argia.eus
INPRIMATU
Paperetik gorputzera
  • Keak lausotu digu ikusmena Gayarre antzokian sartu bezain pronto. Ez dakigu espektakuluaren parte den ala kableren batek huts egin duen hor nonbait. Balkoietan eseri eta behera begiratu dugu: butaketan inor ez. Jendea aulki tolesgarriz beteriko oholtzan dago jarrita. Eta berriz, ez dakigu ikuskizunaren parte den jende hori, ala publikoa den, normalean aktore eta musikarien espaziotik kontzertua ikusiko duena gaur.

Amets Aranguren Arrieta @ametsaranguren 2020ko azaroaren 18a

Escape room musikal gisa zegoen aurkeztua informazio orrietan performancea. Fagot eta oboe banak osatzen duten duoak ireki du kontzertua balkoi batetik. Zuriz jantzita biak, edo zuriz mozorrotuta, hobe esateko. 15 zentimetro-edo izanen dituzten takoiak, peluka, soineko harrigarria eta makillajea.

Obra garaikideak obra garaikideen atzetik. Eta gu, escape room-etik ateratzeko esperantza handirik gabe. Barregura eragin digu kororik gabeko koro zuzendariak, harritu gaitu mahaia (nahita edo nahi gabe?) apurtu duen DJ-ak; Steel Pan bat ikusi dugu lehen aldiz bizitzan eta “alde egin nahi dut” sentitu dut nik aspaldiko partez.

Salako butakak estaltzen dituen plastikoz jantzi da oboe-jolea, soinekoa egin du Mediterraneo itsasoko olatuak simulatzen dituen plastiko garden handiaz, eta biluztu da parean zuen partiturako azken nota bukatzean. Emakumezko batek norbait hiltzen denean sentitzen duen mina irudikatzen omen zuen biluzi horrek. El cuerpo imaginado (Gorputz imajinatua) izena jarri diote performanceari, zuzendariaren hitzetan “partituran idatzirik zegoenari gorputza jartzea” baitzuen xede gaurkoak. Baina ez, ez da nahikoa izan obra bakoitzean jantziak aldatzearekin, ikuskizun guztiari zentzua emanen dion haria falta da.

We Play: el cuerpo imaginado
Noiz: urriak 28
NoN: Iruñeko Gayarre antzokia

Motibo melodikorik ez duen musika da “garaikidea” kasu honetan; efektuek, tinbre desberdinek eta “zaratek” osatzen dutena. Eta, kontrakoa ematen badu ere, normalean instrumentua primeran kontrolatzen duen jendea da horrelakoak jotzeko gai. Ez da hasi berriak jotzen ohi duena.

Oraindik kostatzen zait halakoekin disfrutatzea. Flipatu dezaket lehenengo minutuetan, are gehiago jotzen dudan instrumentu bat erabiltzen badute, jakin dezakedalako zein puntutaraino den zaila edo ez efektu horiek lortzea, baina ez dut gozatzen. Eta zalantza dut ohitura kontua ote den musika mota hau baloratzea.

Arteak ez du zertan ederra izan, badakit. Gainera, edertasunaren ezaugarriak ezin dira objektiboki definitu, baina eragitea ez al da artearen ezaugarri ere bai? Ezinegona bada ere, hori sentiaraztea?

Sentsazio gazi-gozoz atera gara antzokitik. Ez dakit inoiz horrelakoak baloratzeko gai izanen naizen, baina gaurkoan ez, ez dugu lortu escape room-etik ihes egitea…