Ohio (AEB), 1906ko urtarrilaren 23a. Estatuko Batzar Orokorretan eutanasiari buruzko lege proiektua aurkeztu zuten. Eutanasia legeztatzeko lehen ahalegina izan zen hura.
Eutanasia hitza grezieratik dator eta “heriotza ona” esan nahi du. Eta Antzinako Grezian bertan eztabaidagai izan zuten: Sokrates, Platon eta Seneka sufrimendua arindu eta laburtzearen aldekoak ziren, Hipokrates, aldiz, kontrakoa. Baina Aro Modernoan ondo hiltzearen inguruko eztabaida nagusiki espirituala izan zen; Joan Tartasen Ontsa hiltzeko bidia (1666) dugu horren adibide. XIX. mendean, morfina, kloroformoa eta halako analgesikoak erabiltzen hasi zirenean, eutanasiaren auzia medikuntzara hurbildu zen, eta erakunde legegileetara. Bana Ohioko lehen ahalegin hark ez zuen aurrera egin: aldeko 23 bozka lortu zituen, eta kontrako 79.
Anna S. Hall (1857-1924) izan zen legearen bultzatzaile nagusia. Bera ere sufragista izanik, Maud Ballington Booth eta Lurana Shelton ekintzaileak bildu zituen, eta gutun kanpaina, hitzaldiak… antolatu zituen. Legearen bigarren irakurraldiaren garaian, The New York Times egunkariak barregarri utzi nahi izan zuen ahalegina: “Gozotasun eta inteligentzia femeninoaren ordezkari harrigarri honek adindunen, gaixoen eta zaurituen hilketa legeztatzeko egin duen ahaleginak mediku bakarraren babesa eta beste gutxi batzuen arauz kanpoko berotasuna besterik ez du jaso”.
Nahi gabe, ironia eta gutxiespena albo batera utzita, esaldi horrek bi gako aipatzen zituen: emakumeak eta arautzea. Sufritzen ari ziren gaixoei gizonezkoek egin ohi zizkieten bisita “ofizialak”: apaizek eta, geroz eta gehiago, medikuek. Baina zaintza lanak haien esku egonda, emakumeak, senideak nahiz erizainak, ziren egoeraren zama eraman behar zutenak. Anna Hallen beraren ama gibeleko minbiziak hil zuen, asko eta luze sufritu ondoren, eta horrek eraman zuen alaba eutanasiaren aldeko borrokara.
Eta, arautzeari dagokionez, Ohioko lege proiektuaren asmoa ez zen eutanasia zabaltzea, arautzea baizik. Historian zehar eutanasia praktika ohikoa zela zioten, baina muga etiko oso lausoak zituena. Erabakia guztiz boluntarioa zela eta arreta mediku egokia bermatu nahiz zuten eutanasia legeztatuta.
1996an Oregon (AEB) izan zen eutanasia boluntarioa legeztatu zuen lehen lurraldea. Ñabardurak ñabardura, ez dago ia alderik testu horren eta Anna Hallek 90 urte lehenago bultzatutako legearen artean.