Musika ikasketak ordaindu ezin dituztenei musika irakatsi, bidean bestelako mundu eta harremanak eraikiz. Bulkada horretatik hasi ziren elkartzen Gasteizko Jesús Guridi Musika Kontserbatorioko zenbait musika irakasle urte bete baino gehiago dela. Orduko ametsak ameskeria bihurtzekotan egon ziren COVID-19aren ondorioz, baina musikan gorpuztu dira azkenik. Kefren De Agaphilek eta Joana Otxoa de Alaiza Graziak azaldu digute zer den eta zertan den Tximurka proiektua.
Migratzaileek gurean bizi dituzten bidegabekerien eta sufrimenduen aurrean zerbait egin nahi zutela azaldu digu Joana Otxoa de Alaiza piano irakasleak, musikatik eta ikuspegi kritiko batekin: “Geroz eta zailagoa da instrumentu bat ikastea dirurik gabe, musika geroz eta elitistagoa da. Nahi duen ororen eskura jarri nahi dugu, baztertuta daudenei tokia eskainiz, baita beren burua garatzeko aukera ere”. Proiektuaren hartzaileak migratzaile pobretuak izatea zuten buruan hasieran, baina bidean fokua zabaldu dute: “Oro har musikaren ikaskuntzarekin kontaktua izateko beste aukerarik ez duen edonorentzat da Tximurka. Ikasketa ordaindu ezin duenarentzat”.
Hierarkiak eta norabide bakarreko praktikak ekidin nahi dituzte. “Musika eskola bat non ‘irakasleak’ ez duen garrantzi handiagoa: irakasten dago momentu batean, eta beste pertsona bat jasotzen, baina beste une batean alderantziz izango da. Ez duzu zertan irakasle izan proiektuan parte hartzeko, ezta musika irakasteko ere. Musikaren profesionalak ez diren irakasleak batu zaizkigu jada”.
Eskuzabaltasuna oinarri
Eskuzabaltasunak egin du posible orduko ametsak haragitzen joatea. Gasteizko Mugarik Gabeko Musikariak (MGM) elkartearekin jarri ziren harremanetan lehenik. “Ate guztiak zabaldu eta musika tresna piloa laga dizkigute”, azaldu digu Otxoa de Alaizak, gordeta dituzten dozenatik gora gitarrak seinalatuz. Aretoko bi piano ederretako bat eta akordeoi bat ere herritar batek oparitutakoak dira. Hasierako harreman emankorrak Tximurka MGMren parte izatea ekarri du naturalki, baina proiektua autonomoa izaten jarraitzen du.
Espazio baten beharra eta horrelakorik ordaindu ezina kezka iturri izan ziren hasieratik. Ezustean hots egin zien proiektuaren berri izan zuen emakume batek, hutsik zuen lokala musu-truk erabiltzea eskainiz. Panama kaleko egoitza ondo dago egitura aldetik, baina ia hutsik, eta hobekuntzak egin nahi dituzte. “Toki goxoa izatea nahi dugu, musikariak edota musikan interesa dutenak erakarriko dituena”. Nola egin aurre gastuei? Jaso duten beste donazio anonimo batekin, 2.000 eurokoa: “Laguntza handia izan da. Obra aurrekontua egin digute, eta laster hasiko gara”.
“Oro har musikaren ikaskuntzarekin kontaktua izateko beste aukerarik ez duen edonorentzat da Tximurka. Ikasketa ordaindu ezin duenarentzat”
Baina ez dute egokitze lanak amaitu arte itxaron ibiltzen hasteko, eta azaroan entzun ziren lehenbiziko musika akordeak Tximurkan. Zenbait elkarterekin elkarlanean irakasleak eta ikasleak harremanetan jartzen dituzte, “momentuz gutxi batzuekin, ea ondo doan ikusteko”: Gasteizko CEARekin (Errefuxiatuen Laguntzarako Batzordea); Alde Zaharreko Goian proiektu hezitzailearekin; eta OEE Arabarekin. “Adibidez, hiru piano irakasle gaude. Osatzen dugu ordutegien eta egunen taula bat eta jartzen gara haiekin kontaktuan, ikusteko eskaintzen dugun hori jasotzeko interesa duen inork”, azaldu du Otxoa de Alaizak. “Bakoitzak nahi duena ematen du. Irakasle batzuek ordu erdi astean, beste batzuek osoa, edo bi...”. Alderantzizko noranzkoan, elkarteek musika ikasteko gogoa duen pertsonaren bat dutenean Tximurkarekin jartzen dira harremanetan, “eta gu irakasle bat aurkitzen saiatzen gara”.
