“Biktima batzuek ez dute aitortzarik, eta horietarik naiz ni”

  • Plaka bat Altsasuko kalean, garai bateko estrata nagusian. “Hemen erail zuen Guardia Zibilak Emilio Iguzkiza 1934ko urriaren 8an... Semea besoetan zuela tirokatu zuten”. Hamalau hilabete zituen delako seme hark orduan. Justino zen. 87 urte ditu egun.


2020ko azaroaren 19an
Argazkia: Zaldi Ero
Argazkia: Zaldi Ero
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Justino Iguzkiza Otxoa de Eulate. Altsasu, 1933

1934an guardia zibilek Altsasun hildako Emilio Iguzkizaren semea. Batean eta bestean jardun zuen lanean, nahiz urterik gehienak Altsasuko Sunsundegin egin zituen. Lan-istripua izan zuen eta 51 urte zituela sartu zen erretretan, bizkarrezurra hondaturik. Hamalau ebakuntza izan ditu, eta egunotan du hamabosgarrena. Ez zioten lan-istripua legez aitortu. Poliziaren gehiegikerien biktima denik ere ez diote legez inoiz aitortu.

Zure aitaren heriotza latzak ekarri nau Altsasura...
Gure aitak izena zuen Emilio Iguzkiza, Deikaztelukoa zen, baina Altsasura etorri zen lanera, Urbasako errepideko lanetara, Lizarra eta Altsasu lotzera. Gure amarekin ezkondu zen, Frantziska Otxoa de Eulate, eta bost seme-alaba izan zituzten. Azkena, ni. Esaten dute 1934ko urrian greba egunak izan zirela, istiluak ere bai, eta atxilotzeak. Eta, hilaren 8an, urrian betiere, manifestazioa egin zutela Altsasun. Guardia zibilak azaldu ziren, eta Constantino Salinas, zeina Nafarroako Diputazioko buru izandakoa baitzen, eta Agustin Okariz udal zinegotzia atxilotu zituzten. Jendea guardia zibilen kontra hoska hasi zen, gero baino gero beroago, eta guardia zibil batek tiro egin zuen. Gure aita hil zuen. Ni, hamalau hilabeteko haurra, aitaren besoetan nengoena, haren altzoan erori nintzen, biok lurrera.

Noiz aditu zenuen, lehenengoz, historia hori?
Hemezortzi urte izango nituen... Bost senide izan ginen etxean, baina amak ezer esaten ez zuen. Berak, gutxiena! Etxean inork ez zuen ezer kontatzen eta, kalean, batzuek eta besteek, pertsona larriek, aita ezagutu zutenek, kontatzen zidaten zerbait ere. Hamalau hilabeteko haurra nintzen, ez dut gertatuaren oroitzapenik eta ez dakit kontatu didatena besterik. Baina, esate baterako, behin, joan da nire emaztea udaletxera agiri bat eskatzera, eta, han, berriketan, gure aita mundu honetatik pulmonia batek eraman zuela aditu behar izan zuen. Heriotza “naturala” izan zuela. Nire emazteak, orduan: “Zer ari zara zu, ordea? Emilio Guardia Zibilak hil zuen, nire senarra besoetan zuela!”. Horrelaxe. Aita hil ziguten, eta horrelakoak aditu behar. Eta bizi egin behar, hala ere.

Eta nola bizi izan zineten, aita Guardia Zibilak hilik?
Ahal zen moduan! Altsasun bizi izan ginen beti, baina bateko etxean eta bestekoan... Bizimodu eskasa izan dut, arras eskasa. Gorriak ikusita nago, eta gose errabiatua pasatua. Txikitan, gizona ikusi platanoa jaten, hark azala bota, nik hartu eta jan! Hori ere eginak gara. Gero, artean mutiko, Agurainera joan behar izan nuen, morroi, behorrak zaintzera, Santa Maria eliza ondoko etxe batean. Ez nuen luze iraun. Eskapatu eta atzera Altsasura etorri nintzen, etxera. Zartakoka hartu ninduten, eta atzera Agurainera bidali ninduten. Han, berdin, aulki txiki batean jarri eta bi zartako eman zizkidan nagusiak. Eta trena hartu eta berriz eskapatu nintzen, etxera. Gero, noizbait, Idiazabalgo bi andre gertatu ziren gurean: “Nahi duk gurekin etorri baserriko lanera? Erakutsiko diagu!”. Nik, baietz, eta haraxe. Hamar urte egin nituen Akotain-azpikoan, Zezilio eta Jenobebarekin. Gurea zen Akotain-azpikoa, eta gorago beste baserri bat zen, Akotain-garakoa.

