argia.eus
INPRIMATU
Espezieen desagerpena
Leize-hartzei etxea kendu genien
  • Amorotoko kobazulo batean leize-hartz baten erpe markak aurkitu dituzte. Espeziea iraungitzearen arrazoiari buruzko hipotesi nagusia klima izan da orain arte, baina azkenaldiko ikerketek DNA mitokondriala aztertu eta leize-hartzen gainbehera duela 50.000 urte hasi zela ondorioztatu dute, hau da, klima aldatu baino lehen. Horregatik lotu dute hartz horien iraungitzea gure espeziearen hedapenarekin.

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2021eko otsailaren 02a
(Argazkia: ADES)

Amoroto, duela 24.000 urte baino gehiago. Leize-hartz batek bere erpearen markak utzi zituen kobazulo batean. Berriki, Ades espeleologia elkarteak kobazulo hura aurkitu du, MG-12 kodearekin katalogatu dutena. Hartzaren markaz gain, giza garezur bat ere topatu dute kobazuloan, baina oraindik ez dituzte aztertu eta datatu. Baina badakigu erpearen arrastoak 24.000-26.000 urte baino zaharragoak direla, garai hartan desagertu baitzen Ursus spelaeus espeziea.

Azken hamarkada arte, leize-hartzak iraungitzearen arrazoiari buruzko hipotesi nagusia klima izan da; hau da, azken glaziazioari aurre egin ez eta desagertu zirela. Baina, hainbat adituk ohartarazi bezala, leize-hartzek bizirik iraun zuten aurreko glaziazioetan. Beste hipotesi baten arabera, dieta murritzak suntsitu zuen espeziea. Baina Errumanian aurkitutako hezur batzuen azterketak leize-hartzen dieta pentsatu baino anitzagoa zela frogatu zuen 2008an.

Handik bi urtera, 2010ean, Max Planck Institutua buru, nazioarteko zientzialari talde batek egin zuen azterketak klima edo elikadura baztertu eta gizakia jo zuen erruduntzat. Berriki Siberian, Ukrainan eta Galizian aurkitutako 17 arrastoren DNA mitokondriala aztertu eta leize-hartzen gainbehera duela 50.000 urte hasi zela ondorioztatu dute, hau da, klima aldatu baino lehen. Horregatik lotu dute hartz horien iraungitzea gure espeziearen hedapenarekin.

Garai hartako horma-arteko ehiza eszenatan gutxitan irudikatzean dira leize-hartzak –hartz arreak askoz ohikoagoak dira–, eta kobazuloetan giza arrastoekin batera aurkitu diren hartz arrastoak erritualekin lotuta daude. Horrek guztiak adierazten du leize-hartzek garrantzi erritual handia zutela garai hartako gizakientzat, baina ez zituztela ehizatzen. Gizakiek ez zituzten leize-hartzak zuzenean hil, beraz. Baina hibernatzeko tokirik gabe utzi zituzten. Homo sapiens espeziea hedatu ahala, geroz eta kobazulo gehiago okupatu zituzten bizitoki modura. Hartz arreek kobazuloetatik kanpora, landarediak babestuta, hibernatzeko gaitasuna dute, baina leize-hartzek ez. Aurrez erabiltzen zituzten kobazuloetan sartu ezinik, batzuk ez zuten negua kanpoan pasatzea lortu; beste batzuek kobazulo desegokiak, sakonegiak topatu eta ez zuten udaberrian bizirik irtetea lortu.

Amoroton aurkitutako arrastoen ikerketaren zain, azken urteetan beste hainbat kobazulotan ere aurkitu dira leize-hartzen eta gizakien arrastoak, eta etxetik botata desagerrarazi genituela dioen hipotesi honek geroz eta indar handiagoa du.