Ikuspegi dekolonialetik ere salagarria da Black Friday izeneko kontsumo-orgia

  • Black Friday-rik ez litzateke bezperan ez balitz amerikarrek ospatzen duten Thanksgiving edo Esker Emate Egunik. Kapitalismoak bizirauteko ezinbestekoa duen muturreko kontsumoaren egun horri begiratzeaz gain, bezperakoari ere so egitea inportantea da. Ofizialki kolonoen eta amerindiarren arteko senidetasuna markatzeko unea baldin bada, errealitatean, bertako autoktonoen genozidioaren adibide historikoa dugu. Historia horren berri ematen dabiltza autoktonoak, Esker Emate Eguna 1970az geroztik Doluaren Eguna izendaturik. Europar zuri gisa ezagutu beharreko historia.

1970ean Thanksgiving “dolu eguna” izendatu zuten autoktono aktibista batzuek. Iraganean jasandako sarraskiez oroitzeko eta gaur egungo diskriminazioak salatzeko eguna dute. osatze prozesuan ezinbesteko unea. Argazkia: Yoon S. Byun.

Zehazki zergatik eta noiztik Black Friday ala Ostiral Beltza AEBetan finkaturik duten ez dago argi. Hori bai, Thanksgiving edo Esker Emate Eguna deitu besta handiari lotua da, eta urtero azaroko azken ostegunaren biharamunean dute. 1951an agertzen da Black Friday izendapena, justuki Thanksgiving-aren biharamunean langile anitzek hartu pausa-egunek nagusiei eragindakoa irudikatzeko. 1961ean haatik beste fenomeno bat izendatzeko baliatu zuten: familia-apairuaren biharamunean bakoitza berera itzultzeak zein pausa eguna Eguberriko opariak erosteko baliatu izanak eragin auto eta jende metaketak aipatzeko baliatu zuten Ostiral Beltza izendapena. Dendak 1970eko hamarkadan hasi ziren beherapenak proposatzen, urtez urte fenomenoa areagotuz gaur egungo muturreko heineraino.

Azken urteetan gurean ere errotuz doa, milaka eta milaka euskaldunek baliatzen dituztela interneten edota saltegietan proposaturiko beherapen erakargarriak. Noski eta eskerrak, AEBetan bezala, Ostiral Beltzak akuilaturiko kontsumo-jendarte kapitalista jo mugan dute hemengo anitzek ere, boikoterako arrazoi sozial, ekonomiko zein ekologikoetan oinarriturik.
Baina ostiral horren bezperakoari begiratuz gero, are salagarriagoa bilakatzen dira Thanksgiving eta honen biharamuna. “Familia amerindiar anitzentzat egun biziki konplikatua da Esker Emate Eguna; bestelakoa ezin daiteke izan benetako historia eta kolonoen eta autoktonoon arteko lehen topatzeei buruzko kontakizun faltsuak ezagutzen direnean”. Lyla June autoktonoaren hitzak dira, Massachusettseko Plimotheko Landa Lekua deitu museoan plazaratutakoak.

Museo honek kontatzen du Plymoutheko koloniaren heltzea –Amerika deitu lurraldean kokaturiko bigarren kolonia, lehena Jamestown izan zelarik–. 400 urtez atzera egin behar dugu Esker Emate Egunarena ulertzeko: 1621ean egindako bazkari erraldoi bat du oinarrian, Historia ofizial hegemoniko eta zuriaren arabera, autoktono eta kolonoen arteko apairu alai bat, senidetasunaren eta elkartasunaren sinbolo. Ederra da kontaturikoa: 1620an lurreraturiko kolonoak ez ziren ez ihiztari abilak, ez laborari jakintsuak ez eta ere arrantzale onak. Hori horrela, goseteak eraman zituen anitz, zifra ofizialei segi bertaraturiko erdiak. Ondoko urtean, Wampanoag herrikoak gurutzatu eta hauen partetik jasotako jakintza eta kontseiluei esker biziraun eta egokitu ziren bertakoari. Guztiaz eskertzeko unea izan omen zen Thanksgiving.

