Bilboko alkateak dio ostalaritzak ez daukala kulparik, errua “geuk” daukagula. “Geuk” hori bere ahotik entzun eta... geuk, nork? Agintariok? PNVkook? Erabakiak hartzen dituzuenok? Ez, “geuk” diotenean “zuok, herritarrok” esan nahi dute.
Sari-zigor jokoan sartu gaituzte. Jendarte infantilizatua: ondo portatzen bazarete, saria; txarto portatzen zaretenean, zigorra. Gaizki jokatze hori euren aginduak jarraitzea besterik izan ez bada ere.
Bazekiten. Bazekiten zer gertatu behar zen Gabonetan. Orduko kutsapenak eta orduan kutsatutakoek kutsatutako beste guztiak ari dira ospitaleak betetzen ordudanik. Kontua ez zen ekonomia ala osasunaren arteko dikotomia, baizik eta herritarren aurrean ondo gelditzea. Kalkulu politikoek agindu zuten Gabonetan sari-opariarekin hastea.
Mahai baten bueltan maskara barik bazkaltzeak edo afaltzeak emaitza posible bakarra zeukan: baten bat kutsatuta egonez gero, besteak ere kutsatzea. Hortaz, mezu posible bakarra zen ez batzeko, ez sei, ez hamar. Puntu.
Adituek halako gomendioak mahaigaineratzen dituztenean, agintariek “herritarrek ez dute ulertuko” erantzuten omen diete. Baina ulertu, ondo ulertzen dugu; gustatu, beste gauza bat da. Eta PNVk ere ondo ulertzen du bere erronka dela pandemiaren amaierara ahalik eta higadura gutxienarekin heltzea, kudeatzaile onen mitoa jausten ari zaienez gero.
"Bazekiten. Bazekiten zer gertatu behar zen Gabonetan. Orduko kutsapenak eta orduan kutsatutakoek kutsatutako beste guztiak ari dira ospitaleak betetzen ordudanik"
Eskerrak herritar asko agintariak baino zentzudunagoak izan diren. Hainbat eta hainbati entzun diegu, komunikabideetatik, ezetz, aurton etxekoak eta listo. Eta, bien bitartean, Gobernuaren bozeramalea azaltzen bere gurasoekin eta aitagin-amaginarrebarekin ere batu behar zela, eredua-edo ematen ari zelakoan.
Gertatutakoa gertatuta, hartutako erabakiak “geure gain hartzen ditugu, asumitu egiten ditugu” esaten entzun genuen Zupiria gerora. Zer esan nahi du horrek? Zein ondoriorekin? Erabaki politiko horiekin sorrarazi dituzuen hildakoak ere hartu behar dituzue zeuen gain, “asumitu” behar al dituzue? Dimisioa noizko, orduan? Ez bada “asumitu” diotenean “bagenekien, berdin zigun eta berdin digu” esan nahi dutela.
Jendeari esan zenioten horrela jokatzea ondo zegoela eta jendeak sinistu zuen hala zela. Jainkoarren! Erabakiak talde tekniko-zientifiko batek hartzen dituela sinistarazi diezue askori, baina! Eta hori gutxi balitz, gainera, segurtasun faltsuaren irudipena, eskuak garbitzeak, mahai erdian konpartitzekorik ez jartzeak edo ez abesteak ezer ekidin ahalko balu bezala. Zenbat ez ote dabiltza orain buruari bueltaka, ea zelan den posible bere senidea hilda edo hilzorian egotea, dena ondo egin bazuten?
Rementeriak dio ez dela errudunak bilatzeko momentua. Ondo baino hobeto badakielako zer gertatzen ari den eguneko zentroetan eta egoitzetan. Lehen olatuan langile eta erabiltzaileak erruki barik jausi ziren. Inork espero ez zuen egoera bati aurre egin ziezaiotela ez dut nik orain eskatuko. Hala ere, hirugarren olatuan gaudela, luze egin genezake berba Bizkaiko Aldundiak berak zuzen kudeatzen dituen egoitzetan eta eguneko zentroetan gertatzen ari denaz. Adibide soil bat: maskara kirurgiko bakar bat egun osorako. Ez FFP2, ez ezer. Maskara kirurgiko soil bat! Imajina ezazue, gainera, zelan dagoen maskara hori lehen erabiltzailea lurrun artean dutxatu ostean. Rementeriak egoera onbidean jartzeko eta bitartekoak ipintzeko urtebete izan du, baina ez du egin, ez duelako nahi izan. Honek ere hildako eta gaixotutako guztiak bere gain hartu behar ditu, ezta “compañero”?