bat irekitzeko asmoa du multinazionalak, eta aurkezturiko zifrak asebetetzeko bidean, mendikate guztia litzateke ustiaturik –mozteen %40 Biarnoan eta Ipar Euskal Herrian litzateke, adibidez–. Horrez gain, kantitate guztia ez balu Pirinioetan biltzen ahal, Frantziako erdialdeko mendigunera ere bideratuko luke zuhaitzen mozketa, egitasmoaren aurkezpen txostenean agertzen denez. Arazo nagusia da, bizpahiru urtez diskretuki eraman lanari esker, instituzio nagusien –Frantziako Estatua, Okzitania Eskualdea, Lannemezango hiria eta hiri elkargoa– oniritziak eta finantzamenduak lorturik dituela.

Pascal Lachaud Capvern Okzitaniako herrixkako auzapez-ordeak kontatzen dio ARGIAri nola 2019ko abenduko herri elkargoko bilera batean deskubritu zuen Florianen makroproiektua: “Unilateralki aurkeztu ziguten, inolako kontzertazio eta negoziaziorik gabe”. Garapen ekonomikoa helburu, pagadiak ustiatzeko bide berriak ikertzeko gogoetan kokatu zuen italiar multinazionalaren egitasmoa Lannemezango Herri Elkargoak. “Badu bizpahiru urte instituzioekin harremanetan zela enpresa. Nahiko arraroa da ohartzea hautetsi gisa proiektuari lotua zarela, baina inolako kontzertaziorik gabe”, gehitzen du, kexu.

Dokumentu garrantzitsu bat du esku artean italiar multinazionalak: 2019ko abenduaren 16an hamabi egiturek izenpeturiko gutuna, zeinetan argiki bideratzen dizkieten haien baimena eta laguntza. Lannemezango Herri Elkargoa, prefekturak, Lannemezango Udala eta Okzitania Berriako Eskualde Kontseilua dira izenpetzaileen artean, baita oihangintza arloko egiturak ere –ONF oihangintza kudeatzen duen Frantziako egitura publikoa, Fibois Okzitaniako oihangintzako interprofesionala, Alliance Fôret Bois oihanen jabe pribatuen arteko kooperatiba, eta beste; COFOR oihanak dituzten herrietako elkartea ere alde agertu da, nahiz eta baldintza batzuk jarri–. Ikusirik, egitasmoa bideratzeko bermerik gabe Florian enpresa ez litzatekela bertaratuko, gauzatu ahal izateko hainbat konpromiso zehazten dituzte gutunean.

Dokumentu hau irakurriz, ohartzen gara hastetik buru guztia lotzeko elementuak segurtaturik dituela multinazionalak. Hasteko, eskatzen duen pago kopurua: urtero 20.000 m3 zur bideratzeko engaiamendua harturik du ONF egiturak, Union Grand Sud izeneko udalen arteko egiturak bost urtez urtero 45.000 m3 furnitzekoa, eta Alliance Forêts Bois urtero 5.000 m3 segurtatzen dizkio –aldi oro ongi zehazturik, “eskaturiko kalitatezkoa” izanen dela hornigaia–. Ikerketa ezberdinen finantzatzeko engaiamendua harturik dute Okzitaniako Kontseiluak zein Frantziako Estatuak.

Segeria bideratzeak 11 milioi euroko kostua luke, eta instituzioen konpromisoei segi, %60 diru publikoz finantzatua litzateke. Makineria Florian enpresak ekarriko luke, baina terrenoa, obrak, eraikinak eta pagadietara heltzeko bide berrien eraikitze lanak instituzio publikoek ordainduko lituzkete. “Onartezina” aurkakoentzat. Aski ez balitz ere, ondoko konpromisioa ere hartzen dute gutunaren izenpetzaileek: “–Proiektuaren onespena helburutzat jarririk–, herritarrekin eta ingurumen arloko elkarteekin kontzertazio bat eramateko engaiamendua”.

Hego Euskal Herriko basoak oraingoz ez baditu begiztaturik ere, “arriskua” hor dagoela dio Jean-François Blanco Akitania eskualdeko hautetsi ekologistak: “Horretarako jabeen akordioa beharko luke enpresak... Baina ikusirik zer nolako zur kantitatea beharko duen, argi da ahal bezainbat hedatu nahiko duela”.

