argia.eus
INPRIMATU
Festarik gabe, bizitza bera festa
Fermin Erbiti 2020ko azaroaren 19a

Noizbait lasterketaren batean parte hartu duten guztiek badakite: azkarregi abiatzea da akatsik larriena. Hori egiten duenak larrutik pagatuko du, helmugaraino heltzekotan leher eginda iritsiko baita, sufrikario izugarria pairatuta. Larrazken hasieran heldu zen pandemiaren bigarren olatuak irudi hori ekarri dit. Soziologian aditu izan gabe ere, begi bistakoa da: jendea akiturik dago, maratoian azkarregi hasita lur jota dabilen lasterkariaren antzera.

Bizitzak hortik gehiena badu ere, guk nekez onartzen dugu ziurgabetasuna. Eta orain horixe besterik ez dago. Hau noiz eta nola amaituko den, ideiarik ez. Ez guk eta ez inork. Hortaz, zalantza handiko garaia onartu eta kudeatzen saiatzea beste erremediorik

"Galdu dugunagatik negar egin beharrean, hobe dugunarekin gozatzen saiatzen bagara. Eutsi edo etsi, besterik ez dago"

ez dago. Eta, ahal dugun neurrian, kopetilun ibiltzeari utziz, horrek ere ez baitigu deus konponduko. Galdu dugunagatik negar egin beharrean, hobe dugunarekin gozatzen saiatzen bagara. Eutsi edo etsi, besterik ez dago.

Bide horretan laguntzarik behar? Pau Donés  zenak eskaintzen digu, Hego Euskal Herriko zinema aretoetan (momentuz, bestelako agindurik ez dagoen bitartean) ikusgai dagoen film batean. Hiltzear zegoela, kantariak Jordi Évole kazetariari deitu eta azken elkarrizketa eman nahi zuela esan zion. Eso que tú me das (Zuk ematen didazun hori) da horren fruitua. Bi lagunen arteko azken solasaldia, sakon eta benetakoa. Kazetaritzatik zinematik baino gehiago duen pelikula  zoragarria iruditu zitzaidan.

Évole meritu handiko kazetaria da, aurkezle lanetan estilo berri bezain arrakastatsua sortu baitu. Punta-puntako aurkezle sasijakintsu harroputz horiengandik hain urrun, tipo normala dela ematen du: janzkeran, tonuan, galderak egiteko moduan. Besteari entzuten badaki, eta komunikaziorako funtsezkoa den isiltasunaz baliatzen ere.

Pau Donések harriturik utzi ninduen. Lehen planoan ikustean, batek Paveseren Heriotzaren soa gogoratzen du, Letek gurera hain dotore ekarritako poema izugarria. Hasierako unea besterik ez da. Ikusleak berehala ahantziko du kantariaren aurpegi zargaldua, hain da sutsua haren bizipoza eta ilusioa. Zukutu bizitza, merezi du eta! Horixe da pelikularen mezu nagusia.  

Kontu ezaguna, esanen du batek baino gehiagok. Bai, ezaguna baina barneratu gabea. Carpe diem: heriotzaren begiak ikusi arte, nekez ikasten dugun lezioa. Harrigarria badirudi ere, oraingoa oso garai egokia izan daiteke horretan saiatzeko. Erronkak merezi du: festarik gabeko garai ilunean, bizitza bera festa bihurtzea.