argia.eus
INPRIMATU
Ereserkirik perfektuena
Diego Pallés 2020ko azaroaren 19a

Duela bost urte, Zeelanda Berriko gobernuak prozesu publikoa abiarazi zuen bandera diseinu berri bat hautatzeko asmoz, egungoak baino adostasun handiagoa sortuko lukeen diseinua. Baten batek esan lezake ez dela argudio asko behar hango bandera aldatzearen beharrez inor konbentzitzeko, bai sinbologiaren aldetik baita estetikarenetik ere. Bi erreferendum eta gero, ordea, parte-hartzaile gehienek bandera zaharrari eustea erabaki zuen, alegia, goiko bazter batean Erresuma Batuko banderaren irudi txikia txertatuta daukan banderari.

"Nolakoa izango litzateke Euskal Herriko ereserkirik, banderarik, ikurrik perfektuena? Iragan mendeetan gutxiengo pribilegiodunak lan erraza zuen sinbolo berriak elkarrekin adosten"

Nire ustez, pare bat ondorio atera dezakegu esperientzia hartatik. Lehenik, jardun zaila da adostasuna lor dezaketen sinbolo berriak sortzea, batez ere aldaketa politiko sakonik gertatu ez bada. Bigarrenik, ikur zaharrek karga sinboliko handia hartzen dute denboraren poderioz, nahiz eta beren jatorrizko sinbologiak talka egin gaur egungo gizartearen balioekin.

Gernikako Arbola abestia sortu zutenean, Lehenengo Gerra Karlista ondoren, euskal gizartea asaldura politiko sakona pairatzen ari zen, eta, hortaz, beso zabalka bereganatu zuen foruen aldeko sinbolo musikal berria. Orain, 170 urte igaro eta gero, kantuaren mezuak balio positiboak manten litzake, bai, baina inola ere ez milaka pertsonari aho batez kantarazteko moduan. Horren ordez, baina, kantuari ikur zaharraren balioa erantsi zaio, artefaktu tradiziozko, vintage bilakatu da. Gaur egun, beharbada, Euskal Herriarentzako ereserki aproposagoak, landuagoak sor genitzake, baina doinu berri horiek ez lirateke inoiz izango XIX. mendeko abesti erromantiko bat, kanonak agindu bezala.

Nolakoa izango litzateke Euskal Herriko ereserkirik, banderarik, ikurrik perfektuena? Iragan mendeetan gutxiengo pribilegiodunak lan erraza zuen sinbolo berriak elkarrekin adosten. Herriak eman zion ospea Iparragirreren abestiari, bai, baina horren aurretik intelektual erromantiko gutxi batzuei zor diegu Gernikan dagoen haritza Euskal Herri osoko foruen sinbolo bihurtzea.

XXI. mendean, ordea, sinboloen egokitasunari buruzko eztabaidetan gizarteko askoz sektore handiagoak parte hartzen du. Denon gustuko sinbolo berriei buruzko adostasuna lortzea arras zaila izaten da normalean, eta oinordetzan jasotakoarekin lan egin behar izaten dugu: ereserkiak, banderak, nazioen izenak... baita herrialdeen mugak ere. Politika, hein handi batean, duela 150 urte inguru gutxiengo batek erabakitako materialekin egitera behartuta gaude, paradigma errotik aldatu ezean.