argia.eus
INPRIMATU
2020an (agian) entzun ez dituzun lau disko
Xalba Ramirez @xalbaram 2021eko urtarrilaren 28a
H30 | Hasier Oleaga, Sorkunde Idigoras, Julen Izarra | Gaztelupeko hotsak.
H30 | Hasier Oleaga, Sorkunde Idigoras, Julen Izarra | Gaztelupeko hotsak.

Gustatzen zait joandako urteari begiratua ematea, aukera ematen baitit ezagutzen ez nituen harribitxiak ezagutzeko. Arrazoi batengatik edo bestearengatik urteko zerrenda gutxitan (edo bakarrean ere ez) atera diren lau disko proposamen egingo dizkizuet.

H30 (Gaztelupeko Hotsak, jazza). Proiektuan Hasier Oleaga bateria-jotzailea, Sorkunde Idigoras piano-jotzailea eta Julen Izarra saxo-jotzailea ditugu. Izenak Oleaga trioa iradokitzen duen arren, hiru artistek sinatu dituzte kantak eta aniztasuna eman lanari. Lehen kantatik kontrasteak nabarmenduko nituzke, zati erritmikoetatik intentsitate eta lasaitasun uneetako aldaketa handietara. Musikari bakoitzak gehitutako ñabardurei esker kalitate zigilua lortu dute.

Ilargiaren Semea 1619 (Autoekoizpena, trapa). XSakara bermeotarrak trap eta hip-hop erritmoz betetako lan pertsonal eta intimista eskaini du, erritmoek eta leloek hori iradoki ez arren. 16 urtetatik 19ra bizitako esperientziak kontatu nahi izan ditu, euskal nerabezaroaren problematiketara hurbilduz modu freskoan. Ekoizpenak ez du berebiziko dotoreziarik, baina aldi berean ez da hantustetsua eta ibilgailu gisa eramango gaitu norberak bere barrenak arakatzera. Aipatzekoa da kanta bakoitzeko kolaborazioek emandako kolorea.

Ilargiaren semea 1619 | Xsakara | Autoekoizpena.

Sorm3n (Autoekoizpena, instrumentala). Julen Basterra Garmendia gitarra-jotzaile lasartear ezezagunak bere kabuz igo du Youtubera hamaika kantaz osatutako bilduma. Denak gitarra hutsez joak. Modu xumean grabatu ditu, etxean eskuragarri dauden materialekin. Angel Unzuren 13 solos edo John Butlerren Ocean gogoratzen duten uneetatik Extremoduroren rock sinfoniko akustikoetara doa. Teknikoki izugarria da, eta emozionalki zer esanik ez: atmosfera ugari ukitzen du. Ez bilatu ezer, jarri diskoa osorik eta bidaiatu.

Sorm3n | Julen Basterra Garmendia | Autoekoizpena.

Red River Ride (Autoekoizpena, dream pop). Martin de Marte Zarauzko Marc de Marco dugu. Zarauztarrak lehenengo diskoaren azalean egin zion keinu kanadarrari, eta soinuan eta ehunduratan nabari da. Baina influentzia izateak ez du esan nahi kopia egin duenik eta libreki nahastu ditu rock, jazz, indie eta psychodelia ukituak, kanta lasai zein mugituetan. Chill out freskoa, chorus gitarra dantzariak eta bateria lehor dotoreak, denak Martin Muruak berak lokalean grabatutakoak. You Better Ulertu abestia da (eta bere bideoa) diskoko altxorra.

Red River Ride | Martin de Marte | Autoekoizpena.