argia.eus
INPRIMATU
Mabi Revueltaren lan berria Azkuna Zentroan
‘Fin de partie’ edo jokoaren amaiera
  • 1851. Londresko kafetegi ilun eta ketsu bat. Adolf Anderssen eta Lionel Kieseritzky xake-jokalari trebatuak aurrez-aurre daude. Horien erdian xake-taula dago eta 32 piezak dagozkien laukitxoetan. Partida hasi eta azkar doa forma hartzen, abiadura bizian garatzen da lehia, mugimendu ederrez egindako koreografia sortu da. 23 mugimendutan jokoa erabakita dago. Partida hilezkorra izenez pasa da historiara Anderssen eta Kieseritzkyren arteko lehia mitiko hura, inoiz jokatu den xake-partida ederrena izategatik ezagutzen dena. Eskola erromantikoaren erakusle, jokaldi ezinezkoak eta eraso harrigarriak egiteagatik bilakatu da ospetsu partida hura.

Jone Alaitz Uriarte 2020ko abenduaren 17a
Argazkia: Azkuna Zentroa.

Mabi Revuelta artistak (Bilbo, 1967), partida historiko horretan gertatutakoa hartu du abiapuntu bere lan berria aurkezteko Akromatikoa. Partida hilezkorra erakusketan. Xakea, hainbat arau eta mugimendutan multzokatzen den jokoa, oraingo honetan bere lana egituratu eta aurkezteko ardatz nagusi bilakatu du, xakearen sistema binarioa eta akromatikoa birpentsatuz. Artista bilbotarraren ibilbide oparoa aurkeztea du helburu Bilboko Azkuna Zentroan aurkituko dugun erakusketak. Ia 30 urteko bidea, zeinean diziplina ugari uztartu eta elkar gurutzatu dituen: pelikulak, koreografiak, jantziak, apunteak, argazkiak eta eskulturak, guztiak batzen dira Susana Blas historialari eta komisarioak finki ehundu duen erakusketa biziki adimentsu honetan.

Jokoa izan da Mabi Revueltak sarritan landu duen gaia, bere corpus artistikoa ildo honetatik garatu du. Oraingo honetan, xakearen unibertsoan murgildu da, dela metafora sozial gisa, dela hizkuntzari buruzko hausnarketarako espazio gisa, dela gerra-joko gisa, edota konbentzioa eta araua zalantzan jartzeko aitzakia gisa. Xake-taula hartu eta pieza guztiak astintzen dituela esan dezakegu.

Has gaitezen partidarekin.

“Jokoaren irekiera: Irekierak partidako lehen jokaldiak hartzen ditu. Hasierako posiziotik abiatuta, bando bakoitzak bere piezak gidatzeko dituen aukerak aztertzen ditu”

Natura hila perla beltzekin instalazioak ongietorria ematen digu erakusketara. Aretoaren sarreran kokatuta, 2002. urtean egindako lanaren birbisita da. Laka beltz distiratsuz estalitako ehunka objektu aurkituko ditugu bertan –frutak, barazkiak, forma geometrikoak eta etxeko tresnak, besteak beste–, oholtza handi baten gainean. Garai bateko bodegoiak gogora ekartzen dituen tamaina handiko obra da.

“Joko erdia. Une horretan, bi bandoak, beren piezak jada garatu dituztenak, gatazka-maila gorenean sartzen dira”

Interesgarria eta laudagarria da nola ebatzi den aretoaren diseinu espaziala erakusketa honetan. Adibidez, aretora sarbidea ematen duen horma zurian lau karratu zulatu dira eta bertan dotore jantzitako hiru maniki kokatu dituzte. Primeran funtzionatzen duen keinua da. Lehen espazio honetan, Revueltak bere azken proiektua aurkeztu du, Akromatikoa, partida hilezkorretik abiatutako unibertso propio eta oparoa. 64 laukitxoz osatutako xake-taula dirdaitsua aurkituko dugu espazioaren erdian; bertan, zutik eta giza-tamainan, bando bateko dama eta erregea daude; beste bandoko laukitxoetan, erregea eta gaztelua besterik ez. Pieza hauek, baina, kolore biziz estalitako arropak daramatzate soinean, Ibai Labegaren sinadura dutenak. Ohikoa den zuri-beltzetik aldenduz, kromatismo bizia erakusten duten xake pieza partikularrak dira eta eskuz egindako prototipo txikiago batzuen bitartez ere ikus ditzakegu.