Mezu hori pasarazi dute urtez urte, hamarkadaz hamarkada eta azkenean, mendez mende, eta gaur egun oraindik elkarbizitza eder baten sinbolo da gehiengoarentzat. Tradizioaren barne da, etxe guztietan erroturikoa da Esker Emate Eguna. Menua ere kontakizun horren araberakoa dute: garaian bezala indioilo fartzitua –izan Etxe Zurian zein auzo pobreko etxebizitza hertsian, guztietan indioilo fartzitua–.

Daily Geek Show komunikabidearen Derrière la fête de famille de Thanksgiving se cache l’un des pires génocides de l’Histoire (“Historiako genozidio odoltsuenetariko bat gordetzen da Thanksgiving familia-bestaren baitan”) erreportajeak xeheki berridazten du alta 400 urteko gertakizuna.

Sarraski baten oroitzarrea

“Mito federatzaile” bat Matthieu Garcia erreportajearen egilearen hitzetan. “Partekatzearen eta nazio batasunaren sinbolo, oroitzarre hau amerindiarren ondorengoen iraintze bat da; eskoletako liburuek aipatzen ez duten Pequoteko sarraskiaren neurriz kanpoko laudatze batean gara”. Hain zuzen, hiru eguneko besta hau egon, egon bazen ere, ez zen errepikatu. Eguna markatu eta urtero errepikatzeko erabaki ofiziala ordea, 1637an hartu zuten kolonoek.

Zer gertatu ote zen 1637ko maiatzaren 26 hartako Pequoteko sarraskian? John Mason kapitainak herria inguratzeko manua emanik, kolono eta haien aliatuek herria erre eta bertatik bizirik ateratakoak hil zituzten. Orotara, 600-700 bat hil historialarien arabera. Sarraski odoltsua bihurtu zitzaien arto berdearen dantza ospatzeko autoktonoen egun sakratu hura. 1636ko udazkenaz geroztik gerra giroa zen nagusi kolono ingeles eta bertako Pequoten artean, gorputzen eta lurren kolonizazioari erresistentzia bideratzen zietelako. Sarraskiaren biharamunean Massachusettseko badiako koloniaren gobernadoreak Thanskgiving edo Esker Emate Eguna finkatu zuen: “Gaurtik aitzina Esker Emate Eguna ospatuko dugu, 700 gizon, emakume eta haur eliminatu izanaz eskertzeko Jainkoa”.

“Gogoetatu Thanksgiving apairua kari eskertza zeri bideratzen zabiltzaten” gomedioa luzatzen du republicoflakotah.com webgunean argitaratu Cooking the History Books: The Thanksgiving Massacre (“Sukaldatu Historiako liburuak: Thanksgiving sarraskia” erreportajeak. 8.000 inguru ziren Pequotak kolonoen etorrera aitzin, eta hortik hamabost urtera 1.500 ziren, europarrek ekarritako eritasunek gehiengo handia hilik. Gelditzen ziren ia guztiak hil zituzten 1637ko sarraski horretan. “Egia honen berri ematea biziki inportantea da, amerikarren bizian garrantzia handia duen Esker Emate Eguna gezur anitzetan oinarritzen delako”, Lyla Junen hitzetan.

1970ean Dolu Eguna izendatu zuen eguna autoktono aktibisten United American Indians of New England egiturak eta orduz geroztik, jasandako genozidioa oroitzeko eguna dute –sendatze eta osatze prozesuan garrantzia handiko unea–. Haiek ez badute egiten, inork ez duelako eginen. Horren adibide justuki, Dolu Eguna orain duela 50 urte finkatu izana. Urte horretan ospaturiko kolonoen lehorreratzearen 350. urtebetetzea kari Wamsutta Frank James autoktonoak plazaraturiko diskurtsoa zentsuratu zioten. Erantzun gisa, Dolu Eguna izena jarri zioten azaroko azken ostegunari. Egia, aitortza eta erreparazioan zentratzeko eguna izatea nahi lukete.

