“Segurtasun juridikorik gabe gaude sortzaileok, linbo batean”

  • Abokatu da, baina ezohikoa, kultur arloko aholkularitzan espezializaturik ari baita lanean. Aldi berean, ilustratzaile eta argazkilari ere bada. Sortzaile da, hortaz. Kultur langiletzat dauka bere burua eta, eskubideak eskas edota ezezagunak zaizkion kulturaren langile profesionalaren azalean bizi delarik, haren aldeko borroka bizi du.

Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Marta C. Dehesa. Amurrio, 1976

Marta C. Dehesa Zuzenbide ikasketak egina, sindikatu bateko abokatu izan zen zenbait urtez, bere gisako kultur aholkularitza sortu zuen arte. Abokatu ezohikoa da: aktibista, sortzaile eta kultur eragile da, eta Mazoka marrazki azokaren kudeatzaile. Komunikazio grafikoa du pasio, argazkilari eta marrazkilari da, eta, ororen gainetik, langile kontzientziaduna: “Ez alferrik naiz langile baten alaba”, esan ohi duenez. Kultur arloko langileei zuzendutako prestakuntza ikastaro eta tailerrak ere gidatzen ditu, aktibismoa hauspotuz, sortzaileen batasuna errebindikatuz, konformagaitza izanez.

Nekatuta zaudela esanez etorri zatzaizkit...
Guztiz akituta. Inguruan ez dut besterik ikusten, jendea nekatuta eta akituta dagoela, alegia. Kultur arloan lan egiten dugunok, berriz, nekatuta gaude fisikoki, eta akituta mentalki eta emozionalki. Arrazoiak bistakoak dira eta, lehena, ziurgabetasuna da. Oso urte latza izan da, baina gure egoera latza da aspaldidanik. Era guztietako ziurgabetasuna bizi izan dugu: laborala, pertsonala, eta kulturala. Ez dakigu zer gertatuko den gure sektorean, baina uste dut, kulturari zer balio ematen dioten ikusita, amildegiaren ertz-ertzean gaudela, edo jarri gaituztela. Ez da, bakarrik, nola kudeatzen ari diren kultura, baizik gizarteak ere nola kontsideratzen duen gure lana. Eta, bestalde, bada joera bat ahal duenak ahal duena egiteko.

Usteko nuen ahal duenak ahal duena egiten duela beti.
Ez. Nork bere aldetik joz gero, ez dago onik, galtzaile gertatuko gara denok. Kulturgileok, esan nahi dut. Gu piramidearen beheko aldean gaude, gehiago galtzeko arrisku gorrian, baina aktibismoan ari garenok ere nekatuta gaude. Ez dago erraz, ez kulturan ez inon, baina ni kulturaz ari naiz, eta kultura arloan lan egiten dutenez, izan sortzaile, teknikari, liburuzain, museoko langile, biltegiko enplegatu… Kulturak profesional asko biltzen ditu, eta mugitzen du diru asko. Kulturak dirua sortzen du.

Noren sakelara doa kulturaren “diru asko” hori?
Tailerrak gidatu ohi ditut, eta betiko leloa da: “Estu eta larri bizi gara, oso prekario”. Eta egia da, bada sare bat, sortzaileena, oso estu bizi direna. Sortzaile horiek sormena, talentua, denbora… eskaintzen dizkiote gizarteari beren lanaren bitartez. Kulturaren beheko estamentua osatzen dute, eta prekario bizi dira. Alabaina, Barne Produktu Gordinaz den bezainbatean, kulturak dirua mugitzen du, hainbat egiturak, enpresak eta bestelakok, dirua ibiltzen dute. Espainiako Estatuan, adibidez, BPGaren %5 kulturarena da. Eta, gogoan hartu, gure sektorean diru beltza ere ez dela arrotza. Dena dela, %5 ez da zenbaki txikia, diru inportantea baizik. Espainiako Estatuan, turismoa dute diru gehien mugitzen duen sektorea: %10.

