argia.eus
INPRIMATU
Euskaralditik urrun
Kimetz Arana Butroe @7ardi 2020ko abenduaren 11

Ez ahobizi, ez belarriprest, ez dut aurtengo Euskaraldian parte hartu. Inguru erdaldunean etxean euskaraz hazi garelako gara gu euskaldun. Guk ez genuen aukeratu, gurasoak euskaldundu ziren eta hala egokitu zaigu. Asko eman digu euskarak, nortasuna, kultura eta gauzak ulertzeko ikuspegi propioa. Horrek ordea izan ditu bere kalteak: euskaraz egin dugu ahal izan dugun guztietan eta horren ondoriozko talkak gure azalean jasan ditugu txikitatik.

Ezagutza handitzearen ondorioz euskaraz egiteko aukerak zabaldu dira eta azken aldiko hizkuntz kanpainek erabileran jarri dute indarra. Tartean aditzera emanez euskaldungoak dugula euskara erabiltzearen ardura. Gauzak baina, ez dira hain erraz.

"Agian gure kanpainak erdaldunak liluratzera bideratu ditugulako isiltzen ditugu gure minak eta agertu nahi dugu beti jator"

Gurean bere ohiko zirkuitutik kanpo euskaraz ariko denak bere egunerokoa betetzeko zailtasunak eta nahigabe sortutako egoera desatseginak biziko ditu. Aldizka bideratuko dizkiote erdaldunek bere traumak, oposizioena, Goierrin bizi zarela dioenarena eta abar.

Nork entzuten ditu ordea gureak? Pandemiaren hasieran auzotarren laguntza sarean nirekin zebilen bizilagunak, beretzat euskara hemen ez dela existitzen esan zidan lotsarik gabe. Nola liteke elkarren ondoan bizi eta gu ez ikustea?

Agian gure kanpainak erdaldunak liluratzera bideratu ditugulako isiltzen ditugu gure minak eta agertu nahi dugu beti jator. Hizkuntza gutxitu batean bizitzea zer den ez dakienak ordea nekez ulertuko ditu gure sentipen eta beharrak. Bitxia da gainera feminismoa, LGTBI, Black Lives Matter eta beste hainbat zapalkuntza ikusarazten eta jendartean barneratzen ari diren unean, euskaldunok zein mutu gauden jabetzea.

Hemen ez da inor euskararen aurka azaltzen, euskara baita hizkuntza zaharra eta ez dakit nongo altxorra. Egiten ditugu kanpainak eta Korrika datorrenean betetzen ditugu kaleak, baina euskarak ez du erabilgarritasunik gure errealitatean. Ez dago administrazioaren inolako hizkuntz planteamendurik eskualde osoan. Gazteei eskolan aditz taulak eta gramatika erakusten dizkiegun arren ez diegu lurralde, kultura eta komunitatea ezagutzeko tresnarik ematen.

Badakit euskara indartzeko Euskaraldia baliagarri zaiola zenbait jenderi eta pozten naiz horretaz. Baina ni euskara errebindikatzeaz nekatuta nago, euskaraz osoki bizi ezingo garela jakinda ere, garen bezala onartuak izatea nahi nuke, ez besterik.