Ikaslea irakasle?
Kefren De Agaphil da musika klaseak jasotzen ari den gasteiztarretako bat. Gitarra irakasten dio Nikok, eta poz-pozik dago Tximurkako proiektuarekin: “Horrelako zerbaiten bila nengoen. Kantatu egiten dut, baina instrumenturik jo ez, eta ikasi nahi dut”. OEE Arabako kide Agus-ek deitu zion, “Esan zidan, ‘Aizu Kefren, eskolak ordaintzeko edo eskola ofizial batean izena emateko aukerarik ez duten pertsonentzat proiektu bat dugu, telefonoa emango dizut’. Joanarena zen. Hitz egiteko geratu ginen, lokala ikusi, eta Nikoz hitz egin zidan”.
Txeloa, tronpeta, tronboia, pianoa eta gitarra irakasteko prest dauden lagunak ditu Tximurkak, baita abesbatza irakasle bat ere
Musika talde bat osatu eta han-hemenka aritzea da De Agaphilen ametsa. Bost urte dira Gasteizera heldu zela, bere egoera ekonomiko eta administratiboa ez da samurra. Talde batean kantari lanetan aritu zen aspaldi, ondoren taberna batean kontzertuetan noizbehinka parte hartzeko aukera izan zuen, eta justu osasun krisia hasi aurretik talde berria osatu nahian zebilen. “Baina koronabirusa heldu zen, eta agur”. Egoera leheneratzeko irrikaz dago, ametsari berriz ere heltzeko.
Tximurkaz lehenengo pertsonaren pluralean hitz egiten du bolikostarrak –“Proiektua aurrera ateratzeko ahalegina egingo dugu”–, eta zer edo zer “emateko” irrika du: “Klaseak jasotzen ditut, baina beste gauzaren batean ekarpena egitea badut egingo dut”. Otxoa de Alaizak agian irakasle lanetan hasiko dela esan digula aipatzen diogunean, irribarre lotsatia zuzentzen digu: “Beno, bai, agian kantuan irakatsi, dakidana...”.
COVID-19aren zailtasunen gainetik
Tximurka ibiltzen hasi berria da, eta formatu txikian ari dira momentuz. Bost lagun ari dira klaseak ematen eta beste horrenbeste jasotzen. Irakasle lanetan dabiltzan guztiak Euskal Herrian jaioak dira, eta instrumentua ikasten dutenen jaioterriak Georgia, Boli Kosta, Venezuela eta Algeria dira. Neurri batean haiek erabaki dute klase gehiago ez ematea, pixkana hazi nahi dutelako. Baina bizi dugun krisirik gabe Panama kaleko lokalak bizitza handiagoa luke. Txeloa, tronpeta, tronboia, pianoa eta gitarra irakasteko prest dauden lagunak ditu Tximurkak, baita abesbatza irakasle bat ere. Baina osasun irizpideengatik erabaki dute momentuz aldi berean klase bakarra ematea lokalean, edo maskara kentzea eskatzen duten haizezko instrumentuekin ez hastea, besteak beste. Bestalde, asanblada eta eztabaiden erritmoa mantsotzen dute elkartzeko debekuek edo ordutegi murrizketek, proiektua baldintzatuz.
Penarik ez, ordea. Ibiltzen hasteaz gain, beste proiektu asko dituzte ganbaran. Agertoki txiki bat egin nahi dute kontzertu txikiak egiteko, eta asteburuan lokala ireki. Ehunka partitura dituzte jada bilduta lokalean, eta horiekin funts autogestionatua egin nahi dute, jendeari maileguan hartzeko aukera emateko: “Puntazoa izango dela uste dugu, oso toki gutxi baitago partiturak hartzeko aukera ematen duenik. Alemanian adibidez, liburutegietan partituren atala izaten dute, hemen ez: musika eskola baten partaide izan behar duzu eskuratu ahal izateko”, dio Otxoa de Alaizak. Tximurkan hasitako bidea musika eskola batean jarraitu nahi dutenei azterketa prestatzen laguntzeko eta sarbidea ordaintzeko gaitasuna izan nahiko lukete noizbait. “Horretarako sarrera ekonomiko propioak beharko genituzke, ez dugu diru-laguntza publikorik nahi”. Eta ez dute baztertzen proiektua diziplina eta ekimen berrietara irekitzeko aukera, dantza edo pinturara kasu.