Kulturak eragiten duen ehunekoa aintzat hartzekoa da, zuk diozunez.
Eta gogoan hartu kulturgile askoren dirua ez doala zaku horretara, zeren eta erroldak, epigrafeak eta gainerakoak ez daude eguneratuta, eta, ondorioz, sortzaileak, autonomoak, Gizarte Segurantzaren barruan epigrafe ezberdinen azpian ageri dira: batzuk, turismo barruan; beste batzuk, zerbitzuetan… Baina musikari dira, edo dantzari, edo itzultzaile, edo idazle, edo zernahi.

Barkatu etenaraztea: zu zeu zer zaitugu?
Kultur abokatua, eta kultur kudeatzailea, ilustrazio azoka bat [Mazoka] antolatzen baitut. Baina Gizarte Segurantzara joan eta “Ekitaldi kudeaketa”-ren barruan nago, eta hori Merkataritzari dagokio, eta, beraz, okerra da, nik kultura besterik ez baitut antolatzen. %5 horri buruz ari nintzen, ordea. Etorri da pandemia, eta jipoia jaso dugu denok, bai beheko estamentuan gaudenok, bai ongi bizi diren kultur eragileek ere, zeren eta batzuk bapo bizi baitira kulturaren kontura. Ez naiz artista ezagunei buruz ari, hainbat egituraz baizik, izan argitaletxeak, izan diskografikoak eta beste. Dirua hortxe dabil, sortzailearen eskuetara heldu gabe, ordea.


"Hobe dugu klase kontzientzia eduki; sortzaileok langile gara, eta langileok batera jokatu behar dugu, batak besteari lehia egin gabe”

Argitaletxeak eta diskografikoak aipatu dituzu, baina, haiek esan dutenez, pandemia honek egoera gorrian jarri ditu.
Behar bada ez direlako beren buruei eusteko gauza. Hori bestelako afera bat da, nola egin behar dugun lan guk, sortzaileok, eta nola egin behar duten lan argitaletxeek. Zenbait proiektu mantentzerik ez dago. Oro har, jendeak badaki proiektu bati bi urtean eutsiz gero, bidea egingo duela. Bost urtean eutsiz gero, orduan eta segurtasun handiagoa, nahiz geroago ere gerta daitezkeen katastrofeak. Gure sektoreari dagokigunez, ordea, egunean egunekoarekin bizi gara, hala txikiok, nola handiak. Ez denak, baina bai bat baino gehiago.

Zergatik gertatzen da egunean egunekoarekin bizitze hori?
Kulturgintzan ez dagoelako epe ertaineko bisiorik. Batzuk berrogeitaka liburu argitaratzen tematuta bizi dira, diru-laguntza jaso eta urtea igaro ahal izateko, ondoko urtean jokaldi berdina egiteko. Gurpil zoro hori, alegia. Baina gauza ez da horrela, argitaletxeek proiekzio handieneko liburuak argitaratu behar dituzte, bidea egingo dutenak, atzerriko hizkuntzetara itzuliko direnak. Epe motzeko bisioak ez garamatza inora. Egiaz editatu behar da. Inprimatzea eta argitaratzea ez da aski. Bisioa behar da. Bestalde, jendeak ez dio kulturari garrantzirik ematen, eta horrek ere ez du batere laguntzen.

Baina diskurtsoak besterik dio, kultura gauza premiazkoa dugula, beharrezkoa.
Bai, diskurtsoa bai, baina diskurtsoaren araberako politikarik ez da egiten, hitzetan esaten dena ez da errealitate normatibora ekartzen, eta horrela alferrik da. Badago soluziorik, jakina, baina ez da epe motzekoa. Aldiz, zer nahi dute politikariek? Argazkia. Lau urte, edo bi, justifikatzeko balioko dion irudia. Politikariak hazia erein behar du, jakinda beste batek, hemendik hamar edo hamabost urtera, jasoko duela uzta. Horretan ez dira saiatzen politikariak, ez kultur arduradunak.