Den gutiena estudiatu zenuen? Eskolarik bazen?
Zer edo zer ibili ginen, bederatzi urte arte, baina ez zegoen jatekorik ere, eta bila abiatu behar. Bizia bera izan nuen eskola! Eskolarekikoak egin eta Agurainen nintzen, eta, gero, hamabi urterekin-edo, Idiazabalen. Agurainen gaizki, eta Akotain-azpikoan zoragarri. Aspaldi da hara joan ez naizela, baina, lehen, handik pasatzen nintzenean, beti begiratzen nuen baserrira...

Justi Iguzkiza Altsasun, bere aitaren plakaren ondoan. (Arg.: Zaldi Ero)

Zertan zen bizia zuen etxean? Zertan ziren ama eta anai-arrebak?
Arreba zaharrena, adibidez, Lerinera ezkondu zen. “Amerikarrak” esaten zieten andre batzuen etxean bizitu zen. Haiek hiltzean, gure arreba horri utzi zioten herentzia guztia. Anaia, berriz, han eta hemen ibili zen, kartzelan ere eduki zuten eta, azkenean, Nafarroako Diputazioan hasi zen lanean, eta hantxe etsi zuen. Amak... gorriak ikusarazi zizkidan. Ez zidan bakean bizitzen uzten. Ez baininduen maite! Orga batean ere lo egin izan nuen, bebarruan. Eta goizeko lauretan, ama etorri eta patata-zaku artera eraman ninduela ere gogoan daukat. Hantxe lo ni. Gorriak eta beltzak ikusiak nagoela, bada!

Eta zu...
Ni oso zintzoa nintzen, eta halaxe naiz oraindik ere. Inoiz ez dut inorekin errietarik izan. Jakina, adiskide eta lagunekin eztabaidak bai, gauza betikoak, baina horrez gainera, ezer ez. Artean gazterik, Deikaztelura joan nintzen, aitaren herentzia erreklamatzera. Etxetzar handi bat genuen eta lehengusina bat bizi nuen han; aitaren iloba. Haren kontu zen etxearen zerga eta kontribuzioak ordaintzea, eta esan nion: “Erakutsi ordainagiriak, orain arte ordaindu duzuna kitatuko dizut nik”. Alferretan. Bateko anaia, besteko arreba, eta, azkenik, lehengusina, dena saldu zuten. Kale gorrian utzi ninduten, goian zerua eta behean lurra.

Idiazabalen bizi izan zinela esan duzu, baserriko lanetan. Euskaraz beharko zenuen Akotain-azpikoan...
Bai, bada! Eta ikasi nuen. Idiazabalen hamar urte egin eta Altsasura itzuli nintzenean, gaztelaniaz ez nekien! Nola edo hala hitz egiten nuen hemengo amonarekin, baina lagunartean isilik beti ni! “Eta hik, zer diok, bada? Mutu eta isil?”, aditu behar izaten nuen. Gaztelaniaz ez nintzen gauza, hitzik ez nekien. Gero, alderantzira gertatu zitzaidan, euskara atzendu nuela. Inor euskaraz zuzentzen bazait, ulertzen diot, gutxi bada ere. Baina hitz egiten ez dakit.

Zer dela-eta itzuli zinen Idiazabaldik Altsasura, han pozik bizi izanda?
Adiskideak joaten zitzaizkidan, ikustera. Bizikletak hartu eta Altsasutik Idiazabalera, maldan behera. Baina gu, baserrian, uda bazen belarretan ari ginen. Negua bazen, arbitan, simaurretan... beti lanean. Haiek, berriz, tentatu egiten ninduten: “Altsasun badituk feriak ere, eta igandeetan, soinu eta dantza!”. Halaxe berotu ninduten. Eta etorri nintzen. Ezertarako ez! Alferretan!

Zer esan nahi duzu? Zer edo zertan jardungo zenuen herrira itzulita...
Ergelkeria franko hemen! Behin, parrokoarekin haserrea ere izan nuen. Igandez, egurra egin nuelako. Ez zitzaion gustatu: “Salatu egingo haut, igandean lan egiteagatik!”. Ezesateko bat erantzun nion. “Orain okerrago! Kartzelara sartuko haut!”. Asto beltzarenak eta bi bota bainizkion. “Zuk ni kartzelara sartu, baina irten eta akabatu egingo zaitut!, esan nion. Horrelaxe. Eta Olazagutian hasi nintzen lanean, zementutan. Baina ez zen posible han lan egitea. Gela batean sartu, zakuak pilatu... aurpegia eta hankak erre zizkidan porlanak. Etxera etorri, bizikleta hartu eta atzera Idiazabalera egin nuen!