Argazkia: Azkuna Zentroa.

Nabari da artistak urteak daramatzala gai honetan lanean. Xake-taularen albo batera hainbat eta hainbat apunte aurkituko ditugu; horietan, garai ezberdinetan xakearen gainean egindako hausnarketak, elkarrizketak eta irudiak jaso ditu Revueltak, zinea, artea, filosofia eta literaturako hainbat adierazpen ikuslegoarekin konpartitzeko asmoarekin. Aipu eta bitxikeria interesgarriak aurki daitezke hemen, Nabokoven Lolita-tik hasita Blade Runner-en zenbait pasarteraino.

Hurrengo sarbidetik igaro eta diagonalean espazioa bitan mozten duen pantaila erraldoia aurkituko dugu. Bertan, Revueltak zuzendutako bi pelikula daude ikusgai, biak sinkronizatuak, iraupen berekoak eta Mursegoren eta Itziar Madariagaren soinu bandak dituztenak. Alde batean, aurreko gelan ikusi ditugun xake-piezak haragiztatzen dituzten dantzarien koreografia neurtua dago ikusgai. Pauso koreografiatu eta dotoreen bitartez taulan barrena hainbat mugimendu markatzen dituzten piezak dira, partida hilezkor hartan eman ziren mugimenduak imitatzen dituztenak.

Bigarren filmak, Marcel Duchamp artista berpiztu du eta xake partida bera jokatzen ikusten dugu, bere buruaren aurka lehian. Jakina da abangoardietako artista hark xakearekiko izan zuen zaletasuna, 1923. urterako esan baitzuen artea utziko zuela xakera dedikatu ahal izateko, hura artea baino ariketa intelektualagotzat jotzen zuelako. Frantziako Xake Federazioak Xake Maisu titulua eman zion 1933an eta V. Xake Olinpiadarako Frantziako taldeko kide ere hautatu zuten. Urtebete lehenago, L’opposition et les cases conjuguées sont réconciliées eskuliburua idatzi zuen partiden amaierak aintzakotzat hartuta. Duchampen itzala presente dago joko erdi honetan.

Argazkia: Azkuna Zentroa.

“Partida amaiera. Pieza gutxi ditu. Abiapuntuko beste fase bat da, eta teknika funtsezkoa da”

Partida amaieran, Revueltaren ekoizpen artistikoan atzera-begirakoa egiteko aukera ematen zaigu Denbora-lerroaren bitartez. Bertan, berriz ere, 2016. urtean Gure Artea saria jaso zuen artistak urte hauetan guztietan egindako lan mardula berresten da. Lan horietako batzuk ikusgai egon ziren Artiumen 2015. urtean izan zuen erakusketan. Gustatu zait garai eta diziplina ugaritako lanak sailkatzeko jarraitu duten sistema. Berriz ere, xakearen metaforan murgilduz, jolasteko dauden lau moduak edo aroak hartu dituzte kontutan: erromantikoa, zientifikoa, hipermodernoa eta dinamikoa. Keinu azkar honen bitartez, artistaren diskurtsoaren eraikuntza agerian utzi dute eta artistaren sortze-prozesuak lotu dituzte xakearen historiaren aro ezberdinekin, joskuntza lan eder batean.

Kuriotsitatea duenarentzat, 1851 partida hura Adolf Anderssenek irabazi zuen.