Zer diozu Europatik etortzekoak diren funtsen gainean? Helduko ote dira kulturara?
Horretaz den bezainbatean, oso momentu gozoan gaude, europar agendan kultura ageri delako: proiektuak ondo egiteko garaian gaude. Bestalde, Unescoren garapen jasangarriko helburuen agendan ere bitarteko garrantzizkotzat jotzen da kultura, gizarteari emozionalki eusteko, eta, hori ez ezik, baita, adibidez, pobreziaren kontra borrokatzeko tresna izateko ere. Kultura ez da, bakarrik, ondo pasatzeko gauza. Hori ere bada, baina, ororen gainetik, osasuna bezain inportante kontsideratu beharko genuke. Kultura, alegia. Borroka egin behar dugu gure gobernu eta administrazioek lan egin dezaten gizartea kontzientziarazteko, eta hori ez da lege edo araudi bat osatuz lortzen. Doako osasun zerbitzuak izatea oso da inportantea, baina hori bezain inportantea da haurrak komikia doan irakurtzeko aukera izatea. Kulturara doako sarbidea izan behar du haurrak.

Kultur langileak ere doan egin behar du lan?
Ez, haurrak kulturara doako sarbidea izateak ez du esan nahi guk musutruk lan egin behar dugunik. Edo subentzionatuta. Izan ere, horixe aditu behar izaten dugu askotan, subentzionatuta bizi garela. Aurten, eta iaz, behintzat, aldatu da diskurtso hori, edo ez da aditu. Kalera irten gara sortzaileak, protestan edota laguntza eske, eta, behingoarren, inork ez digu esan subentzionatuta gaudela. Momentua ez da aldrebesa: gizartea ez dago ados, baina ez dago gure kontra; Europako agendak tartea egin dio kulturari, eta horrek dirua esan nahi du; kulturaren bidez klima aldaketaren kontrako borrokari laguntzen diogula ere aditu dugu… Gauza asko da kultura, eta gauza asko egin daitezke kulturaren bidez.

Argazkia: Zaldi Ero

Oraindik orain aurtengo kultur aurrikuspenak egiten jardun dute zenbait hedabidetan. Haien kultura zen atzerriko musika taldearen kontzertua, dantza konpainia sonatuaren saioa, edota halako artistaren erakusketa handia.
Horrek ez dio laguntzen hemengo sortzaileari, izan idazle, musikari, ilustratzaile, teknikari. Ez dio laguntzen antzokiko garbitzaileari ere. Ikuskizunaren kultur ikuspegia dugu. Espektakulua. Askok ez ditu bereizten aisia eta kultura. Politikariek ere ez, askotan. Eta bien artean bada marra; marra fina, nahi baduzu. Ikuskizunak ere balio du, akabo, bada!, baina ikuskizuna eta kultura ez dira sinonimo. Jende asko kulturaren alde ari dira lanean, ez ikuskizunaren alde. Lege markoari begiratuz gero, artistak dira kulturaren ardatz. Eta zein dira artistak? Bada, aktore-aktoresa eta musikariak. Ez teknikariak, adibidez, nahiz zinema munduko teknikariek artista bezala kotizatzen duten.

Zergatik asmatu dute plazara irteten teknikari horiek, eta ez dira plazaratu, adibidez, ilustratzaile eta idazleak?
Teknikariak oso ondo mugitu dira kolektiboki. Administrazioari soluzioak eskatu behar dizkiogu, jakina baietz, baina geure artean ere hausnar egin behar dugu, eta kolektibizatu: nor bere gisara ibili gabe, denok batera jo behar dugu, baina transbertsalki, zeren eta, liburugintzan, adibidez, idazleak eta argitaletxeak ez dute interes bera. Politikariek zer egiten dute? Denak liburuaren zaku berean sartu eta kito! Ez, transbertsalki egin behar dugu lan. Idazle eta ilustratzaileok, adibidez, errazago egingo dugu bat musikariekin, argitaletxearekin baino. Gu langile gara, besteren konturakoak batzuk,  geure konturakoak gehienak; autonomo, alegia, geure buruak enplegatu eta bizirauten dugunok. Legeriak ez du horrelakorik jasotzen, eta oker hori zuzentzeko batu egin behar gara.