Hamabost urtez, urtero 50.000 m3 segatu nahi lituzke; eta datu ofizialei segi, begiztaturik dituen pagoak kausitzeko gisan, 250.000 m3 lituzke moztu beharko urtero –ekologisten kalkuluen arabera, 400.000 eta 540.000 m3 lituzke segatuko–. Hain zuzen, zerrategira doan metro kubo batentzat zazpi eta hamaika metro kubo artean moztu behar izaten direlako. Desmasia irudikatzeko konparaketa argia bideratzen dabil SOS Forêt Pyrenées egitura: urtero 1.200 futbol-zelairen heina luke moztuko.

“Ekozidio” bat, ekologisten ikuspegitik, klima larrialdiaren testuinguruan are onartezinagoa dena. Gaur egun mozten dena baino bi edo hiru aldiz gehiago moztuko lituzke Italiako enpresak. “Florian segeriak eskatzen duen zur kopuruari erantzuteak erran nahi luke Prinioetako pagadiak azkarki hondatzen ditugula, bioaniztasuna gogorki kaltetuz; eta gainera, orain arteko oihangintzaren sektorea kolpatuz”, dio Pascal Lachaudek, Touche pas à ma forêt edo Ene oihana ez hunki kolektiboko bozeramaileetarikoa ere denak.

Makroproiektuaren berri ukan bezain laster osatu zuten Touche pas à ma forêt kolektiboa, iazko otsailean hainbat herritar, egitura eta hautetsik. Berrogei egituraz gora biltzen ditu –sindikatuak, giza eskubideen eta ingurumenaren arloko elkarteak, zein alderdi politikoak–, baita 600 bat herritar ere. Biltzar publikoz biltzar publiko dabiltza, orain arte instituzioetako bulegoetan diskretuki loturiko egitasmoa ezagutarazteko xedez. Makroproiektua ezagutzeko aukera emanez gero, argi da informatua izan nahi duela herritarrak. Horren lekuko, iazko ekainean antolaturiko lehen bilkura publikora 350 bat lagun hurbildu izana, eta ondokoetan ere kopuru handian bildu izana. Informatzeaz gain, herri-presioan ere dabil kolektiboa. 1.300 lagunek manifestazioa burutu zuten Lannemezanen iazko urrian, bezperan beste hainbeste bildu zirelarik Pirinioetan zehar antolaturiko bost martxa ezberdinetan. Segeria industrialaren kontrako petizioa ere dute 61.000 herritarrek izenpeturik.

"Argi ukan behar dugu Lannemezanen kokatua baldin bada ere segeria, Pirinioetako oihan guztiak dituztela ustiatuko”
Jean-Francois Blanco
(hautetsi ekologista)

ONF egitura publikoaren kalkuluei segi, galdetutakoaren %45 ez da zuzenean eskuragarri; hots, bideak eraiki behar liratezke –diru publikoarekin–, kostu ekologikoa eta ekonomikoa are gehiago puztuz. Euskal Herriko eta Bearnoko eremuetan oihanzaina eta SNUPFEN sindikatuko kide den Ramuntxo Teletxeak argi du: “Ezingo diogu erantzun Florian enpresaren eskaerari”. Kantitateaz gain, eskatzen duen kalitateari dagokionez ere ezinezkoa zaielako. “Kalitate oneko enbor lodiak” begiztaturik ditu multinazionalak. “Badu hogeita hamar urte baso publikoetako enbor lodien mozketa dela lehentasuna, hori horrela gehienak bildurik dira”.

“Florian taldeari enbor lodiak furnitu beharrean, zentzu onari segituz, oihanean utzi behar genituzke pusan, gero naturalki hiltzen utziz, basoan deskonposatzeko. Bestela, oihanek pobretzen jarraituko lukete, haien funtzionamendu ekologikoa are gehiago hondatuz, eta kapital ekonomikoa ere ttipituz”, kolektiboaren arabera. Iritzi berekoa da Teletxea: “Zuhaitz zaharrak behar ditugu, oihanaren ekosistemaren orekarako”. Dionaz, 130 urtez goragoko pagoei esker, “sekulako aberastasuna dugu” gure basoetan, baina aldi berean “biziki hauskorra” ere dena. Horregatik zaio “ezinbestekoa” zuhaitz zaharrak bizirik uztea, ekosistema osasuntsua segurtatzeko gisan.

