argia.eus
INPRIMATU
Auzo hotza
  • Iberdrolak Bilboko Kolon Larreategi kalean duen egoitza aurrean dozenaka lagun bildu ziren urtarrilaren 13an, “energiaren sektoreko mafia” salatzeko. Argindarra %30 garestitu da Hego Euskal Herrian hotz-bolada baten erdian; baina gorakada ez du hotzak ekarri, prezioa finkatzeko sistemak baizik.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2021eko urtarrilaren 20a

1997an Aznarren garaian onartutako argindarraren legeak sektorea guztiz pribatizatu zuenez geroztik, sisteman sartzen den azken teknologiaren MWh-ko eskaintzarekin kalkulatzen da merkatuko prezioa. Gas naturalak, esaterako, zazpi bider kostu handiagoa du; horregatik, berriztagarrien produkzioa gutxitu eta energia fosiletara jotzean asko igotzen da prezioa.

Goienerreko Maria Arretxek, pool deituriko enkante horren gardentasun falta nabarmendu du euskal telebistan, konpainia handiek “trikimailuak” erabiltzen dituztelako, esaterako normalean euren jabetzakoak diren zentral hidraulikoen eskaintzarekin. Iberdrolak 2020ko lehen bederatzi hilabeteetan 2.681 milioi euro irabazi zituen.

Covid-19ari aurre egiteko etxean geratzeko eskatzen ari zatzaizkigun honetan, herritar asko pobrezia energetikoan bizi da, eta argindarraren prezioa finkatzeko sistema opaku horrek arrakala handitu baino ez du egiten. Sektorea berriz publifikatzea ari dira eskatzen eragile asko, eta zentzu osoa dauka eskariak, ez baita bidezkoa oinarrizko beharrizan batekin espekulatzea. Isaac Rosa idazleak El Diario.es-en zioen, hotza, erosteko ahalmenaren araberakoa dela, hotzak klaseak eta auzoak desberdintzen dituela.

Horregatik, energiaren erabilera arduratsua egitea ere badagokigu herritarroi eta erakundeei. Nola liteke elurte eta hotz-bolada historiko baten erdian, Sadar futbol zelaiaren berde koloretsua mantendu nahi izatea gau eta egun berogailu erraldoiak erabiliz? Areago, kalean zeropean bizi direnen egoera gogorrak ikusita? Galde diezaiotela Gasteizen zabor edukiontzi baten epelean lo zegoela, joan den astean Jundizeko biokonpost plantan amaitu zuen lagunari. Duela bi aste Hendaian etxegabe bat hil zen hotzaren ondorioz, duela hiru Zarautzen beste bat… Horiek ezin izango dute erantzun. Auzo hotza ez, auzo lotsa.