argia.eus
INPRIMATU
Ana Hormaetxea. Gidoia betetzen
“Ohikoa da gidoilari batek denbora luzean ezer ez fakturatzea”
  • Euskal Herriko Gidoigileen Elkarte Profesionaleko idazkaria da Ana Hormaetxea Ibarbengoetxea (Algorta, 1974); halaber, lau urtez, iazko irailera arte, presidentea izan da FAGAn, hau da, gaztelaniaz gain beste hizkuntza bat duten Espainiako Estatuko erkidegoetako gidoilari elkarteen federazioan.  “Munduko lanbiderik onena da hau”, aldarrikatu du. Baina badago zer hobetua, elkarrizketa honetan emandako erantzunek argi utzi dutenez.

Unai Brea @unaibrea2 2021eko otsailaren 04a
Ikusgaitasuna eskatzen dute gidoilariek: “Ez dugu nahi kalean jendeak gu ezagutzea, baina bai ospe profesionala”
Ikusgaitasuna eskatzen dute gidoilariek: “Ez dugu nahi kalean jendeak gu ezagutzea, baina bai ospe profesionala” (Argazkia: Aritz Loiola)

Fikzio gutxi idazten omen da Euskal Herrian.
Gutxi ekoizten da eta. Zinemarako apur bat gehiago, telebistarako oso gutxi. Gaur-gaurkoz ETB da telebistarako fikzioa ekoizten duen bakarra; alegia, ekoiztetxeek ETBrentzat egiten dute lan. Eta urtean bizpahiru telesail sustatzen ditu.

Bezero bakarra izateak botereaz abusatzeko aukera ematen dio ETBri?
Erabat. Argitu dezadan: aldi berean abusatu eta bultzatu egiten du. Hark mugiarazten du industria. Baina monopolioa duen heinean, abusatu egiten du, noski. Tarifa ez ezik, haiek ezartzen dituzte eduki motak ere, eta gai interesgarriak zeintzuk diren, telesailek zenbat iraungo duten, zenbat fikzio sortuko den...

Hortaz, ideiak autozentsuraren galbahetik pasarazten dituzu, ETBren nahiak gogoan?
Autozentsura baino gehiago, norentzat idazten duzun jakitea da kontua. Neure ideia bat lantzen badut badakit ETBn ia merkaturik ez dudala. Urtez urte aldatzen bada ere, prozesua honelakoa izaten da gutxi gorabehera: ETBko ekoizpen arduradunek euskal ekoiztetxeei deitzen diete, eta esaten diete “aurten hiru telesail egingo ditugu, edo bi, edo... eta nahi dugu halako eta halako ezaugarriak izango dituen telesail bat, prezio honetan”. Ekoiztetxeek ideiak proposatu, eta ETBk aukeratu egiten du. Esan beharra dago, era berean, gaur egun badela ETB aprobetxatzen ari ez den beste aukera bat.

Zein?
ETBk, uneotan, ez du kolaborazio sistemarik inongo plataformarekin. TV3k, esaterako, badu akordio bat Netflix-ekin. TV3n estreinatzen den fikzio guztia gero Netflixen ere estreinatzen da, eta Netflixek dirua ematen du. Horrek, Katalunian gehiago eta hobeto ekoizteko aukera emateaz gain, ate bat zabaltzen du mundura irteteko. Eta lagundu egiten du kultur eta hizkuntz dibertsitatea sustatzen. Danimarkako telesail bat ikusten badugu hemen, zergatik ez dute Danimarkan euskal telesail bat ikusiko? Posible da, baina pentsamoldea aldatu beharra dago. Gidoigileen Elkartea aspalditik ari da hori eskatzen.

