Ahotsak, haluzinazioak, tristatu eta blokeatuta geratzeko joera, erlazionatzeko arazoak, dutxan edo eskuak garbitzen orduak emateko obsesioa, beren burua zauritzeko pultsioa, etxetik irteteko, ohetik altxatzeko edota eguna antolatzeko ezintasuna... Askotarikoak dira Gasteizko Oinarri tailer okupazionaleko erabiltzaileen gaitz eta sufrimenduak. Horiek lantzeko sortu zen tailerra orain hamabost urte, eta abenduan proiektu berritzailea abiatu zuten: serigrafia. Salmentarako material propioa sortzen dute bertan, baina, batez ere, osasun mentala lantzen dute estigmak eta ghettoak saihesten saiatuz.
Gasteizko Hogar Alavés elkarteak 2005ean sortu zuen tailerra, osasun mentaleko arazo larriak dituzten pertsonei zuzenduta. Zenbait enpresak eskatzen dizkieten lanak aurrera ateratzen dituzte: piezak muntatu, paketeak egin, jada amaituta dauden produktuak ondo daudela gainbegiratu... Eskuekin lan eginez arreta edota psikomotrizitatea lantzen dute, baina hori beste erreminta batzuk garatzeko “aitzakia” dela dio bertako langile Aitor Korres Abaituak: “Garrantzitsuena bakoitzaren zailtasunak lantzea da”.
Pablo Etxebarriak ia sortu zenetik hartzen du parte Oinarrin. Astelehenetik ostegunera hurbiltzen da Uritiasolo industria guneko pabiloira, egunero bi orduz lan egiteko. “Bakardadeak eta eginbeharrik ez izateak sufrimendua areagotzen didate. Bi ordu horiek on handia egiten didate. Zailtasun gutxiko lanak dira, giro ona dago, elkarrizketan egoten gara, baloratu egiten gaituzte, sozializatu egiten gara. Ez da kristoren pagotxa baina asko laguntzen digu”, laburbildu du. Ondoan duen Iñaki Sáenz de Santamariari kostatu egiten zaio hitzez adieraztea. Lantegi batean ezin duela lanik egin dio, baina Oinarrin baietz, eta sorreratik dagoela bertan. “Garrantzitsua da arreta mantentzea, elkarren artean erlazionatzea, batzuetan ez zait erraza erlazionatzea”, azaldu digu (Elkarrizketa egin eta aste betera ondoezik sentitu zen Sáenz de Santamaria bat-batean. Ospitalera joan, eta ordu gutxiren buruan hil zen hainbat organok huts egin ostean, elkarteko erabiltzaile eta langileen saminerako). Cristina Blancok dio blokeatu ordez zer gertatzen ari zaion adierazten ikasi duela: “Buruan gauza gehiegi ditudanean irudiak sortzen ditut. Ikusi nuen koadro baten antzerakoa, pertsona bat agertzen zen burua bekokitik zabalik, eta ateratzen zitzaizkion pentsamenduak, objektuak...”.
Serigrafia tailerra
“Ikusten genuen geroz eta lan gutxiago eta espezializatuagoa heltzen zaigula enpresetatik, eta azkartasuna eskatzen digutela. Gure filosofiarekin talka egiten du horrek”, azaldu du Korresek. Exijentzia produktiboa handitzeak pertsona batzuk kanpo uzten zituen, baina Oinarrik denentzako balio behar du: “Batzuk produktiboak dira, beste batzuk egingo dituzte bi ordutan bi pieza, baina ohetik altxatu eta honaino etorri dira, sozializatu dira, hitz egin dugu beren sentipenez...”. Filosofia horri eusteko nahiak erditu du serigrafia tailerra, elkarteak berak sortu eta sustengatzen duena. Bi urte direla hasi ziren mamitzen, eta abenduaz geroztik dago martxan.
Enpresek emandako lanaren izaera ikusita, tailer okupazionala autonomoagoa izatea nahi dute: batetik, zer-egina eurek sortuz; bestetik, egitekoen erritmoak eta moduak kontrolpean izanez. “Ez dugu bilatzen lan karga handirik, presaz edo itota aritzeko. Gutxieneko bat mantendu nahiko genuke, jendeak etortzeko aukera izan dezan baina beste gauza batzuk lantzera”, azaldu du Korresek. Serigrafia horretarako egokia dela dio. “Jende guztiak egiteko moduko lan txiki asko eskatzen ditu prozesuak, eta pertsona askok hartu dezakete parte”. Fernando Pérez eta Begoña Miguélez hasieratik daude serigrafiako lantaldean: “Lehenik isolazioa egiten da, ondoren zigilua, dena garbitu eta tela plantxatu”, azaldu digu lehenak; “Estanpatu egin dut, dekapantearekin lehortzen eta plantxatzen ere aritu naiz”, bigarrenak.
