argia.eus
INPRIMATU
Abaraska: Etxearen jabetza kolektiboa balitz?
  • Artikulu honek udalgintza eraldatzailetik etxebizitza eskubidea bermatzeko sustatu daitekeen eredu bat azaltzen du: erabilera lagapeneko etxebizitza kooperatibak. Udalgintza eraldatzailea zer den jakiteko, Larrun aldizkariaren azken zenbakia irakur dezakegu.

Estitxu Eizagirre @eeizagirre 2020ko abenduaren 23a
Abaraska proiektuaren asanblada 2020ko azaroan.

Puska dezagun izotza solasaldi zikloaren baitan azaldu dute Abaraska proiektua. Hemen dago elkarrizketa osoaren bideoa ikusgai. Komunitatean bizi liburu berriak azaltzen du etxebizitza eredu hau.

ANA ALMANDOZ: Euskal Herrian bagara erabilera lagapeneko etxebizitza kooperatiben eredua sustatzen ari garen talde batzuk. Abaraska Donostian sortutako taldea da.

MAITE LETURIA: Bertako taldeon artean ezberdintasunak badira, baina eredu honen ezaugarri nagusia jabetza da: eraikinaren jabetza norbanakoena izan beharrean, kooperatibarena da eta bertako bizilagunak kooperatibako bazkide izango gara. Edozein kooperatibatan bezala, bazkide bakoitzak hasierako ekarpen bat egingo du, eta hilero kuota bat ordainduko du. Kuota hori eraikina eraikitzeko edo birgaitzeko erabili behar izan den dirua itzultzeko erabiliko da, baita etxebizitzaren mantenurako eta beste hainbat gastutarako ere. Eredu honek bilatzen du etxebizitzaren gaineko espekulaziorik ez egotea, etxebizitza merkatuko produktu izan beharrean, oinarrizko eskubide bat dela bermatu ahal izateko.

Abaraskaren kasuan, Bartzelonan aurrera eramaten ari diren ereduari eutsi diogu guk, hau da, zoru publikoan eraiki nahi dugu etxebizitza, horrela eredua izan dadin eta ez kasu isolatu bat.

A. ALMANDOZ: Euskal Herrian hainbat talde bagaude, baina inork ez du lortu oraindik azken fasean sartzea, hau da, elkarbizitzen hastea. Oraingo panorama nahiko anitza da: talde guztiak ez daude gu bezala lur publiko baten zain. Erabilera lagapena bilatzen dute baina lursail pribatu batean, eta beraz, ez dira ari administrazioarekin negoziaketan. Landa eremuko hainbat talde daude horrela, hirietako taldeak aldiz gehiago dira publikotik jotzearen aldekoak. Talde batzuk intergenerazionalak dira baina beste asko ez, haiek adineko jendeari zuzenduta daude.

Abaraskan elkarbizitza intergenerazionala ere lantzen dugu, eta aukera baliatu nahi dugu beste elkarbizitza eredu bat erraztuko duten espazioak diseinatzeko hasieratik, eta taldeak diseinuan parte hartuta.

Ana Almandoz eta Maite Leturia.

M. LETURIA: Arkitekturatik asko ari da lantzen ea zer den hiria, nolako hiriak nahi ditugun: zaintzak partekatu ahal izateko hirigintza egitea, hau da, zaintza esparru guztietan eta denon artean egiteko aukera ematen duten guneak sortzea, zaintzak ikusaraziz, eta ez etxe zokoan ezkutuan egin behar izatea.

Erabilera lagapeneko ereduak bokazio publikoa du, espazio publikoa eta espazio pribatua (etxea) nahastuko diren tarteko espazioak sortuz: eraikinean dagoen komunitate zentzua auzo mailara pasatzea da asmoa.

A. ALMANDOZ: Abaraskan ikusi dugu oso garrantzitsua dela diseinua etxebizitzaren oinarrian dagoen taldearekin ongi lantzea. Bi prozesuek paralelo joan behar dute, bestela diseinuak oso gaizki erantzungo die taldearen beharrei. Eraikin osoaren diseinuaren kontrola izan dezakegu eredu honekin, adibidez, etxebizitza kooperatiban denen artean erabakitzen da ea energia aurrezteko sistemak jartzen inbertitu nahi den, luzera talde horrek jasoko baititu etekin ekonomiko horiek.

M. LETURIA: Gauza berria dirudi, edo zerbait puntuala, baina ez da hala: etxebizitza kooperatibak Danimarkan 100 urtetik gora doaz, eta etxebizitzen %30 kooperatibak dira han. Uruguayen administraziotik oso eredu sozial indartsua sustatzen dute, hamar urtean pasa dira 100 etxebizitza kooperatiba izatetik 10.000 izatera. Frantzian ere badaude, Alemanian, Erresuma Batuan...