Azken bi hamarkadetan, Iruñeko zortzi auzotan, elkarteek eskaini dituzte haur eta nerabeentzako Prebentzio Ekintza Komunitarioko Zerbitzuak (PEKZ), udalarekin sinatutako kontratu baten bitartez. Orain, eredu komunitario hori bertan behera utzi du Navarra Sumaren udal gobernuak –PSNren babesarekin–, trukean Coworkids izeneko programa martxan jartzeko, udalak zuzenean kudeatua. Horren harira, dimisioa aurkeztu berri du Miriam Arregik, orain gutxi arte Iruñeko Udalaren haur programaren arduraduna zenak.
Zein izan da dimisiorako arrazoia?
Eredu batean sinesten dudalako hartu dut erabakia, ikuspegi teknikotik, baina baita maila pertsonalean ere, eredu bat nahi dudalako nire auzoarentzat eta gizartearentzat. Hasieratik esan nien ezin nuela Coworkids proiektuarekin lan egin, ez nuelako sinesten. Argi dago zer hobetu badagoela, bai administrazioan, baita auzo mugimenduen eremuan ere. Baina hor dago altxorra: mugimenduak bere boterea gehitzen dio administrazioari, bien artean, bakoitzak bere modura, haurrak eta nerabeak hobe babesteko. Administrazioak baliabide tekniko eta profesional asko dauzka, baina ez du auzoek dutena, bizitzeko modu hori, jendea babesteko hurbiltasuna.
Uste duzu udal gobernuaren erabakia politikoa izan dela?
Uste dut ez; esan didate, argi eta garbi. Are gehiago, ez dituzte teknikarion iritziak kontuan hartu. Botere kontua da: haurrentzako zerbitzu prebentiboek eragin handia dute haur zein familien bizimoduan. Haiek baloreak eta tresnak kontrolatu nahi dituzte, eta zerbitzua elkarteen bitartez emanda, ezin dute hori kontrolatu.
Hain justu, aurrerantzean udalak berak eskainiko du zerbitzua. Munizipalizazioa, berez, ez da gauza txarra...
Ni funtzionarioa naiz, eta jakina sinesten dudala arlo publikoan. Baina administrazioak mugak ditu, eta horretarako, justu hemen, Europako herri askotan bilatzen dutena dugu. Baina ez da batzuen gustukoa. Zabalgunean, edo Iturraman, halako proiektuak bultzatu beharko lituzkete, eta hor inbertitu, elkarteak indartu eta haurrek txikitatik parte hartzeko, eta horrela, lortuko litzateke zerbitzu prebentibo bat. Baina ez dezatela dagoena kendu.
Hogei urte baino gehiago eman ditu martxan eredu komunitarioak. Nola hasi zen?
Garai horretan, auzoak beren jarduerak egiten zebiltzan, haur, gazte eta familiekin. Aldi berean, udalak agindu bat bete behar zuen. Horregatik, zeregin hori auzo kolektiboek bete zezatela onartu zuten, eta kontratua egin zuten elkarteekin. Beti aritu gara borrokan, eta ez da batere erraza izan. Auzoei dagokionez, ordea, geroz eta botere sakonagoa du mugimenduak. Proiektu finkoak dira, teknikari eta boluntario pila dauzkatenak.
Elkarte hauen lana ez omen da aisialdira mugatzen.
Jarduerak gauza sakonagoak lantzeko tresna dira. Dantza taldean, printzipioz, dantzak ikasten dira, baina ikasten da nola moldatu talde batean ere, nola babestu kideen artean, harremanetan jartzen dira oso egoera ezberdinetako haurrak, eta abar. Hori dena gizarte zerbitzuekin, ikastetxeekin eta osasun zentroekin koordinatzen da.
Zer da orain arriskuan dagoena?
Orain artekoa sistema osagarria izan da: administrazioak egiten ditu gauza batzuk, eta PEKZ-ek beste batzuk. Orain, dena egongo da administraziotik zintzilik, eta aldatzen joango da, hor dagoenaren arabera. Egitura, beraz, ez da egonkorra izango. Alde batetik, eredu oso bat –eta teknikari batzuk– kale gorrian uzteko arriskua dago, eta bestalde, auzo mailan, gure haurrak babesteko baliabide bat galtzen ari gara, batez ere egoera zaurgarrienean daudenak.
Zergatik da garrantzitsua auzoaren gertutasuna?
Udal zerbitzuetan teknikariok egiten dugu lan, baina ez gara haurren auzokideak, ez eta lagunak ere, eta beraz, mugak ditugu lanerako. Gauza batzuetarako oso egokia da distantzia hori. Baina eguneroko gauzak komunitatetik landu behar dira; adibidez, haur bat nola integratu, edo gure artean nola babestu. Ezin da teknikari bat etorri hau horrela edo bestela egin behar dela esatera. Guk nahi dugu gure haurrak kritikoak, eraikitzaileak eta parte hartzaileak izatea, eta horretarako, txikitatik erabaki behar dute zer egin.
Hori ezin du egin Coworkids programak?
Hemen beti hartu ditugu kontuan haur eta nerabeen iritziak. Zergatik? Jende asko gaudelako. Coworkidsekin hamalau teknikari izanen dira Iruñea osorako, eta aldiz orain 32 dira. Gauza bat da jarduera bat kontsumitzea, dantza taldera joan eta dantzan ikastea. Hori da Civivox bat, edo akademia bat. Baina guk nahi dugu haurrek hasieratik erabaki dezatela zer eta nola egin, eta jardueren bitartez, ikasi ditzatela baloreak eta giza gaitasunak. Hori zaila da. Hemen zenbat boluntario gara? Ehun? Zenbat teknikari? Asko kostatzen zaigu guri ere, eta asko gara proiektuan sinesten dugunak, auzokideak, haurrak hurbil sentitu eta maite ditugunak. Bada, pentsa...
Abenduaren 31n etengo dituzte auzo elkarteekin indarrean zeuden kontratuak. Zer pasako da elkarte horiekin?
Ez bakarrik elkarteekin. Zer gertatuko da auzoekin? Hau oso baliabide inportantea da auzoentzat; auzo eskolak dira, bizitzeko modu bat. Auzoen artean nola antolatu pentsatzen ari gara, gauza batzuk mantendu ahal izateko: lokalak, teknikariak... Aurrera eginen dugu, ziur. Gure auzoak, Alde Zaharrak, asko maite ditu bere haurrak, eta trebea izango da hau dena berrantolatzeko. Baina asko galduko dugu.