Iritzi-bilketa abiaraztea lortu dute

Mobilizazioari esker, iritzi bilketa bat abiatzea onartu zuen iazko azaroan Pirinio Garaietako Prefekturak. Egitasmoaren eramaileak, udalak, instituzioak, elkarteak, herritarrak... zerrategiaz hunkiak liratezkeen eragile guztien gogoetak biltzen hasiak dira. Lachaud hautetsi militanteak Okzitaniako Kontseiluko presidentearen partetik jakin berri duenez, prozesu hau bidean deino moratoria bat finkatu dute. Horrez gain, exijitu bezala, kolektiboa inkestaren jarraipen-batzordean ere da, aitzinamendua hurbiletik segitzeko gisan.

Hala eta guztiz ere, mobilizazioa ez dute horretan uztekoa: “Proiektua bertan behera gelditu arte mobilizaturik egonen gira”. Zentzu horretara, urtarrilean egindako biltzarrean, ondoko sei hilabeteetako protestak adostu zituzten. Okzitaniako Tolosako Capitole plazan elkartuko dira otsailaren 14an eta hilabetero protesta bat bideratu ondoren, ekainaren 5 eta 6an berriz, Oihanaren Besta ospatuko dute Pirinio Garaietako baso batean.

Hautetsien gehiengoak ez du egitasmoaren berri ukan

Alta, instituzioak gauzapenaren alde engaiatu badira ere, kolektibitate hauetako hautetsiak ez dira informatuak izan. Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako hautetsiekin mintzatzea aski da, ohartzeko ez dela egitasmoaz hitz egin. Xole Aire Urepeleko auzapezak zehaztu digunez, Euskal Hirigune Elkargoan ez da proiektuaren aurkezpenik egin. Haatik, aipagaien artean ukan zuten Garazi-Baigorri eremuko hautetsien arteko azken bileran. Zurarekin energia ekoizteko asmoz dabilen Sugarai egitasmoko ordezkariak egon ziren haien proiektuaren aurkezten. “Sugarai ttipi anitz muntatu nahi lituzkete Euskal Herrian barna, oihana gure eskuetan geldi dadin. Guk adibidez, Urepeleko ibarrarentzat begi onez ikusiko genuke horrelako proiektu bat”. Multinazionalaren aurkako adierazpenik ez bazen argiki atera ere, tokian-toki kudeaturiko oihangintzaren aldeko estrategia nagusitu zen bileran.

Gaurko egunean, ehun bat hautetsi dira kontra kokatu, Mendiko Hautetsien Gutuna izenpetuz; eta oraingoz 30 bat kolektibitatek dute aurkako delibero bat bozkatua. Tartean dugu Louis Labadot Mauleko auzapeza; justuki irailean herriko etxean informazio-bilkura ere antolatzen lagundu zuena. “Jakinik 1.600 herri direla hunkirik, ez da anitz. Horregatik zaigu ezinbestekoa informatze-lana, elementu guztiak esku artean ukanik argiki kontra kokatzen direlako hautetsiak”. Lapurdi, Nafarroa Beherea zein Zuberoako herritar eta hautetsiak informatu nahian dabiltza Touche pas à ma forêt kolektibokoak, segeria ez bada Euskal Herrian kokatzekoa ere, zuzenean hunkia litzatekeelako Euskal Herria.

Errotik egitasmoaren kontra da Blanco eta dionaz, hautetsiek “sekulako ardura” dute: hauek kontra agertuz gero, ez lirateke eginen. “Argi ukan behar dugu segeria Lannemezanen kokatua baldin bada ere, guztiak hunkiak izanen garela, Pirinioetako oihan guztiak dituztelako ustiatuko”. Lehen lerroan jartzen ditu Alderdi Sozialistako hautetsiak, Okzitaniako Eskualdean eta Lannemezan hirian boterean direnak, eta orain arte alde kokaturikoak: “Erabakigarria izanen da sozialisten postura. Kontra direla argiki adieraziz gero, egitasmoa ezingo luke egin Florianek. Sekulako ardura dute sozialistek esku artean”. Ekainean egitekoak diren eskualde mailako hauteskundeetako kanpaina inarrosi behar luke gaiak, bi itzulien arteko akordioak adosteko elementu saihestezin bihurtuz. Behintzat, Akitaniako Kontseilurako Europe Ecologie Berdeak alderdi ekologistak ez du aliantzarik onartuko Alderdi Sozialistarekin, azken honek ez dueino argiki segeriaren aurkako adierazpenik egiten. Hori segurtatu dio Argiari Blanco hautetsi ekologistak.

