argia.eus
INPRIMATU
Lumumbaren azken arrastoa
  • 1961eko urtarrilaren 17an hil zuten Patrice Lumumba buruzagi antikolonialista eta azidotan desegin zuten bere gorputza. 60 urte geroago, geratzen den arrasto bakarra itzuli diote familiari, hortz bat. Hala, Lumumbak bere hilobia izango du.

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2021eko urtarrilaren 12a

Elisabethville (Katanga, egungo Kongoko Errepublika Demokratikoa), 1961eko urtarrilaren 17a. Patrice Lumumba buruzagi antikolonialista eta Kongoko Errepublika Demokratiko independentearen lehen gobernuburu demokratikoa hil zuten. Gerora jakin zen exekuzioan, Katangako ordezkariez gain, Belgikako inteligentziako eta CIAko kideak ere bazirela.

Lumumba Kongoko lehen ministro izan zen 1960ko ekaina eta iraila bitartean, herrialdeak Belgikarekiko independentzia lortu zuenetik, estatu kolpe baten bidez Mobutuk boteretik bota zuen arte. Lumumbak ihes egin zuen eta bere aldeko indarrak biltzen ahalegindu zen, baina abenduaren 1ean atxilotu zuten. Heriotza sententzia aurrez ezarria zioten. NBEk lehen ministro hautatuari babesa ukatu ondoren, abuztuaren 26an, CIAko zuzendari Allen Dullesek telegrama hau bidali zien Kongon zeuzkaten agenteei: “Gure helburu garrantzitsuena bera eliminatzea dela erabaki dugu eta, egungo egoeran, gure isilpeko ekintzan lehentasun handia duela”. Eta “eliminatzeak” Lumumba hiltzeaz gain, haren arrastorik ez uztea ere esan nahi zuen. Hil eta biharamunean,

Lumumbaren gorpua azidotan desegin zuten, 2000. urtean Gerard Soete belgikar polizia ohiak aitortu zuenez. Soetek Lumumbaren arrastoak desagerrarazteko agindua jaso zuen eta gorpua zatitu eta azidotan sartu zuela esan zuen 40 urte geroago. Bi hortz gorde zituela ere esan zuen, eta alemaniar telebista-saio batean erakutsi zituen. Soete hurrengo urtean hil zen eta gaia isilean geratu zen, haren alabak 2016an medioetan ateratzeko aukerari heldu zion arte. Orduan, belgikar justiziak Soeteren etxea miatzeko agindua eman zuen; hortz bat aurkitu eta errekisatu zuten.

2020ko urtarrilean, Lumumbaren seme-alabek Belgikako Filipe I.a erregeari eskutitza idatzi zioten, hortz hura, aitaren azken arrastoa, familiari itzultzeko esanez: “Gure aita bizidunen mundutik desagertu zen, gure artean, gure barruan bizitzeko, baina beti modu hotzean (…) Gure familiak bere pausoei jarraituko badie eta bere talentu, erruki eta bertute adoretsu eta abertzalearen herentzia preziatua jasoko badu, zoritxarrez desagertutakoa betiko hilobian ehortzi behar dugu”.

Kasuaz arduratzen den instrukzio-epaileak, fiskaltzaren onespena jaso ondoren, 2020ko irailean  erabaki zuen hortza familiari ematea eta, hala, 60 urte eta gero, Lumumbak bere hilobia izango du.