Baina, hain da errotua familia-bazkari alimale honen ohitura, non eta autoktonoen artean ere ospatzen dabiltzan. Hori horrela, boikota baino gehiago, Thanksgiving modu dekolonialean ospatzeko bide bat proposatzen dabil Nephi Craig sukaldari autoktono ospetsua: bertako mozkin indigenekin sukaldatzea. Beste bi gomendio ere ematen ditu: arbasoei esker ditugun paisaiak eta lur emankorrak eskertzea eta oroitzea “bakerantz daraman bidea eraiki daitekeela sukaldatuz eta janez”. Minari begietara begiratu eta osatze dekolonialean urrats bat gehiago egiteko bidea hor ere. Eta zuri europarrontzat arrazoi bat gehiago eskuz-esku duen Ostiral Beltzari bizkarra erakusteko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kolonialismoa
2024ko Nobel sariak: ez da kasualitatea

Nobel Akademiak iragarri ditu Medikuntzako, Fisikako eta Kimikako aurtengo irabazleak. Zazpi dira, eta zazpiak, gizonak, denak zuriak, eta AEB edo Erresuma Batukoak. Guztiz bete da, beraz, egun batzuk lehenago Nature aldizkariak egindako iragarpena. Aurreko urteetako irabazleen... [+]


Urriaren 12aren beste aldea: erresistentziaren hausnarketak

Ez da kasualitatea Hispanitatearen eguna, Guardia Zibilarena eta Pilarreko amabirjinarena data berean izatea. Hirurek egitura zapaltzaileak irudikatzen dituzte (estatua, armada eta eliza). Bestalde, indigenen erresistentzia eta Espainiako Estatuak bere armada militar eta... [+]


2024-10-09
Oroimen historikoa
Memoria gara

Cádiz
Euskal esklabistak metropoli kolonialean

1492ko urriaren 12an ez zen soilik Amerikako jatorrizko herrien genozidioa hasi. Europa munduko potentzia bilakatuko zuen Atlantikoko esklabotzaren negozioari ere bidea zabaldu zitzaion. Sistema kolonial erraldoi hori ezinezko zatekeen Cádiz bezalako metropolirik gabe:... [+]


Airbnb eta Bookingek ostatua eskaintzen dute palestinarrei kendutako lurretan
Ehunka etxe, hotel edo apartamentu dituzte Israelek Palestinan okupatutako lurretan. Nazio Batuen Erakundeari entzungor egiten diote.

2024-10-08 | Mikel Aramendi
Norenak ote dira munduaren akabuko uharteak?

Gurutzegramen zaletuek –eta beste inork gutxik– ezagutu ohi dute Txagos uhartediaren izena. Irla haietan handiena, Diego Garcia, aipatzen bada, gehixeago izango ginateke aditzera dugunak: ospea –ez batere gozoa– lortu du bertan dagoen base militar... [+]


Herri indigenei egindako kalteengatik barkamena eskatu du Kanadako Elkarte Medikoak

Kanadako Elkarte Medikoak (CMA) barkamena eskatu die herri indigenei, praktika medikoentagik edo haien gabeziagatik historikoki eragin dizkieten kalte fisiko eta psikologikoengatik. Barkamen-eskea egin duen ekitaldi berean txosten bat aurkeztu du, medikuen jarduera antietikoak... [+]


Ibilbide dekolonialak (I)
Donostia: non gogoa, han ezpata


Euskal Herria kolonia bat al da?

Orain dela hilabetetxo batzuk eztabaida bizia piztu zen sare sozialetan. Bi bando buruz buru: Euskal Herria kolonia bat ote da? Nire uste apalean, ika-mika haren muina kolonialismo eta inperialismo hitzen definizioan zegoen, oso modu ezberdinean erabiltzen ari baitziren hitzok... [+]


XIX. mendeko Japonia bideojokoan

Duela aste batzuk Sony etxeak Rise of the Rōnin bideojokoa kaleratu du, eta adituek jokoaren kokapen historikoa nabarmendu dute orduz geroztik. Jokoa XIX. mende erdialdeko Japonian kokatuta dago,  Yokohama, Edo eta Kyoto inguruetan.

Edo aroaren azken urteak izan ziren... [+]


Eguneraketa berriak daude