Teknikariak batu diren moduan, alegia.
Teknikariak ez dira zirristi-zarrasta ibili, badakite langile direla, emanaldirik antolatu ezik ez dutela lanik. Gure arazoa da, ordea, profesional autonomo izaeraren aurretik, gure bokazioa lehenesten dugula. Alabaina, jakin behar dugu guk geure lana merkaturatzen dugunean, baten bat dirua irabazten ari dela. Eman dezagun, dena delako erakusketa bat, adiskidearen tabernan. “Adiskidea dut, nola kobratuko diot, bada!”. Ondo da, ez kobratu, baina nola-halako trukea egin, zeren eta erakusketa horrek zerbait itzuliko dio tabernariari. Batean, diruz; beste batean, publizitatez, edo auskalo. Teknikariak, beraz, kalera irten dira, eta gu ez, ez dugulako geure buruetan sinesten, ezta egiten dugun horretan ere.

Hara, bestea!
Ez, eta hiru bide ditugu zulo horretatik ateratzeko. Lehenik, geure buruetatik hasi behar dugu: informazioa behar dugu, informatuta egon behar dugu. Ez, bakarrik, nola egin behar dugun lan, baizik eta nola dagoen merkatua, eta, horretarako, nahitaezkoa da gure arteko komunikazioa. Aldiz, bakarrik lan egiten ohituta gaude, bakarrik pentsatzen, geure buruarekin komunikatzen. Muga hori hautsi behar da. Bigarren, etengabeko prestakuntza behar dugu, merkatariaren erremintak zein diren jakin behar dugu.

“Merkatariaren erremintak”?
Bai. Merkatuaren tresna ohikoak: aurrekontuak, kontratuak, lanen balioa, nola mugitzen den sektorea… Horien jakinaren gainean bizi behar dugu. Enkarguak betetzea ez da nahikoa, zeure etxearen errenta ordaintzeko lain diru eduki nahi baduzu, saiatu beharra izango duzu. Informazioa behar dugu, eta formazioa. Gainera, oso sortzaile garenez, jakin-min handia dugu, baina lanbideari dagozkion jakingarriak ere barneratu behar ditugu. Dena ez da “sortu, asmatu, idatzi, marraztu, musika jo”. Besterik behar da itxuraz eta duin bizi ahal izateko. Alegia, profesionala izateko baitezpadakoak zaizkion tresnak ere ezagutu eta baliatu behar ditu.

Sortu ez besterik behar duela esan duzu...
Dudarik ez izan. Esate baterako, kideekin konektatuta egon behar du, oso garrantzizkoa da kolektibitatea, eta, horrekin batera, hobeko du klase kontzientzia eduki. Sortzaileok langile gara, eta langileok batera jokatu behar dugu, batak besteari lehia egin gabe. Geure izenean hitz egiteko, kolektiboa osatu behar dugu, antolatu, elkarteak osatu, haiek baitira solaskideak, ez indibiduo edo norbanakoak. Sortzaileon afera dugu hori, antolatzea. Norekin hitz egiten du Administrazioak? Ordezkaritza bat duen entitatearekin. Hortaz, ahaldundu beharrean gaude, eta, adibidez, egile eskubide zuzenen alde borrokatu patronalaren kontra, tarteko akordioak lor ditzagun.

Eta nork ekingo dio egiteko horri?
Zera bat esango dizut: kultur sortzaileok ez gara errekuperatu 2008ko krisitik. Nik hamar urte ere badaramatzat lan honetan, kultur abokatutzan eta aktibismoan, eta egia da duela bizpahiru urtetik hona jendea kontzientziatuago ikusi dudala, elkartzeko gogoz, sindikatua osatzeko nahi eta ezinean. Eta pandemia egoeran ere jendeak aurrera egin nahi duela ikusi dut. Sortzaileok badugu kezka, baina kezkaz gain lan jakin bat egin behar da aurrera egiteko.

Zer diozu artistaren estatutuaz? Espainiako Gobernuak bazuen asmorik, eta Eusko Legebiltzarrean ere proposamenen bat lantzen ari ote diren aditu da berrikitan...
Artistaren estatutua… Hasteko, esan behar da dena delako estatutu hori garatzeko bideorria markatu zuela espainiar gobernuak, zenbait aholku eta gomendio idatzian jarriz. Hala ere, estatutu horrek ez du “artista” izena aipatzen, “Sortzailearen eta kulturaren profesionalaren estatutua” baizik. Eta hori oso inportantea da, sektorearen espezifikotasuna onartzen baitute lehen aldiz, hau da, sortzen ez ezik, inguruan lan egiten duten guztien izaera. Gainera, dena delako estatutu hori pertsona fisiko indibidualei zuzenduta dago, besteren konturako langileei nahiz autonomoei. Zenbait kolektibo kanpo gelditu dira –patronala, besteak beste–, baina, paradoxikoki, estatutua negoziatzen ari diren mahai sektorialetan presente daude patronalak! Eta hori arazo galanta iruditzen zait.

