argia.eus
INPRIMATU
HUMANITATEAREN UNE GORENAK
Lanak egingo gaitu libre
Aritz Galarraga 2020ko abenduaren 24a

Eutanasia legeztatuta, goazen orain lan orduak erregulatzera –eta egongo da oraindik batzuek ala besteek gobernatu berdin dela esatera ausartuko denik–. 40, 35, orain 32koa ezarri nahi da lanaldia. Bikain. Alegia, gero eta lan gutxiago egin behar izan, hobeto. Marxek berak lan denbora gutxienekora murriztea proposatzen zuen, kapitalismoa gainditzeko aurretiko baldintza gisa. Ni gehiago izan naiz beti bere suhi Paul Lafargueren taldekoa, zeinak, lanaldiaren murrizketa erradikala defendatzeaz gainera –nahikoa litzateke hiru orduko jardunaldia–, nagitasunerako eskubidea defendatu zuen Le Droit à la paresse lanean –mihi gaiztoek Lafargueren jatorri karibetarra jartzen zuten teoria alfer horien oinarrian; nik ez dut odol karibetarrik, nahiz batzuetan kontrakoa uste izan, baina bat egiten dut erabat oinarrizko eskubide horren defentsan–.

Gaurkoa bezalako egunetan, ordea, ez Lafargue, ez Marx, batez ere naiz Bob Blacken ekipokoa. The Abolition of Work izenekoan dio, izenda daitezkeen gaitz ia guztiek dutela jatorria lanean, edo lanaren arabera diseinatutako mundu batean bizitzeagatik. Pentsa dezagun: gure denbora librearen zatirik handiena ematen dugu prestatzen lanerako, lanera joateko, lanetik etortzeko, lanetik indarberritzeko. Lan aspergarri, ergel, monotono bat egiten badugu, oso litekeena da gu geu ere aspergarri, ergel, monotono izaten bukatzea. Eta ondo zioen Sokratesek: langileak lagun eta hiritar txarrak dira, ez baitute denborarik laguntasun eta hiritartasun ardurekin betetzeko. Nik ere, beraz, eta Blacki jarraituz, disfrutatuko nuke (pixka bat) irakatsiz, baina ez dut ezer jakin nahi klasera etortzera behartutako ikasleez, eta uko egiten diot plaza bat lortzeko inori koipea emateari.

Eutanasia lortuta –baina suizidioa oraindik ere estigmatizatuta–, goazen lan orduak erregulatzera –baina lana oraindik ere jainkotuta–. Nik diot, Blackekin batera, lanarekin bukatu behar dela.