Instituzioen konpromisoak are harrigarriagoak dira ikusirik helburua ez dela betegarria. Hori guztia, enpresak hitzemandako 25 bat lanpostu eta oihangintzan ondorioztatutako beste ehun baten truke: ikusita albo-kalteak, pisu gutxi dute ehun bat enpleguek. “Ikusirik pago hornidurari buruzko arrisku eta ziurgabetasunak, lekutzea erabakitzen balu enpresak, orduan alferrik utzitako industriagune bat genuke kolektibitateen eskuetan. Porrota balitz, nagusiki herritarrek jasanen lituzkete albo-kalteak”, irakurri daiteke SOS fôret Pyrénées taldeak plazaraturiko dokumentuan.

Makroproiektu horren kontra badira ere, berez ez dira oihangintzaren garapenaren kontra.

Garapen ekonomikoaren alde

Pirinioetako ekonomiaren parte handia biltzen du oihana lanabes duen aktibitate ekonomikoak eta ezinbestekotzat dute herritarrak bertan bizitzen gelditzeko bidean. Hori horrela, egitasmo alternatiboak proposatzen dabiltza. Adibidez, ondokoa irakurri daiteke Mendiko Hautetsien Gutunean: “Enpleguaren berlokalizazio argia behar dute mendiarteko herritarrek, tokiko beharrei erantzuteko gisan; hori zuraren alorretik iragaiten da, materia honen erabilpena indartu eta berdefinitu behar dugu, ‘oro-plastikoaren’ logikarekin bukatzeko”. Florianen egitasmoaren parean, alternatibei buruzko “gogoeta partekatu” bat hasteko deia luzatzen diete instituzioei, “aspirazio ekologiko, sozial eta ekonomikoen arteko oreka litzatekeen proiektu bat adosteko gisan”.

“Azkenean, galdera da: nolako oihanak nahi ditugu gure umeentzat? Basoa ez da mugagabea, eredu industrial honekin bukatu behar dugu”
Ramuntxo Teletxea
(oihanzaina)

Gaur egun aktibitatean dauden zerrategia txiki eta ertainez josiak dira Pirinioak, eta zailtasunak zailtasun –batez ere merkatu mundializatu baten menpe direlako– aitzina doa oihangintza. Segeria industrialaren etorrerak enpresa ttipiak zailtasunetan ezarriko lituzke, multinazionalaren parean pisu guti luketeelako. “Betikoa da: enplegu sortzaile gisa aurkezten digute proiektua, baina errealitatean, enpleguak suntsituko lituzke, enpresa ttikiek ezingo luketelako biziraun”, Blancoren hitzetan.

Biomasa zentral baten xedeari loturiko proiektua

Justu 2019an jaso zuen Lannemezango Bois Energie enpresak Frantziako Trantsizio Ekologikoaren ministerioaren partetik proiektu berri batentzako baimena. Zehazki, 9 milioi euroko inbertsioa eskatuko lukeen biomasa zentral baten egitasmoa begi onez ikusten dute, garapen iraunkorraren filosofiarekin bat egiten duela azpimarratuz. Erabili ezin diren zurak eta zerratokietako zaborrak energia ekoizteko baliatu nahi lituzke enpresa honek. Urtean, 30.000 tona zur beharko lituzke elektrizitatea eta berotasuna produzitzeko. Hau ere beste makroproiektu bat.

