Hizkuntza biziberritze prozesu bakoitzak bere ezaugarriak ditu. Hizkuntzak duen egoera, herritarron ezaugarriak eta herri bakoitzaren ezaugarri kulturalak kontuan hartuta jardun behar da kasu bakoitzean. Tresna, neurri eta ekimenekin asmatuz gero hizkuntzak aurrera egingo du. Gerora, egoerak aldatzen diren neurrian, baliabideak, estrategiak, jomugak… egokituz joan beharko dira. Hala ere, badira prozesu guztietan funtsezkoak diren tresnak: murgiltze eskolak, helduen eskolak, kultur sorkuntza, komunikabideak…
Kolonbiako Cauca eskualdeko Nasa herriarekin helduen eskolen inguruan egindako ibilbidean zerbait azpimarratu badugu, zera da: helduen eskolak biziberritze prozesuaren motor garrantzitsuenetakoa izan behar dira. Hiztunak sortu behar dituzte, kultur sorkuntzaren erabiltzaile eta sustatzaileak izan, hizkuntza arlo guztietara hedatzen lagundu eta, batez ere, atxikimendu sortzaileak izan behar dira.
"Helduen eskolei dagokienez behinik behin, diesel motor zaharrarekin ari garela aitortu behar diegu. Garai batean puntakoa izan zen, baina gaur egunerako zaharkituta dago"
Motor horren piezak izango dira irakasle prestatu eta gogotsuak, metodologia egokia, material eta teknika didaktiko egokiak, baliabideak… Baina, gainera, motorraren pieza guztiak modu koordinatuan aritu behar dira, lanari etekin handiena ateratzeko.
Askotan galdetzen digute guk handik zer dugun ikasteko, eta aurrekoan zutabetxo honetan azaldu nuen bezala, asko eta sakonak dira hango ikasgaiak. Baina, gainera, ispilu bat ere jartzen digute aurrean, predikatzen dugun hori gurean nola dagoen galdetuta. Tira, bada, gurean, helduen eskolei dagokienez behinik behin, diesel motor zaharrarekin ari garela aitortu behar diegu. Garai batean puntakoa izan zen, baina gaur egunerako zaharkituta dago.
Bestelako diagnostiko batzuk heldu bitartean, gure piezei begiratuta, argi dago irakasleak ez daudela garai batean bezain motibatuak. Datozen 10 urteetan erdiak baino gehiago jubilatuko dira, baina erreleborik ez dago. Euskaltegiak ez dira erakargarriak lanerako eta gazte gutxik ikusten dute euren burua euskara helduei irakasten. Curriculum ederra dugu, baina goitik behera eginikoa, eta berariazko formakuntza planik ez da egon; ondorioz, ez dugu aplikatzen. Materialak ere ez dira sortzen; ez, behintzat, curriculumari egokitutako materialak. Azterketek gehiegizko pisua hartzen dute ikas-prozesuan eta, ondorioz, titulatuak sortzen ditugu, ez hiztunak. Bai, egia da batzuk hiztun bihurtzen direla, baina…
Diesel motor honek behintzat, eraldaketa behar du, garaiak eskatzen digun motor garbi eta eraginkorra bihurtzerainokoa.