Aitor Korres Abaitua:
“Gure arropa gure mezuekin ateratzen dugu, jendartea interpelatuz eta osasun mentalaren ghettotik irteteko ahalegina eginez”
Serigrafia tailerra komunikaziorako erreminta ere bada, eta aukera hori baliatu nahi dute Oinarrin. “Gure arropa gure mezuekin ateratzen dugu, jendartea interpelatuz eta osasun mentalaren ghettotik irteteko ahalegina eginez”, dio Korresek. “Explícame eso de rarita” (Azaldu iezadazu zer den arraro izate hori), dio salgai jarri duten poltsak; “Zure munstroak nire maskotak”, kamisetak. Kamisetaren irudia Argia-ko kolaboratzaile ere baden Xabier Sagasta ilustratzaileak egin du, berriki Nerea Mauleónen diseinu batekin egin dituzte poltsak, eta sortzaileekin elkarlanean jarraitzeko asmoa dute produktuari eta leloei ikusgarritasuna emateko. Webgunea ireki dute (www.oinarri.org), eta Instagramen ere bizi-bizi dabiltza.
Hasiera Itxaropentsua
Pozik daude Oinarrin proiektuak bi hilabeteotan izan duen harrerarekin. Beren diseinu propioak dezente saldu dira, eta bestelako irudiekin materiala prestatzeko proposamenak ere jaso dituzte –Euskal Udalekuentzako edo Parral tabernarentzako poltsak, esaterako–.
“Tailer barruan Mertxe, Zuri eta hirurok oraindik pisu handia dugu, baina eskaerak eraman eta eskura emateaz erabiltzaileak arduratzen dira”, dio Korresek bere poz handiena seinalatuz. Adibide bat jarri digu: “Jendearekin komunikatzeko zailtasunak dituen pertsona bat entrega batetik etorri zen atzo eta esan zigun, ‘honek behartzen nau komunikatzera eta jatorrago portatzera’. Harro azaltzen du Oinarrin egiten dugun lana, ospitale psikiatrikoan kontatu du, bi langilek poltsak eskatu dizkiote... Gauza txiki horiek guretzako handiak dira”.
Begoña Miguélez: “Batzuetan ataskatu egiten naiz. Burua hutsik geratzen zait, gorputza paralizatuta, eta ez zaizkit hitzak irteten”. Ez zaio horrelakorik gertatu egin duen lehen entregan
Entseguak egiten dituzte aurretik, lasai egoteko, jendeari azkar ez hitz egiteko... Entregak binaka egiten dituzte, banaka errotatuz esperientzia izan duen bat egon dadin beti. “Gure burua aurkeztu behar dugu, Oinarriren partez gatozela esan eta ea konforme dauden galdetu”, dio Pérezek. “Niretzat, seinalatutako tokira heltzea da zailena, orientatzea”. Miguélezen erronka ezezagun batekin hitz egitea da. “Batzuetan ataskatu egiten naiz. Burua hutsik geratzen zait, gorputza paralizatuta, eta ez zaizkit hitzak irteten”. Ez zaio horrelakorik gertatu bere lehen entregan.
Tailerra arriskuan
Oinarriren tailer okupazionalen biziraupena arriskuan dago. Ekonomikoki defizitarioa da, eta enpresetatik heltzen diren lanak gero eta desegokiagoak eta urriagoak dira. “Horrela jarraituz gero itxiko da. 30 pertsona daude hemen, asko hamabost urte luzez. Osasun mentalean ez dago tankerako beste proiekturik”, dio kezkaz Korresek. Serigrafia tailerrak hori saihesteko bultzada bat izan nahi du, lana izateko baliabide propioak sortuz, eta posible bada dirutxoren bat aterata. Hori guztia, benetan garrantzizkoak diren gauzak lantzen jarraitzeko: gaitzarekin elkarbizitza adeitsuagoa eraikiz, munstroak maskota bilakatzeko.
49 urte preso pasa ondoren, libre utzi dute Leonard Peltier AEBetako ekintzaile autoktonoa. Otsailaren 18 honetan heldu da bere senide eta lagunen artera 80 urte dituen preso-ohia.
