argia.eus
INPRIMATU
Hondamendiaren profetak
  • Espainiako Estatuan Lanbide Arteko Gutxieneko Soldataren (LGS) igoera planteatzen denean –Hego Euskal Herriko milaka langileri ere eragingo die neurriak–, hondamendiaren profetak sortzen dira beti.

Juan Mari Arregi 2020ko abenduaren 24a

Eta beti leku beretik: finantza erakundeak, Espainiako Bankua, Zerga Erantzukizunaren Agintaritza Independentea (AIREF), Patronala eta bere terminal mediatikoak… Arduradun nagusiak soldata onenak dituztenen goi-karguetan daude, eta ez dira inoiz LGS ordainsariaren aldeko izan.

Orain, LGSa %0,9 igotzea eztabaidatzen ari dira, eta dagoeneko entzun dira hondamendia ekarriko duela diotenen argudioak. Iaz hileko 900 eurotik 950 eurora igaro zen laguntza hori, hamalau ordainsaritan. Orduan, Espainiako Bankuak ohartarazi zuen arriskua zegoela “125.000 langile inguruk lana galtzekoa”; AIREFek, berriz, 80.000 lanpostu suntsituko zirela iragarri zuen. Gezurra, ez zen antzeko ezer gertatu, alderantziz, badirudi enpleguaren sorrera bizkortu egin zela pandemia iritsi arte.

Bi milioi langile baino gehiago biltzen dituen Espainiako Estatuko Profesionalen eta Langile Autonomoen Batasunak adierazi du, LGSa hilean 1.000 eurora igotzea oso garrantzitsua izango litzatekeela familien ekonomian, eta 1.400 milioi euro gehiago izango lirateke orokorrean.

Gobernuek, alderdiek eta sindikatuek lan egin beharko dute LGSa progresiboki hazten joateko, hondamendiaren profetak ez daitezen garaile atera. LGSa hamabi ordainsaritan banatzen badugu, Espainiako Estatua munduko rankinean hamahirugarren tokian dago, 1.108 eurorekin; oso aurretik ditu Frantziako Estatua (1.539 euro), Erresuma Batua (1.583), Alemania (1.584), Belgika (1.625), Herbehereak (1.680), Irlanda (1.706) eta Luxenburgo (2.142). Desberdintasunak alde batera utzi nahi baditugu, LGSak ere antzekoa izan behar luke Europa osoan. Baina urrunegi gaude.