argia.eus
INPRIMATU
Biba Gartxot
Ane Ablanedo Larrion 2020ko abenduaren 10

Gartxot filma ikusi berri dut egunotan, ez dakit jada zenbatgarren aldiz, Lapurdin bigarren hezkuntzako irakasle nabilenetik urtero jartzen baitiet ikastalde guzietako ikasleei, salbuespenik gabe. Lehen aldia ez badut ere, hala balitz bezala jarraitu ditut oraingoan ere Gartxot eta bere seme Mikeloten ibilerak, bihotza uzkurturik hain patu beltz eta tristeagatik, eta zeharo hunkituta Itzaltzuko bardoak erakusten duen duintasunagatik, libre izateari ematen dion garrantziagatik. Niretzat, horixe irudikatzen du Gartxotek: duintasuna, askatasuna, erresistentzia.

Kanpionek narrazio bilakatu eta Benitok kantuz zabaldutako gertakari/kondaira bat da filmak oinarrian daukana, euskaldunon eta latindarren arteko gatazka bat kontatzen duena, eta garbi uzten duena nor diren menderatuak, eta nor menderatzaileak. Filmean esplizituki erakutsia da azken hauen izaera suntsitzailea, gurekikoan duten azken helburua, eta horretarako darabilten bortizkeria gupidagabea. Eta filmari alde guzietarik samurtasuna badario ere, honek ez du inola ere estaltzen gure kontrako krudelkeria, ez eta batere eztitzen gure egoeraren gordina. Horregatik bakarrik, gure arazo nazionalari buruz inoiz egin den filmik hoberena iruditzen zait niri Gartxot, bere xumean. Ez ote den bakarra.

"Gure arazo nazionalari buruz inoiz egin den filmik hoberena iruditzen zait niri ‘Gartxot’, bere xumean. Ez ote den bakarra"

Animaziozkoa izateak, pertsonaien estetikak eta karakterizazioak, askatasunak duen balioaren aitortzak, eta horren harira planteatzen duen dilema moralak, neska-mutiko gaztetxoendako oso moduko filma bilakatzen dute Gartxot. Bai, gogorra da, badakit. Baina, nola ez da ba hala izango, gure herriaz, historiaz, hizkuntzaz, eta etorkizunaz mintzo den kondaira bat? Nik, Herriaren arazo nazionalaz ikasleak alfabetizatzen lagundu dezakeelakoan erabiltzen dut, euskara-irakasle eta batez ere euskal irakasle naizen aldetik, eginkizun hori ere badagokidala uste dudalako, dudarik gabe. Ikasleak laguntzea euskaldunon historia ezagutzen, gure arazoak testuinguratzeko gaitasuna garatzen, gertakariak kritikoki interpretatzeko gakoak izaten, eta errealitatea eraldatzeko adorea eta buru-argitasuna edukitzen.

Oso tresna egokia da. Oso modu serioan heltzen dio gaiari, dimentsio politikoa ematen baitio afera linguistikoari, Euskal Herriak pairatzen duen menderakuntzaren testuinguruan kokatuz euskararen arazoa, eta aditzera emanez gainera erabat bateraezinak direla euskaldun gisa ditugun arazoen konponbidea eta gure mendekotasun egoera. Nik bederen horrela ulertzen dut istorioari esanahia ematen dion bukaerako gertakari nagusiaren zentzua: Mikelotek gure etorkizuna sinbolizatzen du, egoera horretan (oraingoa ere badena) Herriaren heriotza beste aukerarik ez dagoela jakitera emanez. A zer lezioa.

Gartxot filmak etxe guzietan egon beharko luke. Eta oraindik hala ez bada, Olentzerori eskatu.

Baina kasu dena den, “garai berri”-otako euskaldunak. Filma tendentziosoa da, aldez aurretik markatua da gure emozioen norabidea, eta bideratuak pertsonaienganako sinpatiak eta antipatiak. Badakizue, euskaldun etnizista eta manikeo hauek. Kasu, zeren eta zuek ohartzerako, gaiztoen bandoan ezarri izanen dituzte zuen haurrek latindarrak eta beren kolaboratzaile euskaldun leialak. Mintzatu beharko zatzaizkiete, serio, anaitasunaren balioaz, diferenteen artean elkarbizitza eraiki beharraz, entendimendua sustatzeko zubigile diren Frai Martin eta Jaun Merio horien funtsezko paperaz. Garai berriei egokitu beharraz.

Ai, Gartxot. Bazeneki.