argia.eus
INPRIMATU
HUMANITATEAREN UNE GORENAK
Egin nirekin
Aritz Galarraga 2021eko otsailaren 10

Maistra bat, Marina Garces. Ez dakit zer pentsatuko duen hartaz Jordi Llovetek. Tira, bai, badakit urriaren 1eko epaiketan esandako batzuk gaitzetsi zizkiola, aski filosofiko ez zirela iritzita. Eta Garcesek bere nahigabea adierazi zuela. Baina agian partekatzen dute dirudiena baino gehiago –argitaletxea, Institut d’Humanitats delakoan parte hartu izan dute biek–. Gainera, harritzen nau Llovetek halako gauzekin denbora galtzeak, letretako jendea izanik, oinezko politikaren txikikeriekin. Dena delakoarekin, ez daukat problemarik, gertatzen baitzait antipodetako idazleak, etsaituta diruditenak, atsegin ahal ditudala, berdin zaizkidala jakingarri. Ez dut baldintzarik gabeko atxikimendurik: bakoitzetik behar dudana hartu, eta aitzina beti.

Garces, beraz, ateratzen duen liburu berri bakoitza da festa bat. Escola d’aprenents izena du azkenak, zeinak hezkuntzari buruz galdetzera garamatzan, nola hezi nahi dugun galdetzeak nola bizi nahi dugun galdetzea dakarrelako. Ikasle baino ikastun baikara gizaki oro, etengabe ikasten ari garenak eskola arautuan derrigor egon beharrik gabe. Zer ikas dezakegu batzuok besteongandik? Erronka litzateke norbera izan dadila gauza norbere kontura pentsatzeko, besteekin batera, garaian garaiko arazoez. Eta, horra iristeko, irakasle benazkoak, ez “egin nik bezala” diotenak, baizik “egin nirekin”. Elkarrekin har dezagun ikasteko arriskua.

Eskola, hartara, heziketa hartzen duen gune nagusi gisara, ez da soilik goiz jaikitzen edo sari baten truke edozer gauza egiten ikasteko leku bat, ezpada irakasleen eta ikasleen arteko elkarketatik sortzen dena ikasteko, gizarte bezala, bere osotasunean, jakintzaren inguruko eztabaida gure gain hartzeko. Noski, gauza guztien soluzio izan gabe. Baina gaur inoiz baino gehiago babesleku, gorputz-arimaren. Haurrak ez baititugu eskolatzen maita gaitzaten. Ahalik eta bizimodurik beteena izan dezaten baizik.