Lagundu eta batzeko hamaika aukera
Otxoa de Alaizak eta De Agaphilek gasteiztarrei dei egin diete Tximurkara batzera edo proiektua beste nolabait babestera: klaseak eemanez edo jasoz, asanbladara batuz, instrumentuak, dirua, mahaiak eta aulkiak edo arbela emanez. Harremanetarako tximurka@gmail.com helbidea ireki dute.
Ilusioa eta poza transmititzen dituzte bi hizlariek, musika tresnez eta partiturez betetako gelan. “Dugun ibilbide laburrean, oso harrera beroa sentitu dugu, esker on asko, interes handia... Hasierak Tximurka beharrezkoa dela berretsi digu”, dio Otxoa de Alaizak, eta De Agaphilek borobildu du elkarrizketa: “Ikasle eta irakasle artean harreman estuak sortzen dira. Niretzat orain proiektua oparia da”.
Bizilagunek "egia eta politika" merezi dutela adierazi dute, oraindik konponbiderik bilatu ez zaizkien arazo ugari edukitzen jarraitzen baitute. Ikasketei eta osasun arretari loturiko arazoak nabarmendu dituzte.
Euskal Herrian Euskarazen arabera, Tolosako tren geltokiko segurtasun agente batek eraso egin zion militante bati, agenteari euskaraz hitz egiteko eskatu ziolako. Tolosako alkateak "kezka" adierazi du eta azalpenak eskatuko dituela jakinarazi.
Seme-alabek eskolan dituzten ratioekin kezkatuta, Arartekoari kexa helarazi zion guraso talde batek, eta orain zuzenean Parlamentuari egin diote eskaera, “legez berma dadin gure seme-alaben hezkuntzaren kalitatean oinarrizkoa den neurria, unean uneko aurrekontuez edo... [+]
Groenlandiar jatorriko 411 haur daude tutoretzapean Danimarkan, Gizarte Gaietako, Etxebizitzako eta Adineko Pertsonen Ministerioaren txosten baten arabera. Aitatasun eta amatasun froga psikologikoetan puntuazio baxuak lortzeko arriskua dute guraso groenlandiarrek, frogak ez... [+]
Ikasleen lan politikoa jazartzeko asmoz, Iruñeko Iturraman eta Biurdanan nahiz Bilboko Unamunon izan dira polizia-indarrak, IAk salatu duenez.
Otsailaren 28an Hendaian eman dio hasiera kanpainari Herri Urratsek. Euskararen transmisioa bermatzen duen Seaska babestea da helburua.
Gizonak ustez Ortuellako Jendea futbol taldean zuen posizioa baliatu zuen umeari argazkiak egiteko. Ertzaintzak ikerketa abiatu du eta aurretik antzerako salaketak zituela jaso dute.
Poliziaren eta manifestarien arteko talkek atxilotu eta zauritu ugari utzi dituzte ostiralean herrialdeko hiri nagusietan. Herritarrek gertatukoaren erantzuleak zigortzea eskatu diote gobernuari, ez baita oraindik istripuaren inguruko epaiketarik ireki. Greba orokorra deitu... [+]
Elizak 23 kasu ditu onarturik Nafarroa Garaian. Haiek "ekonomikoki, psikologikoki eta espiritualki laguntzeko" konpromisoa adierazi du Iruñeko artzapezpikuak.
Karbankulu pomelatua "garai batean gure bizilagun Francisco Casanova hil zutenen ideiak babesten dituztenek erabilitako ikurra" dela, adierazi du Noelia Guerra UPNko Castejoneko alkateak, eta sinbolo "ez ofizialak" udalaren espazioetan erabiltzea... [+]
Martxoaren 2an igandea Iruinkokoak berriz ere Iruñeko karrikak hartu ditu.
Gipuzkoako hamaika txokotatik gerturatutako hamarka lagun elkartu ziren otsailaren 23an Amillubiko lehen auzo(p)lanera. Biolur elkarteak bultzatutako proiektu kolektiboa da Amillubi, agroekologian sakontzeko eta Gipuzkoako etorkizuneko elikadura erronkei heltzeko asmoz Zestoako... [+]
Udaberri aurreratua ate joka dabilkigu batean eta bestean, tximeletak eta loreak indarrean dabiltza. Ez dakit onerako edo txarrerako, gure etxean otsailean tximeleta artaldean ikustea baino otsoa ikustea hobea zela esaten baitzen.
Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuko Memoriaren Nafarroako Institutuak "Maistrak eta maisu errepresaliatuak Nafarroan (1936-1976)" hezkuntza-webgunea aurkeztu du.
Donostiako alkate ohiak webgune bat sortu du, eta plataformarekin bat egiteko eskatu die herritarrei.