Berriz Idiazabalera?
Bai. Jenobebak hartu ninduen. Aurpegia ikusi zidanean, gurina atera eta aurpegia dena igurtzi zidan. Horrelaxe. Eta baserrian gelditu nintzen, bigarrenez. Zeziliok, ezetz zioen: “Etxera itzuli behar duk!”. Nik ere ezetz, ordea, eta hantxe izan nintzen beste lau urtez. Tarte horretan ez nintzen Altsasura batere etorri. Akordatzen naiz, herrian feriak zirela ere, gu Etzegaraten ibili ginela, garotan! Eta Idiazabalen izan nintzen soldadutzara joan arte. Eta Ceutara.

Hogeitaka urte zenituela jakin zenuen aitaren historia...
Batak eta besteak esaten dizkizutenak aditu nituenean! Besoetan hartu ninduen gizona ere ezagutu nuen. Hila da. José Zornoza. Baina ez dakit zeinen eskuetan utzi ninduen, gure amarenera joan ote zen zuzenean, edo nora. Ez dut inoiz jakin. Galdetu bai, hamaikatan galdetu dut, baina erantzunik ez. Ama zenari ere bai: “Kalean jaso nindutenean, etxera ekarri ninduten, orduan?”. “Ez, etxera segituan ez”. “Eta, hortaz?”... Amak ere ez zekien.

2015ean omenaldia egin zitzaion zuen aitari. 1934ko urriaren 8 hartan Altsasuko kalean gertatua antzeztu zuten.
Bai. Hunkigarria izan zen. Memoriaren [historikoa] aferetan dabiltzanek ere ez zekiten historia osoa. Josuk [Imaz, Altsasu Memoria] aditua zuen haur haren historia, ezagutzen ninduen, baina ez zekien neu nintzela haur hura! Elkar ezagutzen genuen, baina ez ninduen haur harekin lotzen.

Nola berrosatu zenuten historia galdu hura?
Josu-eta ibili ziren horretan. 1936ko Gerraz gerokoa aztertzen hasi ziren, nonbait, eta gerraurrekoak ere ikertu zituzten. Eta 1934ra jo zuten. Grebak eta protestak Asturiasen, eta handik batera eta bestera zabaldu omen zen greba haren sua, eta Altsasura ere heldu zen. Eta grebak eta protestak hemen ere, eta Guardia Zibila ere tartean, eta tiroak... Nafarroa osoan hildako bakarra izan zen, eta Altsasun! Gure aita! Hildako bat, eta bi zauritu, balaz. Altsasun betiere. Guardia Zibila errepideraino joan omen zen, tiroka! Altsasu Memoriakoek egunkari zaharrak arakatu zituzten, atxilotuen izenak argitaratu zituzten, No me avergoncé del Evangelio [Marino Ayerra] liburua ere aztertu... Horrela ibili omen ziren. Josuri [Imaz] aditutakoa dakit nik, ez besterik. Beste liburu bat ere argitaratu zuten gero Josu Chuecak-eta [Octubre de 1934 en Euskal Herria. Revolución, insurrección y huelga general], eta hor gauza gehiago haizatu zituzten. Atxilotuen zerrenda, gure aitaren argazkia, neurea...

Hortik etorri zen antzezte hura.
Bai, nonbait! Josuk esaten du gauza idatziak hor gelditzen direla, betiko, baina ikusteak indar handia duela, antzezteak errealitatea erakustea duela. Horrela egin zituzten omenaldia eta antzezpena. Hunkigarria izan zen. Kontatua zidatena ikusi nuen antzezpen hartan, nola tirokatu zuten guardia zibilek gure aita, nola joan zen herrestan kalezuloan aurrera Txoko tabernaraino eta hil zen han. Kontatua zidatena, alegia. Bestalde, urte askoan, hantxe, paretan ageri zen balak egindako zuloa. Txokoko nagusiak kontatzen zuen, Loli zenak. Hura bai, oroitzen zen.

Bere begiez ikusi zuen?
Bai Lolik eta bai bere amak ikusi zuten, etxeko balkoitik. “Hor, Loli, haurra negarrez, eta gizona lurrean!”, esan omen zion bere amak. Loli garbi oroitzen zen. Tiroak eta gero jende asko bildu zen, nonbait. “Zer gertatu da, bada?”, batzuek, eta besteek: “Emilio hil dutela!”. Horrelaxe. Lolik eta bere amak ikusitakoa kontatu zidaten. Gure amak, aldiz, ezer ez. Gure aita ehortzi egin behar zen, baina agintariek ez zuten gogo handirik. Alegia, ez hilkutxa eta ez besterik. Orduan, Jose Arregi zurgina etorri omen zen, hilkutxarekin, eta esan omen zion apaizari: “Gainerako guztiak bezala ehortziko duzu, eta elizako kanpaiak ere joaraziko dituzu. Hileta izango da, egiazkoa”.

