argia.eus
INPRIMATU
Ergelak
Uxue Apaolaza Larrea 2020ko azaroaren 19a

Trump kritikatzea errazagoa zait, askoz, Bideni buruz ezer onik esatea baino. Baina txantxa iturria haren adina izatea, baita zalantza serioagoen iturburu ere, azpimarratzekoa iruditu zait. Munduko gizon boteretsuena esaten zitzaionaren postura heldu den

"Pentsiodunak, protestan hasi zirenean, estanpa maitagarri izateari utzi eta hizketan hasi ziren, eta gu entzuten"

gizon zuri diruduna txikitzeko modua, zaharra dela esatea da. Ez al zegoen gazteagorik? Bera ere kontziente da eta Kamala Harris gazte itxurakoa hartu du ondoan.

Bidenek ez nau kezkatzen, ez, adinkeriaren biktimatzat; baina bai zaharra izatea hain baliogabetzailetzat hartzeak. Pentsiodunak, protestan hasi zirenean, estanpa maitagarri izateari utzi eta hizketan hasi ziren, eta gu entzuten. Ez nahikoa, eta koronabirusak txantxen irribarrea itsustu digu, mespretxu ergel hori hilgarria izan daitekeela ikusita.

Eta ergela diot, honetan ez beste diskriminazio guztietan berehala antzematen dudalako onuraduna nor den... Haurtzarora itzultzen dira, haurrak bezalakoak dira tratua; zertarako dirua gastatu gehiago esplotatu ezingo ditugun izakiek bizirik iraun dezaten... ez digu horrek guztiak guri eragingo zahartzen garenean? Baita lehenago ere? Ez denoi. Horregatik egon daiteke pozik Biden kritika bere adina bada, ez da ergela, berak salbazio indibidualerako baliabide guztiak dauzka.