Beethoven-en musika zoragarriak (konpositorearen jaiotzaren 250. urteurrenean) eta Euskal Herriko Gazte Orkestraren (EGO) freskotasun eta bizitasunak ezinbesteko hitzordu bihurtu zuten aurtengo neguko topaketa.
Egia esan, Beethovenen urteurren hau apur bat nahasita geratu zen 2020an, denok ezagutzen ditugun zirkunstantzien ondorioz. Baina EGOren saio honek konpentsatu gintuen, nolabait. Programa oso egokia izan zen, ohikoak ez diren lanak jo baitzituzten. Bestalde, Jone Martinez soprano gazteak errepertorio honetarako gaitasun bikainak erakutsi zituen, eta horrez gain, Eneko Sagardoy aktoreak narratzaile gisa egindako lana azpimarratu behar da.
Interpretatu zuten lehen lana, Ah perfido!, sopranoarentzako eta orkestrarentzako kontzertuko aria da, Beethovenek idatzia 26 urte besterik ez zituenean. Abeslariarentzat zailtasunez beteriko pieza da, eta protagonistaren maitalearen traizioa eta abandonua kontatzen ditu. Jone Martinezek ahots dohainak eta hainbat erregistrotatik pasatzeko erraztasuna erakusteaz gain, adierazkor eta ñabarduraz betea agertu zen. Orkestra, berriz, fin ibili zen une oro, bakarlariari adi eta fraseatze malgua eginez.
Une epikoa Egmont, op. 84 obrarekin iritsi zen. Goethek idatzitako izen bereko tragedia irudikatzeko konposatutako musika intzidentaleko hamar piezako multzoa da, non Egmont heroi flamenkoaren bizitza eta bereziki Albako hirugarren dukearekin izan zuen borroka kontatzen den, atxilotu, heriotza zigorra ezarri eta burua moztu zioten arte. Independentziaren alde eta bere herrialdearentzat monarkia espainiarrak suposatzen zuen zapalkuntzaren aurka borrokatzeko ideala aldarrikatzen du protagonistak.
Musika deskribatzailea da, eta interpretazio-grina ezinbestekoa da publikoarengana iristeko. Bai orkestra, ñabarduraz betea, bai Jone Martinez, lehen obran bezain saiatu, Beethovenen lanaren mailan egon ziren. Eneko Sagardoy narratzaileak ikusleei emozioak transmititzeko behar den indarra eta jenioa erakutsi zituen.
Kontzertu eder hau, egun hauetan normala den bezala, Eguberrietako bis dibertigarri batekin amaitu zen, bertaratutako guztiak liluratu zituena. Zorionak, benetan, EGOko kideei eta Ruben Gimeno zuzendariari egindako lanagatik.