Lur Gallastegik abenturazko hainbat liburu argitaratu ditu honen aurretik, kanpoko herrialdeetako errealitatearekin bat eginez gehienetan (Senegal, Sahara…). Oraingoan, baina, Donostian girotutako abenturazko nobela eskaini digu 10 urtetik gorako neska-mutikoentzat.
Liburuaren izenburuak berak iradoki bezala, sekretu baten atzetik ibiliko dira nobela honetako protagonistak: Peru, Aixa, Etor, Malen, Lander, Eira, Joana, Eider eta istorioa lehen pertsonan kontatzen duen Intza. Denak Antigua auzokoak eta Ondarreta hondartzan biltzen direnak oporrak hastearekin batera.
Intzak, baina, ez die hasiera ona eman oporrei. Lehenengo egunean Ondarretako harri batekin min hartu eta hainbat egun eman beharko ditu uretara sartu gabe. Lagunak txandaka geratzen dira Intzarekin hondartzan bakarrik egon ez dadin, eta tarte horietan, hainbat konturen artean, hondartzako harrien jatorria ikertzeari ekiten diote. Nondik datoz Ondarretako harriak? Egia al da han kartzela bat egon zela? Ba al dago sirenarik itsasoan?
Gallastegik proposatzen digun lan honetan irakurlea abenturazko zurrunbilo batean sartuko da; itsas zurrunbiloak bezala, honetan ere irakurlea gero eta barnerago, gero eta aurrerago jarraitzeko gogoz ibiliko da. Horretan, liburuaren ilustrazioek, Iosu Mitxelenak era errealistan eginek, lagundu egiten dute nobelaren haria jarraitzen; baina, batez ere, kapitulu laburretan antolatutako liburuaren egiturak eta deskribapenen gainetik protagonisten arteko elkarrizketa ugariek laguntzen dute irakurketan. Bestalde, narratzailea abenturetako protagonista bat dugula esan dugu arestian, eta horrek eragiten du irakurlea haiekin identifikatzea, hurbilago sentitzea. Hots, berari edo bere lagunei gertatutako istorioa balitz bezala bizitzea liburu honetako pasadizoak.
Itsas azpiko sekretua azkar irakurtzen den abenturazko liburua dugu; neska-mutiko koadrila baten oporretan jazotako hainbat eta hainbat gertakari biltzen dituen nobela interesgarria. Baina horretaz gain, liburu hau bada bide bat ere fantasiatik abiatuta errealitatearen mundura salto egiteko, gure historian barneratzeko eta, nahi izanez gero, 1936ko gerrako hainbat kontu ezagutzeko.