argia.eus
INPRIMATU
Ezker/eskuin?
Gorka Moreno Márquez 2020ko azaroaren 11

Aspaldiko partez zenbait gizarte dinamikak ezbaian jarri dituzte errealitatea aztertzeko erabili diren kategoria ideologiko zein analitikoak, eta hauen artean ezker/eskuin dikotomia ere badagoela iruditzen zait.

Ezker eta eskuinaren bozkatzaileen arteko mugak batzuetan ez dira lehen bezain nabarmenak eta ultraeskuinaren barruan langileen hainbat boto daude, lehen ezkerreko botoa eman zezaketenak. Hainbat mobilizaziotan ere, nahasketa hauek agerikoak izaten ari dira. Frantziako Jaka Horien kasuan, aldarrikapen bateratua egon zitekeen arren –globalizazio neoliberalaren aurkako leloak–, gerturapena, aldiz, ezker zein eskuinetik egin zen, mobilizazio hauetan ultraeskuineko mugimenduek zein antikapitalistek bat egin zutelarik.

"Egia da ez dagoela argi ze talde diren liskarrak sortzen ari direnak, baina komunikabide batzuek azpimarratu dute ultraeskuina zein talde antisistemak daudela"

Antzeko gauza gertatzen ari da hainbat lurraldetan, azken asteetan koronabirusari aurre egiteko administrazio publiko ezberdinek hartu dituzten neurrien aurkako mobilizazioetan. Egia da ez dagoela argi ze talde diren liskarrak sortzen ari direnak, baina komunikabide batzuek azpimarratu dute ultraeskuina zein antisistema talde antisistemak daudela. Ikuspuntu ezberdinez, baina arerio komun baten kontra: eskubideen murrizketak.

Momentu honetara ailegatuta, talde hauek batzen dituen arerio hori mahai gainean jarri behar dela iruditzen zait: globalizazioak sortu dituen ezberdintasun ekonomikoak, espektatiba eza, politikaren desprestigioa… Elementu hauek guztiak nolabaiteko XXI. mendeko Pancho Villaren armada sortu dute, non gero eta askotariko kolektibo eta jende gehiago dagoen, baina batzuetan argi jakin gabe nola definitu taldea, batzuek ezkerrean kokatzen dute eta beste batzuek eskuinean.

Agian koordenada berriak behar ditugu errealitatea aztertzeko. Ez da izango ezker eta eskuin kontzeptuen ezabapena, baina gaurkotu behar ditugu, eta sortu diren dinamika hauen aurrean kategoria analitiko berriak barneratu beharko ditugu halabeharrez, nire ustez.

Beste era batera esanda, eta Slavoj Žižek-en hitzak kopiatuz, akaso oker begiratzen ari gara eta giltzak galdu diren lekuan bilatu beharrean, argia ikusten dugun tokian bilatzen ditugu… Alegia, eta neure hitzekin esanda, errealitatea aztertzeko genituen betaurreko zaharrekin jarraitzen dugu eta errealitatea betaurreko horietara egokitzen saiatzen gara, eta ez alderantziz.