FAGAko presidentea izan zinen lau urteetan gidoigileen lan baldintzak hobetzeko borrokan aritu zinen.
Borroka horrek bere horretan jarraitzen du. Lanbide hau, berez, segurtasun faltari dagokionez da prekarioa. Nik oraintxe badakit ostiralera arte lana izango dudala, hortik aurrera tarte batean ez, gero berriro zerbait... Gidoilariok badugu horrekin lotutako aldarrikapen bat, zergekin zerikusia duena. Muturreko adibide bat emango dut: baliteke hiru urte ematea gidoi bat lantzen, eta saltzean 100.000 euro jasotzea (normalean ez da hainbeste izaten, baina tira). Lehen bi urteetako bakoitzean zero fakturatu duzu, eta hirugarrenean 100.000. Kopuru handia denez, urte horretan ia % 50 ordaindu beharko duzu zergetan. Baina hiru urteko lana da! Bakoitzean 33.000 euro fakturatu bazenitu, zergak % 20 ingurukoak izango ziratekeen.

Argazkia: Aritz Loiola

Maiz gertatzen dira horrelakoak?
Telebistan gabiltzanon kasuan ez hain sarri, zinemarako idazten dutenean bai. Ohikoa da ezer ez fakturatzea urtebetean, edo denbora luzean.

Aitortza ere eskatzen duzue.
Ikusgaitasuna, zehazki. Gaur egun, telebistari esker, hobetu egin da kontua, baina lehen inoiz ez zen gidoilaria aipatzen. Frantziako aldizkariak egile-zinemaz hitz egiten hasi zirenean, zuzendaria hartzen zuten egiletzat, baina ez gidoilaria, nahiz eta askotan guk dugun lehen ideia, guk idazten dugun guztia... Zinemari dagokionez horrela jarraitzen dugu. Ez dugu nahi kalean goazela jendeak gu ezagutzea, baina bai ospe profesionala.

ETBko Go!azen telesailerako gidoiak idazten dituzu. Gaztelaniaz egiten duzu, ordea. Ez da harrigarria?
Go!azenen kasuan nik ez ditut gidoiaren xehetasunak idazten. Nik istorioak sortzen dakit, eta horixe egiten dut. Beste batzuei dagokie euskara onean idaztea istorio horiek. Telesaila ikusten duten haurrei heltzen zaien euskara oso ona da, filologoek zorrotz aztertua.

Elkarrizketa batean esana: “Gaurko telebista ereduak ez du hamarkada bat baino luzeago iraungo”.
Aldaketa handiak gertatzen ari dira. Fikzioaz den bezainbatean, plataformei esker gehiago dago, eta askotarikoagoa, bai edukiei eta ikusle motari dagokienez, baita kulturari eta hizkuntzari dagokienez ere. Ezin ukatu, hala ere, plataforma gutxi daudela eta haiek erabakitzen dutela zer eduki mota egin. Baina ETB baino zabalagoak dira. ETBn denak izan behar du oso leuna. Go!azen, adibidez, nerabeei buruzko telesaila da, baina umeentzakoa. Hor agertzen diren nerabeek ez dute porrurik erretzen, ez dute txortan egiten, ez dute alkoholik edaten... Eskuak eta musuak ematen dizkiote elkarri, baina ez dute hitz egiten kondoiez eta hilekoaz. Umeentzat da Go!azen. Eta amamentzat.

Gidoilaria COVID-19 aroan
“COVID-19ak ez digu asko eragin lan aldetik, idazten jarraitu dugu, baina orain pandemia ere izan behar dugu kontuan. Istorio bat sortzean, adibidez, COVID-19a egon aurreko edo agertu ondoko garaian kokatu behar dut? Maskara gabe egotea nola justifikatu? Zuzenean existituko ez balitz bezala jokatuko dut? Edo istorioa sortzeko baliatuko dut? Bestalde, filmatzea orain zailagoa dela kontuan izan behar dugu. Sei edo zazpi aktoreko eszena gutxiago, bizpahiruko gehiago, jende askokorik ez... Orain arte lana izan dugula esan dut, baina aurten hasiko da murrizten hori ere, filmaketen erritmoa geldotzearen ondorioz”.