Boterea eskuratzeko modu asko dago; denak ez dira politak. Bada boterea eta horrek berarekin dakarren erantzukizuna banatu nahi duenik, agintea bilatzen duenik. Beste batzuek errespetu lar diote eta pauso bakoitza hainbeste neurtuta ez dira gai erabakirik hartzeko. Boterea zer... [+]
Istorioetan murgildu eta munduak eraikitzea gustuko du Iosune de Goñi García argazkilari, idazle eta itzultzaileak (Burlata, Nafarroa, 1993). Zaurietatik, gorputzetik eta minetik sortzen du askotan. Desgaitua eta gaixo kronikoa da, eta artea erabiltzen du... [+]
Espainiako Estatutik Frantziakora “legez kanpoko” gero eta migratzaile gehiago igarotzen direla argudiatuta, mugetako kontrolak indartzea begi onez ikusi du Pirinio Atlantikoetako prefetak. Migratzaileek delitu txikietan “eragin hautemangarria” dutela... [+]
Matematika, zientzia, euskara, gaztelania eta ingelesa konpetentzietan EAEko ikasleek duten maila neurtzen duen ebaluazio diagnostikoaren emaitza festan, 13-14 urteko ikasleek zientzia eta gaztelanian izan duten deskalabrua "zuhurtziaz" gogoetatzeko beharra adierazi... [+]
Otsailaren 3an hasi da gure umeak eta gaztetxoak eskoletan aurre-matrikulatzeko garaia, eta urtero bezala gogoratu nahi genizueke zergatik ez zaigun ideia ona iruditzen erlijioan matrikulatzea. Iaz artikula bukatzen genuen esanez “askori idazki hau ezaguna egingo zaizue,... [+]
Tranbia txiki Arratia Institutuko Guraso Elkartetik pantailen erabileraren inguruko hausnarketa bultzatu nahi dugu ikas komunitatean.
Azkenaldian kezka handia dago ume eta nerabeengan pantailek duten eragina dela eta. Ardura hori etxeko erabileratik eskola eta institutuetako... [+]
Etxebizitza berrien promozioak ez atzeratzea da Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onartu duen dekretuaren helburu nagusietako bat. Zentzu horretan, udalei "autonomia" gehiago emango diela ziurtatu du Denis Itxaso sailburuak.
Azken boladan gero eta gehiago entzuten dugu gazte askok etxebizitza erosteko ahalmenik ez dugula. Batzuetan, badirudi ez dagoela beste gairik; egia da gai serioa dela. Niri neuri ere, 31 gertu izan arren, oraindik pixka bat falta zait neurea izango den etxebizitza lortzeko... [+]
Banku atrakatzailea, presoa, Trantsizio garaian espetxetan borroka historikoa piztu zuen COPEL taldeko sortzailea, euskal talde armatuetako kideen laguna, ostalaria, militantea, libertarioa, ortuzaina. Gauza asko izan da eta da oraindik ere Daniel Pont. Abenduan Girona utzi eta... [+]
Bai, bai, holaxe. Ez naiz harago joatera menturatzen. Pleonasmo bat dela? Tautologia bat agian? Baliteke, baina egia-oste deitzen dioten garai honetan, oinarri-oinarrizko egitateak beharrezkoak dira. Begira, bestela, “Ez da ez!” lelo indartsuari. Bagenekien hori... [+]
Badira kontzeptuak bolada batzuetan edonon agertzen direnak, mantra ere bilakatzen direnak. Berez positibo eta beharrezko moduan agertzen zaizkigu, eztabaida gehiegirik gabe eta haiei buruz ia pentsatu gabe. Iruditzen zait mantra horietako bat nazioartekotzea dela, jatorria... [+]
Ilbeltzeko igande goiz batez jo dugu Baztanera. Eguzkiak oraindik ez du Lekarozko plaza argitu; bertan elkartu gara Garbiñe Elizegi Narbarte, Itziar Torres Letona eta Ernesto Prat Urzainkirekin. Itzaletan hotz egiten du eta umorez goxatu dugu lehen agurra, hogei urtean... [+]
Bi akusatuek espetxe zigorra berreikusteko eskatu ostean, Felix Taberna presidenteorde lehenak adierazi du ez dagoela zigorra murrizteko baldintza juridikorik: "Zigorrak dauden bezala mantentzeko adinako larritasuna du delituak". Defentsaren abokatuak salatu du bi... [+]
Ingelera orduak handitu eta euskarazkoak murrizteko foru aginduaren kontrako helegitea aurkeztu du STEILAS sindikatuak. “Murgiltzea ataka larrian jartzen ari dira” salatu dute.