argia.eus
INPRIMATU
Ezin da
Aingeru Epaltza @AEpaltza 2021eko urtarrilaren 28a

Ezin da idatzi garai hartan zer gertatu zen, dena txikitzea litzatekeelako, zubi denak erretzea”. Joxean Larrañaga ‘Urko’-ren hitzak dira, Berria egunkarian berri-berrikitan egindako elkarrizketa batean. Joan den mendeko 80ko eta 90eko hamarkadez ari da kantari donostiarra, urte horietan ezker abertzaleak –ezker abertzalearen zati batek, nahiago bada– zenbait euskal sortzaileri, musikariei batez ere, egindako jazarpen ankerraz. “Proskritoak” deitzen ditu bera eta bere egoera berean zeudenak.

Imanol Lartzabal kantariaren kasua da ezagunena. Ez bakarra. Xabier Letek pairatu zuena oroitarazi ziguten joan den urtean, haren heriotzaren hamargarren urteurrena dela-eta plazaratu diren lanetan. Oroitarazi bai, baina sobera nabarmendu gabe, haren biografiaren bertze pasarte batzuen gisara (Joxan Artzerekin bezala, lotsa-emangarri bide zaio hainbati bizitzaren azken urteetan

"Berradiskidetzea hitz handixkoa izanagatik ere, zekenenak ere onartzen du zenbat irabazi dugun indarkeria politikoak gure artean pizten zituen zatiketa eta ika-mikak ehorztearekin"

Lete kristautasunera itzuli zela jakitea). Hainbertze urteren ondotik, zauria itxi ez den seinale.
Ikusi noraino darion materia, Larrañagak berak nahiago baitu gai horretaz ez luzatu. Uko egiten dio xehetasunak emateari. “Ezin da idatzi garai hartan zer gertatu zen”. Ongi irakurri duzue, ezin da. Eta arrazoitu egiten du: “Dena txikitzea litzatekeelako, zubi denak erretzea”. Isiltasuna, bakearen amoreagatik.

Atxagak iragarri zuen La pelota vasca film gogoangarrian: “ETAren jarduna hain zaigu pisua, ezen, desagertzen denean, hegaz egiten ahalko baitugu”. Hegaz, ez dakit; egia da euskaldunon arteko giroa ikaragarri aldatu dela azken 20 urteetan. Berradiskidetzea hitz handixkoa izanagatik ere, zekenenak ere onartzen du zenbat irabazi dugun indarkeria politikoak gure artean pizten zituen zatiketa eta ika-mikak ehorztearekin. Kulturaren esparruan, inon baino nabarmenago.

Itsu batek ere ikusten du. Zubiak zutitu dira berriz. Aiseago aritzen gara elkarlanean. Hobeki bizi gara, erosoago. Nola ez gaitu, bada, izularrituko duela 30-40 urteko garai latzetara itzultzen ahal garela pentsatze hutsak? Bide berri eta eztiagoak bidesaria badu, ordea: ahanztura. Bazterrak harrotu nahi ez badituzu, ez harrotu sobera iragana. Ez ekarri gogora puteatzen ninduten/zintugun garaiak. Ezin da horietaz idatzi, mintzatu, eztabaidatu. Memoria historikoa? Aukeran, nahiago ez.

Isiltasun hitzarmen bat dugu, isilpekoa. Normala da. Ulergarria da. Agian ona ere bada. Ez uka pixka bat tristea ere badela.