argia.eus
INPRIMATU
Heldukeria
June Fernández 2021eko urtarrilaren 14a

Borroka guztietan aliatuen paperak berebiziko garrantzia dauka, kontraesanak kontraesan. Zuria naiz eta hala ere antiarrazismoan hasi nintzen militatzen. Mutil laguna nuela sexu aniztasunaren aldeko aktibismoa egiteari ekin nion ere. Ordea, noizbait haurra izan banintzen ere, ama izan arte ez naiz heldukeriaren bortxaz ohartu. Izan ere, zapalkuntza bizi dutenei subjektu politikoaren estatusa ukatzen zaienean zaila da aliatuak lortzea. Haurrekin gertatzen da hori gurean, baina baita ere zaharrekin, desgaitasun intelektuala dutenekin edota gizaki ez diren animaliekin. COVID-19aren kudeaketak agerian utzi ditu botere ardatz horiek guztiak: heldukeria, adinkeria, kapazitismoa, espezismoa. Aitzitik, kalean gutxik ezagutzen dituzten hitzak dira, eta hori ere sintomatikoa da.

María José Capellín antropologoak BBVA siglak erabili zituen gizarte kapitalista patriarkalean boterea duen subjektua definitzeko: “Blanco, Burgués, Varón y Adulto” (txuria, burgesa, gizona eta heldua). Onartu behar dut azken letra horren esangura zela niretzat lausoena. Ama izan naizenean, ordea, haurren ikuspuntutik aztertu ditut lehen aldiz feminismoan pil-pilean dauden hainbat gai:

"Ama izan naizenean, haurren ikuspuntutik aztertu ditut lehen aldiz feminismoan pil-pilean dauden hainbat gai"

Amatasun eta aitatasun baimenen inguruko eztabaidan, helduen kontziliazio beharrak eta erantzukidetasun falta jartzen dira erdigunean. PETRA Amatasun Feministak plataformak, ordea, salatu du hamasei asteko guraso-baimen parekide eta besterenezinen neurriak edoskitze naturala oztopatzen duela eta guraso bakarreko familietan jaiotakoak diskriminatzen dituela.
Haurdunaldi subrogatuen eztabaidan ere korapilo berriak antzeman ditut: alde batetik, niretzat berebiziko garrantzia hartu duten erditze errespetatua, atxikimenduzko hazkuntza eta edoskitze naturalarekin bateraezinak direla; bestetik, epaileak debekuari tinko eusten dionean (Frantzian gertatu den bezala), haurraren interes gorenaren kalterako dela, haren familiarengandik aldendu eta adopzioan emango dutelako.

Indarkeria instituzional benetan bortitzak bizi dituzte haur askok eta askok, esaterako, etorkinen seme-alabek. Batzuk guraso barik hazten dira, Atzerritartasun Legeak berriz elkartzeko ezartzen dituen baldintza zorrotzen erruz. Espainiar estatuan jaio direnei ere ez zaie espainiar nazionalitatea aitortzen. Eta gurasoak paperik gabe badaude, umeak babes gabe geratzeko arriskuan biziko dira.

Beste adibide bat motxiladun umeena da, alegia, lege antiterroristaren eta dispertsio politikaren biktimak. Katixa Agirre idazleak Irati gurasoekin Euskal Herrian kanpainaren manifestuan adierazi du haurren kontrako indarkeriaren erroa dela adingabeak bigarren mailako pertsona gisa kontsideratzea, “gurasoen ardura soila edo gurasoen ondasunak edo gurasoen luzapen hutsak. Edozein kasutan ez dira kexatuko, ez dira gai, ahotsa altxatuta ere ez ditu inork entzungo”.

Hori sentitu du behin eta berriro Irune Costumeroren alabak epaileei eta gizarte zerbitzuetako langileei kontatu dienean aita tratu txar emailea duela. Dena den, amari tutoretza kendu diote Gurasoen Alienazio Sindromea (GAS)  leporatuta eta aitarekin bizitzera behartu dute. Costumerok argi du GAS asmakizun matxistaren erroa zein den: justizia patriarkalarentzat bai emakumeak zein umeak gezurti hutsak direla.

Emakumeen eta haurren eskubideen borrokak uztartzeko Agirreren deiarekin bat nator: “Feminismoak ideia iraultzaile hau zabaldu zuen: emakumeak ere pertsonak dira. Antzeko lelo iraultzailea bota beharra dago: umeak ere pertsonak dira”.