Beste behin gertatu zait.
Ez dakit zenbatgarrena den, baina azken aldian, gehiagotan gertatzen zaidala esango nuke… Agian, ohitura bilakatu da. Joder! ez nuke “hori” ohitura bilakatzerik nahi…
Ohitura, aztura: zerbait maiz gertatzen denean, gorputzak ikasten duen memoria.
Gorputzaren memoria. Nire gorputzaren memoria min horretan… Joder! ez nuke “hori” ohitura bihurtzerik nahi… Baina kontua da berriz gertatu zaidala eta azken aldian maiztasunez itzultzen dela, hori/nekea, nire bizitzara.
"Nire nekea ezin da kexatu. Nola kexatu geroz eta feministagoa den euskal
kulturgintza batean.
Zergatik, nondik,
nori kexatu nakioke"
Esan zenezakete: “Normala da Amancay, bizitzen ari garen egoeraren parte da, koronabirusaren garaian, sortzaile orok ordaindu behar duen peajea”. Baina ez da hori. Horrek ere nekatzen nau noski eta asko idatz nezake gure egoeraz; gu, langile ez kontsideratzeaz, eskubiderik ez izateaz, kultura politika baten faltaz. Baina hau beste neke bat da. Hau neke konkretu bat da.
Izen abizenak ditu nire nekeak. Izen maskulinoak, gizon izenak. Asko. Sistemak legitimatzen du nire nekea. Sortzaile bezala bizi dut eta azken aldian sortzaile bezala pairatzen dut.
Nire nekea singularra da, nire deitzen baitiot baina gure baita. Nire nekea ezin da kexatu. Nola kexatu geroz eta feministagoa den euskal kulturgintza batean. Zergatik, nondik, nori kexatu nakioke. Gustura egon beharko nuke eta ez nekatuta. Nire “kolegek” babesten naute (ume bat izango banintz bezala). Tokia egiten didate (toki hori nirea ere izango ez balitz bezala).
Nekatzen naute zuen erak, normak, moduak, abileziak. Nekatzen nau, zuen akzio guztiak legitimatuak daudela sentitzeak, txalotuak. Nekatzen nau akzio horien aurrean isilik egon beharrak. Nekatzen nau itsaso maskulino horretan mantentzeko ebaki behar izan dudanaz jabetzeak. Nekatzen nau nire era, beste era hori, egiteko beste modu hori birmoldatzeko, egin behar ditudan akrobaziak.
Sortzaile akrobata naiz, airean, maskulinoaren trapezioan zintzilik. Ni ere akrobata naiz, esango didazu gizon. Kulturara dedikatzen den edozein da akrobata. Ezberdintasun bat dago, ordea, zure eta nire artean.
Trapezio honen forma zuk erabaki duzu, zuk aukeratu duzu ze kolore, pisu eta alturatan dagoen. Eta ni nekatu egin naiz. Eta azken aldian, gehiagotan nekatzen naiz.