Biomasa zentralaren eta segeria industrialaren xedeak elkar loturik direla diote italiar multinazionalaren proiektuaren aurkakoek: kalitateagatik ala handitasunagatik, desegokiak diren zurak zentralera bideratzen ahalko lituzke, lasai asko. Gainera, zentralaren xedea aurkezturik duen enpresaren akzionarioen artean dago Energies Services Lannemezan sozietatea –honek Bernard Plano Lannemezango auzapeza duelarik presidente–. “Zuraren ustiapenak geroa segurtatua ukan dezake, eraikuntzara zein altzairugintzara bideratzerakoan karbonoa stockatzen dugulako; haatik, energiaren ekoizpenarekin kontuz ibili behar gara: beharrez horretara bideratu ditzazkegu hondarkinak, baina zur landugabeak ez, biomasa karbono isurtzaile delako ere”, dio Lachaudek.

Iritzi berekoa da Teletxea ere: “Biomasarena interesgarria izan daiteke, baldin eta eskala ttipian eta tokian-tokikoa baldin bada; baina biomasa zentral hau ez da egokia, makineria guztia ibilarazteko energia asko eskatzen duelako, eta azkenean, betikoa: zur asko jango luke energia gutti ekoizteko”. Behin baino gehiagotan luzatu izan dute abisua aditu eta zientifikoek ere: Europako Ingurumen Agentziako zientzia-batzordeak ohartarazirik du bioerregaien erabilerak karbono-emisioak gehitu ditzakeela; eta IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldeak ere ohartarazten digu biomasa ez dela karbonoan neutroa.

Kontua da Frantziako Gobernuak 2016-2026 urteentzako finkaturiko norabideen artean dugula oihanen kudeaketa hau, zuhaitzen mozte masibo eta industrialean zentraturikoa. Hamabi milioi metro kubo gehiago ustiatzeko helburua finkaturik du dekretu bidez, energiaren ekoizpenera bideratzeko asmoarekin. Ekologistek argi dute: “Bioenergiagatik basoak modu intentsiboan eta etenik gabe ustiatzen badira, ezingo dute inoiz berreskuratu karbono-biltegi izaera”.

Hori horrela, biomasa energia iturri interesgarria baldin bada ere, modu industrialean antolatuz gero, onura baino kalte gehiago ekartzen ditu. Oihanak utzi behar dira, bizirik, zahartzen, ezinbestekoak direlako bai ekosistemaren orekarentzat, baita klima larrialdiaren aurkako borrokarako ere. “Beroketa globalaren kontrako borrokarako aliatuak ditugu zuhaitzak, baso zaharrak beharrezkoak ditugu; eta suertedunak gara, ikusiz Pirinioetan zer nolako aberastasuna dugun”, dio Blancok. Urte luzeetan basoa lan esparru eta lan tresna duen Teletxea basozainak ere ondokoa dio, pentsakor: “Oihanak zaindu behar ditugu. Azkenean hau da galdera: Nolako oihanak nahi ditugu gure umeentzat? Agintariek uste dute natura erabat menperatu dezaketela, baina ez da egia. Uste dute etengabean eman dezakeela oihanak, baina guk, basoetan gaudela, badakigu duena bakarrik eman dezakeela, basoa ez dela mugagabea. Eredu industrial hauekin bukatu behar dugu”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ingurumena
2024-11-22 | Estitxu Eizagirre
Amillubi proiektuak lehen urtea ospatuko du abenduaren 1ean

Zestoako Iraeta auzoko Amilibia baserria eta lurra kolektibizatzeko 100.000 euro batzea falta du Amillubi proiektuak, lehen urte honetan 290.000 euro eskuratu baititu. Biolurrek abiatutako proiektu agroekologiko honek dagoeneko jarri du lurra martxan, sektorearen beharrei... [+]


2024-11-22 | Andoni Burguete
Etekin egarriak itotzen duenean

Tanta hotzak Valentzian eragindako hondamendiak irudi lazgarriak utzi dizkigu; batetik, izan dituen berehalako ondorioengatik, eta, bestetik, nolako etorkizuna datorkigun aurreratu digulako: halako fenomeno klimatiko muturrekoak gero eta ugariagoak eta larriagoak izango direla,... [+]


Planifikatzen ez duen Nafarroako Energia Planaren kontra alegatu dugu

Nafarroako Energia Planaren eguneraketa oharkabean igaro da. Nafarroako Gobernuak jendaurrean jarri zuen, eta, alegazioak aurkezteko epea amaituta, gobernuko arduradun bakar batek ere ez digu azaldu herritarroi zertan oinarritzen diren bere proposamenak.

