Zer musika entzuten duzue? galdetzen diegu ikasleei saioro. Gehienek reggaetona eta trapa, gutxi batzuek rocka edo punka.
Euskarazko musika entzuten duzue? Oso gutxik. Erreparatzen diezue letrei? Ez gehiegi. Hezkuntza arautuan eskaintzen ditugun saioak Euskal Idazleen Elkartearen “ Idazleak ikastetxeetan” programaren baitan eskaintzen dizkiegu DBH 3-4 eta Batxillergoko ikasleei. Gure artean urtetan ahotan genuen uste bat, susmo bat, intuizio bat frogatu nahi genuelako, euskal kulturaren transmisioan etena gertatzen ari zela bai hezkuntza arautuan bai ez-arautuan bai familia edo etxe giroan. Gure uste susmo intuizio hori, sei urteotan eskaini ditugun saioetan ikasleei galdetuta, benetan hala izatetik oso gertu dagoela baieztatu dugu. Ez dugu
"Zein da kantagintzaren funtzioa? Zein izan da kantuaren balioa orain arte eta zein da gaur egun? Zer aldatu da? Zertarako kantatzen dugu?"
inkesta ez kualitatibo ez kuantitatiborik egin, ez ditugu ikastetxeak aztertu. Ikasleei, saio guztietan galdetuta jakin dugu musika ez dutela euskaraz entzuten. Idazleen eta musikarien elkarreraginetik sortutako kantagintza da guk eurekin partekatzen duguna. Helburua sinplea da: transmisioaren etenari aurre egiteko gure ekarpena maite dugunetik, bizi gaituenetik, ezagutzen dugunetik egitea. Saioei hari bat baizen gehiago bila geniezazkiekeen, horietako bat historia jostekoa. Idazleen eta musikarien arteko elkarreraginetik sortutako kantagintzaren bitartez Euskal Herriaren historia ezagutzeko beste modu bat proposatzen diegu. Historialariak edo kazetariak datu objetiboekin, frogagarriekin lan egiten du. Ezin du gezurrik esan, ezin du asmatu. Sortzaileak ez du arau hori. Sortzaileak gogoeta eta sentipenak uztartu ditzake inongo artxiboko agiririk erakutsi gabe. Gertakari historiko batek emozionalki eragin diona adierazi dezake, adibidez, poema batean, adibidez bertso-sorta batean. Horrek kantagintzaren funtzioari buruzko galderak luzatzeko aukera ematen digu. Berbarako, zein da kantagintzaren funtzioa? Zein izan da kantuaren balioa orain arte eta zein da gaur egun? Zer aldatu da? Zertarako kantatzen dugu? Zertarako kantatzen dugu jendaurrean? Zergatik kantatzen dugu elkarrekin? Zenbateraino egiten gaitu kantatzen dugunak, zenbateraino eraikitzen dugu garena, geure identitatea, kantatzen dugun horretatik? Zenbateraino eragiten dute gure euskalduntasunean? Bistan dena, 50 minutu ez dira aski ikasleek horrenbeste hitz, horrenbeste doinu, horrenbeste kontzeptu abstraktu eta gehienetan aurrez landugabeak barneratzeko. 50 minutu ez dira aski idazleen eta musikarien arteko elkarreraginetik sortutako kantagintzaren dimentsio sinboliko, afektibo eta politikoaz jabetzeko. Ikasturte osoan zehar, iraunkorki, estrategikoki euskaraz idazteko, euskaraz kantatzeko, euskaraz sortzeko grina transmititu nahi genuke. Eta badakigu zelan lortu.