Zure ustez, patronalak ez luke behar mahai horietan?
Kontratatzaile diren aldetik, haien egoera ere aldatu egingo da. Hori egia da. Orain ari diren moduan, aski korapilo, konplikazio eta burokrazia gainditu behar dute, eta estatutuak koska horiek leuntzen ere lagunduko du. Azkenaz beste, estatutua lege multzo bat da, eta, honenbestez, kultura ez ezik, ogasuna, gizarte segurantza, lana eta beste zenbait arlo ere kontenplatu behar ditu. Gehienak espainiar estatuari dagozkion neurri edota erabakiak izango dira, baina, beste batzuk, aldiz, EAEn eta Nafarroan onartu ahal direla iruditzen zait. Eta, onartuz gero, segurtasun juridiko ez txikia izango genuke sortzaileok, zeren eta orain segurtasun hori gabe baikaude, linbo batean. Legeak gauzak era jakin batera egin behar direla esateak ez du esan nahi legea ezin aldatuzkoa dela! Lan egin beharko dugu legea aldatzeko! Eta, horretarako, merkatua ezagutu behar da. Dena ez da, besterik gabe, epaiketara jotzea!

                                                                                *          *          *

 

HOBBY-A

“Gizarte errekonozimenduari dagokionez, piramidearen beherenean dago kultura. ‘Nekazaritza, inportantea da, gero! Edota industria, behar-beharrezkoa zaigu!’. Eta kultura ere haiek bezain garrantzizkoa da, baina gizartean ez da horrelakorik aditzen. Gure hobby-tzat hartzen dute, ez dute gure lanaren balioa aintzatesten, ez gaituzte gu, profesional garenok ere, inola ere kontsideratzen”.

 

ADMINISTRAZIOA

“Hezkuntzatik abiatu eta aldatu behar da ikusmoldea. Humanitateei ez bazaie inportantziarik ematen, nola emango zaio, bada, garrantzia, praktika artistikoari!? Nire ustez, administrazioak ere badu hor esatekorik franko, haren praktikak ez baitira, askotan, batere egokiak, ezta eredugarriak ere, nahiz eta diskurtso mailan kulturaren alde ari diren beti”.

 

EUROPA

“Kulturaren egoera bestelakoa da Europan. Ez herrialde guztietan ere, baina batzuetan besteetan baino zainduago dago. Frantziaren marko eta normatiba legala ikusiko bagenu, esate baterako, berehalakoan nahiko genuke guretzat, nahiz hura ere ez den perfektua eta, hain zuzen, horregatixe ari dira zuzendu eta hobetu nahian”.

 

AZKEN HITZA

Mazoka

“Argazkiak eta marrazkiak egiten ditut, eta ekitaldiak kudeatzen, kultur sektorea profesionalizatzeko lan egiten, ilustratzaileen Mazoka azoka antolatzen, ilustratzaileen mundua bisibilizatzeko. Ilustratzaileen lana nonahi ageri da: liburu, aldizkari, kale, semaforo nahiz etxeen diseinuetan. Hala ere, gizarteak ez du haien lana ezagutzen, eta ezagutzen ez duenez, errespetatu ere ez. Mazokak huts hori zuzendu nahi du”.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kultura
2024-11-29 | Irutxuloko Hitza
Donostiako musika teknikari ezagun bat salatu dute hainbat emakumek, sexu jazarpenagatik

Atzo hasi ziren zabaltzen Iñaki Castro musika teknikariaren kontrako salaketak '@denuncias_euskalherria' kontuan, eta dagoeneko dozenatik gora emakumeren testigantzak bildu dira.


