argia.eus
INPRIMATU
Txanogorritxuren alabaz
Xabier Etxaniz Erle 2020ko azaroaren 19a
Lorerik gorriena | Egilea: Itziar Otegi |Ilustrazioak: Sandra Garayoa | Pamiela, 2020.
Lorerik gorriena | Egilea: Itziar Otegi |Ilustrazioak: Sandra Garayoa | Pamiela, 2020.

Istorio honen narratzailea neska bat da, baso ondoan bizi omen da baina aita bakarrik joaten da basora amari hainbeste gustatzen zaizkion lore gorrien bila. “Amari izugarri gustatzen zaizkio loreak. Batez ere, basoaren bihotzean jaiotzen diren lore gorri berezi batzuk. Baina ama ez da inoiz joaten lore horien bila. Aitak ekartzen dizkio, eta, orduan poz-pozik jartzen da”. Eta Sandra Garayoaren ilustrazioan ama eserita ikusiko dugu, geldirik, mugitu gabe, eta aita, eskopeta bizkarrean, lore gorria eskaintzen. Bien artean, lurrean neskato bat lore gorriak marrazten paper batean. Irudiak zuri-beltzean dira eta etxea irudikatzen duen marran, lorontzian, neskatoaren margoan eta oinetakoetan eta aitak dakarren lorean ageri den gorriak ukitu berezia ematen dio.

Neskatoak esaten digunagatik laster jakingo dugu Txanogorritxuren alaba dela eta ama, “Gertakari Handia” izan zenetik ez dela basoan barneratu. Neskatoak, baina, aspertuta Gertakari Handian kateatuta bizitzeaz basora lore bila joatea erabakitzen du. Ondoren azalduko zaigu otsoarekin duen topaketa, nola ezkutatzen den, nola eskuratu beldurrei aurre egiteko adorea eta amaren laguntzarekin nola gainditzen duten familia preso zuen gertakaria: “Zutitu ginenean, luzea eta ahaltsua zen gu bion itzala, eta otsoarena, berriz, ahula”.

XIV. Etxepare saria eskuratu duen lan honek baditu azpimarratzeko hainbat alderdi, alde batetik ipuin tradizionalekin egiten duen jolasa –Txanogorritxuren alaba protagonista jarriz eta honen amak dituen beldurrak, etxekoak preso dituen iragana, gainditzeko nahia erakutsiz–, bestalde Itziar Otegiren idazkera neurtua, aberatsa eta album askotan ohituta ez gauden luzera duena; era berean Sandra Garayoaren ilustrazioak ere nabarmenak dira, kolore gutxi batzuk erabiliz –beltza eta gorria batez ere– lortzen duelako istorioak duen tonua ederki islatzea, eta protagonisten eta espazioen interpretazio sinbolikoak, errealismotik at, are indar handiagoa ematea kontakizunari.

Istorio erakargarria, edozein modutan, Txanogorritxuren ipuinari jarraipena emanez, norberaren barneko beldurrei aurre egiteko liburu aproposa eta haurrekin behin eta berriro ikusteko, komentatzeko, aritzeko, disfrutatzeko modukoa, alegia.