argia.eus
INPRIMATU
Bluesa bihotzean
Joxi Ubeda Goikoetxea 2020ko azaroaren 19a

Iker Piris gitarrista bikaina da eta bere bihotz guztiarekin abesten du. Bluesa maite du. The Romanticos taldeko gitarrista, abeslaria, konpositorea eta gidaria da, baina taldea denbora batez alde batera utzi du, eta bakarlari moduan kaleratu du garai bateko blues kantaz osaturiko Solo diskoa, gitarra akustikoarekin.

Amerikako Estatu Batuetako landa giroko blues doinuak dira. Garai batean egiten zen bezala egin du grabazioa, 1940ko hamarkadan egin izan balitz bezala, modu analogikoan, eta garai horietako blues espiritua ezin hobeto gauzatu du. Horretarako, Jorge Muñoz-Cobo musikari eta produktorearekin elkarlanean aritu da, eta nabarmena da kantak grabatzea gozamena izan dela haientzat.

Iker Piris aditua da blues musikan, oso ikastuna, eta garai horietako blues kanta ugari ezagutzeaz gain, oso ezagunak ez direnak ere bai, kanta horiek jotzen ere badaki, oso ongi jakin ere, eta sentimendu guztiarekin abesten du. Horietako batzuk entzun daitezke Solo diskoan, Robert Johnsonen, Blind Lemon Jeffersonen, Little Walteren, Tampa Reden eta Tommy Johnsonen hainbat kantaren bertsioak. Baina, kanta horiez gain, Iker Pirisek berak sortutako beste batzuk ere badaude, eta blues akustiko primitibo bilduma polita osatu du bere kantekin eta bertsioekin.

Duela hamar urte hasi zen jotzen eta, pixkanaka, behar diren ezagutzak eskuratzen, eta errepertorioa handitzen, bakarkako proiektu bat martxan jarri ahal izateko. Beraz, azken hamar urteotako ibilbidearen amaiera irudikatzen duen lana da Solo bakarkako diskoa.

Diskoa aurkezteko jendaurreko emanaldiak egingo ditu, bakarka, baina horrez gain, badu bestelako proiekturik ere esku artean. Izan ere, udan buru-belarri ibili da Iker Piris & His Dual Electras izeneko taldearekin, eta diskoa kaleratzeko asmoa du talde horrekin ere. Abdell B. Bob (kontrabaxua) eta Andy Martin (bateria) aritzen dira harekin talde horretan.

Iker Piris musikari handia da, eta hark abian jarritako egitasmoez gain, beste zenbait musikarirekin kolaboratu du. Bere diskoak entzutea merezi du, eta jendaurreko emanaldi batean ikustea ere bai, jotzeko garaian transmititzen duen grinaz gozatzea.