Gabriel Fauré: Requiem bat baino askoz gehiago

Frantziako musikagileei buruz hitz egitean, Claude Debussy eta Ravel etortzen zaizkigu burura. Bada dibertitzen denik ere, bata edo bestea defendatuz garai guztietako musikagile frantziar onena bezala. Egia esan, bi jeinu absolutu dira, beren garaiko zirkunstantzien ondorio. Oso... [+]


Nire neure

Begiak zerumugan
Idazlea: Miren Agur Meabe
Ilustratzailea: Ane Pikaza
Elkar, 2020

-------------------------------------------------------

Askotariko testuak eta liburuak argitaratu ditu Miren Agur Meabek. Literatur genero guztiekin aritu da: haur eta gazte literatura,... [+]


“Hezkuntzak izan behar du patxadatsua eta geldoa”

Eguneroko abiadura itogarritik atera eta eskola-proiektua amesteko, gogoetatzeko denbora hartzea aldarrikatu dute solaskideek, Superbotereak liburua aurkezteko mahai-inguruan. Patxadatsu aritu dira, hain justu, eraldatzeaz, inpotentziaz, ilusioaz, eskola bakoitzak egin beharreko... [+]


Erretiroa hartuko du Benito Lertxundik

82 urteko abeslari oriotarrak azken disko bikoitza kaleratu du, Gernikan 2023ko azaroaren 11n eskainitako kontzertuaren zuzenekoa. Eta horrekin bere ibilbideari amaiera eman diola iragarri du.


Materialismo histerikoa
Zuekin nahi dut

Gutxi ateratzen naiz azken urteetan. Askotan esan dut, badakit, baina badaezpada ere. Bertso saio batera joan naiz gaur. “Bejondeizula”. Bai, horregatik abisatu dut gutxi ateratzen naizela, pentsatzen dut zuek kultur ekitaldi askotara joaten zaretela, eta... [+]


2024-11-27 | Castillo Suárez
Pertseberantziaz

Bihotzean ditudan oroitzapenik politenetakoak dira. Euskal Filologia egiten ari nintzen garai hartan, eta Arbizuko elkarte batera joan ginen Ruper Ordorikaren kontzertu batera. Han zeuden Rikardo Arregi Diaz de Heredia eta Juanjo Olasagarre. Ez nintzen Arregiri esatera ausartu... [+]


Teknologia
Hartzea ematea delako

Azken 15 urteetan dugun Internetak hartu duen bilakaera ikusita, duen eredu teknologiko eta negozio ereduari lotuta, gizatasunaren alde txarrenak areagotzeko tresna dela pentsatu dezakegu. Ideia horrekin konforme ez dauden eragileak sortu dira mundu osoan zehar. Honako... [+]


“Konplexutasuna agertzeko lekua da literatura, ez lezioak ematekoa”

Helduentzako zazpigarren lana argitaratu berri du Uxue Alberdik, hirugarrena ipuingintzan: Hetero (Susa, 2024). Zortzi narrazio bildu ditu liburuan, eta denen abiapuntua izan da memorian geratu eta “noizbait ere honi buruz idatzi behar dut” pentsarazi dion paisaia,... [+]


Kolono europarrek Afrikan lapurturiko 500.000 artelanak itzultzeko ariketa nekeza

Azaroaren 4an itzuli die Frantziak benindarrei Katakle errege-aulkia, duela 132 urteko triskantzan frantses kolonoek lapurtu zietena. Memoriaren, aitortzaren eta ondare kulturalaren izenean, Europan zehar dituzten lapurtutako 500.000 objektuak berreskuratu nahi dituzte Afrikako... [+]


2024-11-27 | Onintza Enbeita
Aran Calleja. Filmetako musika egilea
“Musikan, emakumeok lan handia egiten ari gara ikus gaitzaten”

Inguruan dituen emakume sortzaileek halakorik izateak harritu egiten du, baina berak urte askotan izan du iruzurtiaren sindromea. Irauteak erakutsi dio, ordea, gauza asko ondo ere egin dituela. 2021ean Espainiako Estatuko Goya saria irabazi zuen
Maite Arroitajauregirekin... [+]


Eguneraketa berriak daude