Gobernuak aurkeztu... [+]


2024-11-22 | Estitxu Eizagirre
Biriatuko Arbolaren Besta hemen da

Azaroaren 23an egingo dute tokiko arbola, fruitondo eta landare ekoizleen azoka. Horrez gain, egitarau oso indartsua prestatu dute 22 arratsaldetik hasita 23 iluntzera arte: bioaniztasunari buruzko mahai-ingurua, sagarrari buruzko mintzaldia, "Nor dabil basoan?"... [+]


2024-11-20 | Nicolas Goñi
Betirako urpetutako lurrez ordaintzen dute klima aldaketa Hego Sudanen

Hegosudandar gehienak txirotasun larrian bizi izan dira azken bi mendeotan gutienez, eta zoritxarrez, estatu independente bihurtzeak ez die egoera hobetu, munduko herrialde txiroena baita, hainbat gerra tarteko. Testuinguru oso hauskor horretan klima aldaketak zailtasun berri... [+]


2024-11-20 | ARGIA
Esako urtegiaren handitzea “erloju bonba bat” dela ohartarazi dute, tanta hotzaren gisakoak bertan egokituz gero

Esako urtegia handitzeko proiektua berraztertu dezala eskatu dio Chunta Aragonesista alderdiak Espainiako Gobernuari, tanta hotzak berriki utzitako hondamendia ikusita. Halako euriteak jasanez gero, Esak ur hori guztia askatzeko gaitasun nahikorik ez lukeela izango eta... [+]


2024-11-20 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Datuak lurraldera

Azken asteotan, arkitekturan dihardugunontzat ez da posible izan Valentziako klima gertaera gure lan hizketaldira ez ekartzea. Uraren ibilbidea eraikinen estalkietan, estolderietan, plazetan eta parkeetan pentsatu eta diseinatu behar ditugulako. Ongi dakigu giza eskalako ur... [+]


2024-11-18 | Estitxu Eizagirre
EAEn 1.557 zabortegi daude eta erabiltzen ez direnak zigilatu ezean, ura kutsatzen jarraituko dute

Legearen arabera, erabiltzen ez diren zabortegi guztiek itxita eta zigilatuta egon beharko lukete 2008tik. Ekologistak Martxan taldea Eusko Legebiltzarrean izan da legea bete dadila eskatzeko: azaroaren 12an Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren batzordean... [+]


Ekofeminismoa borroka kolektibo gisa
Desazkunde feminista

Guretzat, ekofeminismoa ez da teorikoek eta idazleek garatutako teoria. Kolektibo sozial batean parte hartuta eta beste kolektibo eta erakunde batzuekin harremanetan jarrita eraiki dugun ezagutza da. Eta eraikuntza kolektiboak ikusezin bihurtzeak kezkatzen gaituelako, Desazkunde... [+]


2024-11-18 | Jakoba Errekondo
Sagarren istorioak

192 milioi sagar 2024. urtean. Segundoero sei sagarretik gora saltzen du Britainia Handiko Tesco supermerkatu kate han ezagunak; ia 27.000 tona. Zenbaki ikusgarriak dira baina are harrigarrigoak dira bertokoak, Ingalaterrako sagarrak direla jakinda.


2024-11-18 | Garazi Zabaleta
Bizi Baratzea
Durangoko Azoka, bagoaz

Euskal literaturaren eta kulturaren topaleku garrantzitsuenetakoa da abenduaren 5etik 8ra egingo den Durangoko Azoka, eta 59. edizio honetan ere, Bizi Baratzeak bere postua izanen du, ARGIAkoaren ondoan.


2024-11-18 | Nagore Zaldua
Zaldun, dantzari edo zaindari; altxor ikusezin, betiere

Antzinako greziar eta erromatarrek izaki mitologikotzat zituzten animalia hauek, itsas hondoan jaio eta hazi ostean, lehorreko zaldien tamainara heltzean, Neptunoren gurditik tiratuko omen zuten. Urrutian ikusten omen zituzten, olatu tontorretan jauzika.


Eguneraketa berriak daude