Biktimatzat duzu zeure burua?
Hein batean. Badakizu, orain biktima besterik ez dago bazterretan... Nik gogoan daukat gertatu zena, ez neure begiez ikusi nuelako, ez oroitzen naizelako ere, baina gogoan daukat egun hartakoa. Josuk dio biktima batzuek ez dutela aitortzarik eta, nonbait, horietarik naiz ni. Gainera, egun hartan balaz zaurituak izan ziren, zenbait lagun atxilo hartu zituzten eta, handik bi urtera, 1936an, bi urte lehenago atxilo hartutako haiek zigortu egin zituzten.

"Gaur egun ere, plaka ondotik pasatzean, ukitu eta 'agur aita' esaten diot". (Arg.: Zaldi Ero)

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Oroimen historikoa
2024-11-28 | Irutxuloko Hitza
Mikel Zabalzaren omenezko plaka jarriko du Donostiako udalak larunbatean, Intxaurrondoko kuartelaren aurrean

Donostiako Udalak Mikel Zabalza Garateren (1952-1985) omenezko plaka bat jarriko du larunbat honetan (hilak 30), Guardia Zibilaren Intxaurrondoko kuartelaren aurrean (Baratzategi kalea, 35). Guardia Zibilak gaurko egunez atxilotu zuen Zabalza, 1985ean, Altzako bere etxean... [+]


Iruñeko Erorien Monumentua
Maravillas Lambertoren izena ez erabiltzeko eskatu dute fusilatuen senideek

Nafarroako Fusilatuen Senitartekoen Elkarteak gogor kritikatu du Iruñeko Erorien Monumentuaren inguruan EH Bilduk, Geroa Baik eta PSNek egindako akordioa. "Pedagogia" egiteko toki hobeagoak daudela dio eta interpretazio zentroari Maravillas Lamberto izena... [+]


Iruñeko Erorien Monumentua Maravillas Lamberto interpretazio zentroa izatea adostu dute

Iruñeko Erorien monumentua faxismoaren salaketarako eta memoria demokratikorako Maravillas Lamberto interpretazio zentroa bilakatzea adostu dute EH Bildu, PSN eta Geroa Baik. Eraikinaren parte bat eraitsiko dute, eta adiera frankistako elementuak kendu edo estaliko... [+]


2024-11-18 | Hala Bedi
Frankismoaren errepresaliatuak omendu zituen Lagrango Udalak larunbatean [Argazki galeria]

"88 urteko isiltasuna nahikoa da; gure herritarrek behingoz aitortza ekitaldi bat merezi dute"


2024-11-12 | Julene Flamarique
Sortuk manifestazioa egingo du Brouard eta Muguruzaren hilketen urteurrenean, azaroaren 20an Bilbon

Espainiako eta Frantziako Estatuak “nazio askapen mugimendua ito” nahi dutela ohartarazi du Sortuk, eta Santi Brouard eta Josu Muguruza HBko militanteen erailketak estatu biek egiten duten “gerra zikinaren parte direla” adierazi du.


Memorian eta bihotzean gordeta, Saturrarango historia zabaltzen jarraituko dute

Saturraran Elkarteak antolatuta, Oroimen Eguneko ekitaldian batu dira larunbatean 1939tik 1944 bitartean Saturrarango Emakumeen Kartzela egon zen inguruan, bertan preso egondako emakume eta umeak oroitu eta omentzeko.


2024-10-25 | ARGIA
Gasteizen 1976ko martxoaren 3an zauritutako beste zazpi pertsona identifikatu dituzte

Egun hartan Espainiako Poliziak bost langile hil zituen eta dozenaka zauritu. Orain, identifikatu gabeko beste zazpi zauritu aurkitu dituela iragarri du Martxoak 3 elkarteak. Oraindik, alabaina, ez dute lortu zauritutako beste 20 pertsona identifikatzea.


Puig Antich, Estatuak ez du inoiz barkamena eskatzen

Espainiako Gobernuak dokumentu bat helarazi die Salvador Puig Antichen arrebei, Oroimen Demokratikorako ministro Ángel Víctor Torresen eskutik. Frankismoak anarkista katalanari jarritako heriotza kondenaren “baliogabetasun akta” dela diote. Harrigarria... [+]


2024-10-17 | Cira Crespo
Herriaren ahotsa onartuko duzu

Gaur gauean, urriak 17, 88 urte faxistek Jose Ariztimuño, Aitzol, hil zutena. Fusilamendu pelotoiaren aurrean ez zuela isilik gelditu nahi irakurri berri dut. Soldaduei tiro egitea kosta egin omen zitzaien, behin eta berriz agindu behar izan omen zieten su egiteko. Hala... [+]


Eguneraketa berriak daude