argia.eus
INPRIMATU
Gure fikzioa, lehena?
Eneko Olasagasti @enekoOlasagasti 2020ko abenduaren 02a

Gustatuko litzaidake lerroburuko galdera ikurra hortik desagerraraztea edota ipini beharrik ez izatea, baina zoritxarrez udazken honetan jasan behar izan dugun autopublizitate kanpainaren leloa besterik ez delakoan nago. Bestela, zertarako ipini? Hala balitz inork ez luke abizen horren beharrik horrela dela baieztatzeko. Oro har, gizarteak aspaldi egin beharreko zerbaiten berreskuratzea bezala ikusi du. Urte luze batzuetako lehortearen ondoren badator berriz ere fikzioa ETBko pantailara. Eta hori ospatu egiten dugu gainera. Normaltasunetik zeinen urrun garen, beste adierazle bat. Eta salbuespenetik ez gaude libre, ez baita ziurra horrek segida izango duen. Zeren izango balu dagoeneko izango genuke datorren urterako telesailen berri, halako ekoiztetxea ari dela casting

"Urte luze batzuetako lehortearen ondoren badator berriz ere fikzioa ETBko pantailara. Eta hori ospatu egiten dugu gainera. Normaltasunetik zeinen urrun garen, beste adierazle bat"

berri bat prestatzen, telesail berriak aurkezteko deialdiak egin direla… Gure inguruan halakoen gaineko zurrumurruak berehala zabaltzen dira eta oraingoz txintik ere ez. Tira, edozein herritan normaltasunaren barruan kokatuko litzatekeenak gurean opari bati ematen zaizkion txaloak jasotzen ditu. Ez gaitzaten engaina, gure fikzioa ez da lehena, inondik ere ez.

Neuk eta garai bateko nire lankideak behin eta berriro errepikatzen genuena datorkit oraingoan ere gogora. Ezagutzen eta gertuen genituen ereduei begiratuz gero, haiek atal bat egiteko zuten aurrekontuarekin guk telesail osoa egin behar izaten genuen. Eta gainera, garai haietan ez zegoen egun dagoen eskaintza eta atal bat ikusterakoan ikusleak ez du hori kontutan hartzen, baina homologazioaren mamua hor egon da beti, orduan eta orain ere bai. Aldea nabaria zen eta da, gaur ere. Batere meriturik kendu gabe, noski, udazken honetan ikusi ditugun telesailetako egileek egin duten ahaleginari, guztiz txalogarria.

Beraiek ez dute aitortuko, ezin baitzaio hozka egin jaten ematen dizun eskuari. Baina esan beharrik ere ez daukate. Lerro hauek idazterakoan, Altsasu ikusi gabe oraindik, Alardea eta Hondar ahoak egiteko ekoizpen baldintzei erreparatuz gero eskasia nabaria da. Adibide bat ipintzearren, nola ulertu Alardea-ko azken atalaren sekuentzian, emakumeen konpainiak desfilatzen duen horretan alegia, konpainia dozena bat emakumek besterik ez osatzea? Nahiz eta dena plano motzetan kontatu. Ez dut lekurik eta baimenik adibide gehiago ipintzeko, baina egon badaude.
Talentua sobera dugu, hobetu ditzagun ekoizpen baldintzak. Euskal ikusleak ez du gutxiago merezi.